KRITIKA. Musika

Partitura berriak

Ivan Monighetti biolontxelo jotzailea, artxiboko irudi batean. EOS.
Arkaitz Mendoza.
2018ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

EuskadikoOrkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andrei Boreiko. Biolontxeloa: Ivan Monighetti. Egitaraua: I. Stravinskiren Hileta kanta eta Maitagarriaren musua, eta R. Straussen On Kixote. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Martxoak 19.

Harrigarria dirudi Igor Stravinskiren partitura berri bat duela hiruzpalau urte aurkitu izana, baina horrela gertatu zen 2015ean San Petersburgoko Kontserbatorioko sotoan. Ziztu bizian estreinatu zen Hileta kanta obra, eta mundu osoko orkestra guztietako artxibo eta agertokietara abiatu da obra. Euskadiko orkestrak asteon ezagutarazi du kutsu erromantikoz zipriztindutako lehen Stravinski hau, eta sorpresa guztiz baikorra izan da. Musika obra motza, xumea harmonia egituretan, baina zoragarria haize egurraren akorde pilaketan eta harizko instrumentuen idaztean. Bere produkzioko lehen obretan, sailkatzeko edertasun eta heldutasun handia azaleratzen du Stravinski gazteak, eta deigarria eta pozgarria izan da inork espero ez zuen aurkikuntza hau. Eskerrik asko Andrei Boreiko jauna!

Boreikoren gidaritzapean orkestrak burutu duen kontzerturik desegokiena izan zen bizi izandakoa. Zehaztasunaren eta trinkotasunaren adibide argia den zuzendari errusiarrak ez zuen musikariengandik ulermen osoa azaleratu, erdibidean geratu ziren partitura asko. Stravinski beraren Maitagarriaren musua-n bi hirukote jokoz kanpo agertu ziren: tronboiak eta oboeak. Afinazioan zalantzati, eta hiruren soinu bateratzean desadostasuna agerian. Konpasaren pultsuan bertan sentitzen ez diren erritmoak bere lekuan kokatzearekin lan dezente izan du orkestrak, interpretazioaren sakontasunean murgildu gabe. Obra jo egin zen, kito. Gainera, esku-egitarauan orkestra kideen izenak guztiz aldrebes, harmailetan zeuden batzuk paperean iragarrita, eta berria zen baten bat aipatu ere egin gabe; horrela ezin biolontxelo bakarlariaren izena zabaldu —edo Straussen lanean aritu zen tronpa bakarlariarena, haren egitekoa azpimarratzekoa izan arren.

Azkenik, Richard Straussen On Kixote poema sinfonikoa jo zuten, pertsonaia honen nondik norakoak gardentasun itzelez deskribatzen dituzten musika nota interesgarriekin. Ivan Monighetti biolontxeloan hotz hasieran, eta soinu inguratzaile ederrean amaieran. Orkestrako biola bakarlaria den Delphine Dupuy txalogarri, Monighettiren soloei aurrez aurre erantzuten, izaera handiko musikari bat dela jakinaraziz, Hileta kanta-rekin batera kontzertuko unerik distiratsuenak eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.