KRITIKA. Telefilma

'Brexit'-aren aldeko botoen bila

Benedict Cumberbatch aktoreak Vote Leave kanpainaren zuzendari Dominic Cummingsen rola jokatzen du. HBO.
urtzi urkizu
2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

'Brexit: The Uncivil War'

Zuzendaria: Toby Haynes. Aktoreak:Benedict Cumberbatch, Rory Kinnear, John Heffernan, Liz White, Kyle Soller, Lee Boardman, Oliver Maltman, Jay Simpson. Iraupena: 120 min. Generoa: Drama. Herrialdea: Erresuma Batua. Non ikusi: HBO España.

Channel 4 kateak joan den astean estreinatu zuen, eta Hego Euskal Herrian HBOren streaming plataforman ikus daiteke Brexit: The Uncivil War telefilma. Interes handiz eta erraz jarraitzen zaio istorioari, drama erakargarria da bere osotasunean, baina James Graham gidoilariak —1984 filma— eta Toby Haynes zuzendariak —Black Mirror eta Doctor Who-ren hainbat atal zuzendu ditu— ondutako lanak baditu zenbait tranpa: Dominic Cummings protagonista eta Vote Leave kanpainako (Europako Batasunetik ateratzearen aldekoa) zuzendaria Erresuma Batuko parlamentuan galdera batzuei erantzuten agertzen da telefilmean, eta halakorik ez zen inoiz gertatu. Uko egin baitzion agerraldia egin eta galderak erantzuteari. Ez da hori txantxetako kontua, telefilmak Cummingsekiko enpatia lortu nahi baitu etengabe.

Benedict Cumberbatch aktorearen interpretazio apartak eragin nabarmena du telefilmaren azken emaitzan eta pertsonaiarekiko sor daitekeen atxikimenduan. Aldiz, Europan gelditzearen aldeko kanpaina daramaten pertsonaien marrazketa askoz ahulagoa da. Soilik eszena batean ageri dira aurrez aurre Cummings eta Europan gelditzearen aldeko kanpainako arduradun bat. Agerikoa da: telefilmaren funtsa Cummingsen garaipena nola garatuz joan zen islatzea da. Eta aurkarien ahuldadea albo batera utzita, une oso interesgarria —are interesgarriago landu zitekeena— Interneteko datuen erabilerarekin kanpainan egin zituzten trikimailuena da. Steve Bannonen pertsonaia ez da gehiegi azaltzen telefilmean, baina haren parte hartzeak —Facebookeko profilen manipulazioaren bitartez— erreferendumean eragina izan zuela iradokitzen da; Cummingsek berak trikimailu horri ematen dion garrantzia ondo jasotzen da.

Pelikularen izaera tranpatian sar daitezke, halaber, Nigel Farageren eta Arron Banksen karikaturak. Cummingsek mespretxatu egiten ditu, eta haien mezuek gizartean ez zutela eraginik izan pentsa dezake filmaren ikusleak. Zalantzan jar daitekeen marrazketa da hori ere; ameskeria da pentsatzea atzo bertan Faragek egin zituen adierazpenei ez diela inork arreta jarri.

Dena den, tranpa, gezur, karikatura eta desitxuratze guztiak aintzat hartuta ere, telebistarako pelikula oso entretenigarria da Brexit: The Uncivil War. Garai aproposean estreinatu dute, eta puri-purian dagoen gaurko gai bati ausardiaz heldu. Ez legoke batere gaizki halako saialdiak Euskal Herrian egingo balira: gaur-gaurko gai politiko bati heldu, erdi ezkutuan egon den pertsona batean sakondu, eta aktore on batzuekin, soineko fin batean jantzi. Talentua badago horretarako, ausardia eta borondatea baleude, behinik behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.