Elurtea

Ateak itxi ditu elurrak

Kostalderaino heldu da elurtea, eta arazo handiak sortu dira garraioan. Bi lagun hil dira: bat, Galdakaon, kalean irrist egin eta kolpe bat hartuta; bestea, Arbonan, autoan ondoeza izanda. Elurraren ondoren, hego haizea iritsi da: 17 gradu gaur
Abandoko Renferen tren geltokia, jarduna etenda, atzo goizean. Errail batzuk elurpean geratu ziren.
Abandoko Renferen tren geltokia, jarduna etenda, atzo goizean. Errail batzuk elurpean geratu ziren. MIGUEL TOÑA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2018ko martxoak 1

Bete egin da iragarpena: elurtea kostalderaino heldu zen atzo goizaldean, garraiobideetan mugimendu handiena izaten den garaian. Euskal Herri osoa elurtuta argitu zuen egunak, eta garraioan arazoak sortu ziren: bai errepidean, bai trenbidean, bai aireportuan, bai bizikletan eta oinez ibiltzeko ere. Bi lagun hil ziren. Galdakaon (Bizkaia), 65 urteko gizon batek irrist egin zuen kalean, eta hil egin zen, hartutako kolpearen eraginez. Arbonan (Lapurdi), 65 urteko andre bat topatu zuten autoan hilda; errepide bazterrean zegoen autoa, elurtean geratuta. Ondoeza egin zitzaiola uste dute.

Eguneroko jardunean geldialdi bat egitera behartu zuen elurrak. Goizean goiz, eragozpen handiak sortu ziren errepide sare nagusian, eta zirkulazioa eten egin zuten tarteka: bai elurra lodi ari zuelako, bai errepidean gurutzatuta zeudelako ibilgailuak. Zirkulazio handiko errepideetan nozitu zituzten arazoak: N-1ean Gipuzkoan eta Araban, A-8an Bizkaian eta Gipuzkoan, A-63an Lapurdin, A-15ean Gipuzkoan eta Nafarroan, AP-68an Bizkaian eta Araban... Ez autobideetan bakarrik: hiriburuetako sarrera-irteeretan ere berealdiko eragozpenak sortu ziren. Eta zer esanik ez mendateetan eta bigarren mailako errepideetan. Dozenaka itxi zituzten goizaldean.

Auto gidariei ez ezik, kamioiei eragin zien neurriak bereziki: zirkulazioa galarazi zieten goizean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguerdirako kendu zuten debekua, baina ez Pirinio Atlantikoetako Departamentuak. Ondorioa: Biriatuko pasalekuan hamar kilometroko ilarak.

Zerbitzu publikoak

Garraiobide publikoetan ere komeria handiak izan zituzten. Autobusek bai, baina trenek eta hegazkinek ere bai. Trenei dagokienez, atzerapenak pilatu zituzten hainbat ibilbidetan, bai errailetan elurra pilatu zelako, bai azpiegitura batzuk izoztu egin zirelako. Gorabeherak eduki zituzten Gasteizko eta Bilboko tranbiek ere. Bilboko metroak ere bai: batetik, azpiegituretan izandako arazoengatik, eta, bestetik, ohi baino askoz jende gehiago pilatu zelako. Errepideko egoera ikusita, metrora jo zuten herritar askok, eta pilaketak sortu ziren geltokietan.

Aspaldian ez bezalako irudiak izan ziren aireportuetan ere: elurra kentzeko makinak atera behar izan zituzten. Goizean ez zen hegaldirik izan: Loiun, 30 utzi zituzten bertan behera; Miarritzen, bost. Atzerapenak ere izan zituzten dozenaka hegaldik. Gainerako hiru aireportuetan ere bai: Hondarribian, Noainen eta Forondan.

Garraiobideetan halako arazoak izanik, Osakidetzak dei egin zuen presazkoak ez diren mediku kontsultetara ez joateko, eta beste egun baterako txanda hartzeko; programatutako ebakuntzen %10 bertan behera utzi zituzten. Larrialdietako zerbitzuan ez zen aparteko arazorik sortu, Osakidetzaren arabera. Hezkuntza arloan, dozenaka eskola itxi zituzten —adibidez, Bizkaian 131 eskola zarratu zituzten, Jaurlaritzaren arabera—. Zabalik egondako ikastetxe askotan ez zuten ohiko eguna izan, irakasleak eta ikasleak ez zirelako garaiz iritsi. Unibertsitatean, goizez eskolak eten zituzten EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak; arratsaldean hasi ziren jardunean.

Elur hautsa eta haizea

Eguerdi parterako, izan ere, eguraldia aldatu egin zen: atertu egin zuen, eta tenperatura igo egin zen. Aldaketa horrekin, arazoak denbora gutxian bideratu ziren, eta, areago, arratsalde hasierarako elurra desagertua zen kostaldean. Elur hautsa egin zuen, eta erraz kendu zuen. Elur hautsarekin izan ziren gorabeherak eguerdian, hala ere: haizeak harrotuta, elur hautsa errepidera iritsi zen N-1ean Araban, Agurain inguruan, eta errepidea itxi egin behar izan zuten, arriskuagatik.

Haizea izango da datozen egunetan: hego haizea. Tenperaturak gora egingo du, eta uxatuko dira elur kontuak. Hara: Bilbon hamazazpi gradu espero dituzte gaur.

Atzoko elurteari buruzko informazioa gehiago:

"Negu arraroa doa: ipar poloan tenperatura altua dute, eta hotza lekuz mugitu da"

Elur zuria eta kale gorria

Gipuzkoa. Ohitu gabe daudenek nabaritu dute gehien

Nafarroa. Beratik Vianaraino, lurralde osoa hartu du elurteak

Araba. Izotzak zaildu du egunerokoa, eta ezinezko egin du haizeak

Ipar Euskal Herria. Goiz bakarra, baina goiz konplikatua bideetan

Bizkaia. Bilboko erdigunean ere kateak erabili behar izan dituzte

'Selfie' bat, oroimenean gordetzeko

Zuritasun parentesi bat

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ezinbesteko arrazoiengatik ez bada, ezin da Nafarroatik irten edo hara sartu. Irudian, foruzainen kontrola, atzo, Beran. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek

Joxerra Senar

Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin
 ©JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

«Ahalegin kolektibo bat egin behar da»

Gurutze Izagirre Intxauspe

Egoera kezkagarrian dago Gipuzkoa. Neurriak zorrotz betetzera dei egin du bozeramaileak.

Izurria ZIUei erasaten ari da: 112 gaixo daude gaur egun

Irati Urdalleta Lete

Beste 1.676 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, eta 708 lagun daude erietxeratuta. Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dira berriz

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna