Martxoak 8: greba feminista

Planto, mugitzeko

Mugarri bat ezarri du mugimendu feministak grebarekin: inoiz ikusi gabeko mobilizazioa aktibatu du Euskal Herri osoan. Kalean egindako indar erakustaldia «bide luze baten abiapuntua» izatea nahi du

Udaletxe atarian amaitu ziren Bilboko mobilizazioak eguerdian eta iluntzean. Berealdiko jendetza elkartu zuten. Emakume gazte askok parte hartu zuten protestetan.
Udaletxe atarian amaitu ziren Bilboko mobilizazioak eguerdian eta iluntzean. Berealdiko jendetza elkartu zuten. Emakume gazte askok parte hartu zuten protestetan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

Jon Fernandez -

2018ko martxoak 9

Harrotasuna sentitu eta plazaratu dute. Poza, aldarria, duintasuna eta indarra. Batez ere, indarra. Milaka eta milaka emakumek Euskal Herriko kaleak leporaino bete zituzten atzo, munduko hamaika bazterretan bezala, mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitutako grebarekin bat eginez. «Mundua gelditzeko» egin zuten planto, eta erakutsi zuten gizarteak ez lukeela funtzionatuko haiek barik. «Badakigu emakumeok ezinbestekoak garela, mundua gelditzeko gai garela». Gizartea benetako berdintasunerantz mugiarazteko gelditu ziren. Indar erakustaldi erraldoia izan zen, baita indarra hartzeko abagunea ere. Planto egin arren, feminismoa «mugimendua» dela esan zuten, eta grebak hauspotutako ahalduntzeak balioko duela atzoko mugarria «bide luze baten abiapuntua» izateko. Bideoa: Samara Velte BERRIAko kazetaria (BerriaTB, 2018-03-09).



«Arrakasta» izan da greba. «Historikotzat» jo dute deitzaileek. Ez da greba klasiko bat izan, kontzeptu hori gainditu baitu mugimendu feministak. Lau arlotan egin dute planto emakumeek: zaintzan, kontsumoan, hezkuntzan eta lan arloan.

«Hau ez da defentsarako greba hutsa», nabarmendu zuten euskal hiribuetan iluntzean irakurritako manifestuetan: «Eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoak dauzkagu». Alternatiba feminista bat lortzea da mugimenduaren helburua. Berdintasuna hezurmamitzea.

Ezetz esateko egin dute greba. «Hitz jario ustelekin eta ekintza eskasiarekin nekatuta gaudela esateko. Argi uzteko diskurtso hutsalak ez zaizkigula jadanik baliagarri». Nahikoa dela ozen esateko bete zituzten eguerdian eta, bereziki, iluntzean hiriburuak. Baina baita herri asko ere. Iruñean mukuru egon zen Sarasate plaza eguerdian, eta arratsean Gaztelu Plazatik udaletxera bidea kolapsatu egin zen; Donostian, Bulebarrak gainez egin zuen eguerdian, baita ilunabarrean ere; Andre Maria Zuriaren plaza txiki gerartu zen Gasteizen, 23.000 pertsonatik gora bildu baitziren, antolatzaileen arabera; eta Jesusen Bihotzetik udaletxera bidea bete egin zen Bilbon. 50.000 pertsonatik gora bildu ziren, udaltzaingoaren arabera.

Jendetza txikiagoa izan zen Baionan: 400 pertsona inguru bildu ziren herriko etxeko plazan eta inguruko karriketan egindako manifestazioan. Ipar Euskal Herrian bereziki euskalgintzan izan du eragina greba feministak. Bernat Etxepare lizeoan, emakumeak ez ziren eskolara joan, eta zeinbat ikastola itxi zituzten grebaren eraginez.

Donostian, Artzain Onaren katedralaren parean gerritik gora biluztu ziren 15-20 emakume inguru eguerdian, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren adierazpenei erantzuteko, zeinak asteon esan baitu feministek «deabrua barruan» daramatela. Gainera, Donostiako gotzaindegiaren webgunea hackeatu zuen atzo Anonymouseko Bederatzia kolektiboak. Arratsean, manifestazioa katedral aurretik igarotzean, txistu hots handia egin zuten manifestariek.

Gasteizen, bestalde, Gizarte Segurantzaren eraikinean sartu eta itxialdia egin zuten 30 emakumek, «instituzio horrek erdigunean bizitza jar dezan aldarri egiteko, eta ez merkatua».

Istilu eta tentsio une bakan batzuk ere izan ziren atzo. Mugimendu feministak salatu du EHUren Bizkaiko campusean, Leioan, Medikuntzako Fakultateko Kirurgia ataleko irakasle batek bi ikasle jo zituela makila batez, kalejiran zebiltzala. EHUko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, prozedura informatibo bat ireki du, gertatutakoa argitzeko. Bestetik, Iruñean, gainontzeko hiriburuetan bezala, denda handietara jo zuten emakume talde batzuek osatutako piketeek. Tentsio uneak izan ziren, Espainiako Poliziak Corte Ingleserako sarrera ukatu zielako.

«Uholde berria osatzen»

Pankartaz, amantalez, pintaketaz eta kolore morez josi zituzten emakumeek kaleak, ikastetxeak, dendak zein etxeetako balkoiak. Jai giroa nagusi, baina aldarrikapena lehen lerroan. Zapalkuntzak zerrendatu zituzten han-hemengo ekitaldietan, gizartearen «berdintasun sentsazio faltsua» apurtzeko. Gogoratu zuten, besteak beste, Hego Euskal Herrian emakumeek, batez beste, gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen dutela urtean; zaintza lanetan dabiltzanen erdiak baino gehiago emakume atzerritarrak direla; egungo sistemak «indarkeria ekonomikoz» jazartzen dituela emakumeak; eta eskoletan emakumeek historian hainbat arlotan egindako ekarpenak «ukatu eta ikusezin» bihurtzen dituztela, eta genero rolak betikotzen eta indartzen dituztela.

Emakumeen aniztasuna aldarrikatu zuten, halaber: «Emakumeak askotarikoak gara: bollerak, transak, gazte eta zaharrak, lodiak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala dugunak, migranteak eta errefuxiatuak. Eta argi daukagu emakume guztiak ez gaituztela era berean zapaltzen».

Aurtengo Martxoaren 8a «izugarria» izan bada ere, fokua atzoraino egindako bidean jarri du mugimendu feministak: «Prozesua modu ireki eta deszentralizatuan egin dugu, aniztasuna oinarri, talde eta norbanako askorekin elkarlanean: belaunaldi, jatorri edota kultura politiko ezberdinetakoak elkartu gara».

Eta, bereziki, gaurtik aurrerakoan jarri du begirada Euskal Herriko mugimendu feministak: «Tantaz tanta, uholde berria osatzen ari gara. Bihartik aurrera mugimendu feminista indartsuagoa edukiko dugu». Mugarria izan da greba, deitzaileen ustez, «aurrera jarraitzeko eta askoz bide luzeago bat ibiltzeko inflexio puntua».

Sistema «kapitalista, arrazista eta heteropatriarkalak» emakumeak menpean hartu eta zapaldu egiten dituela eta, mugimendu feministak berretsi du ez duela asmorik gelditzeko gizarte eredua goitik behera aldatu arte. «Historiak baimendu ez digun lekua hartuko dugu».

Aulki hutsak ganberetan

Lan arloan deitutako lanuzteek eragin handia izan dute sindikatuen esanetan. Launa orduko bi geldialdi antolatu zituen mugimendu feministak: 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara. Gainera, zenbait sindikatuk 24 orduko lanuzteetara deitu zuten. Bereziki sektore feminizatuetan igarri zen lanuztea, ELAko ordezkari Leire Txakartegiren arabera: hezkuntzan, eskoletako jangeletan, zahar etxeetan, administrazio publikoan, garbiketa sektorean, kontserba fabriketan, merkataritzan, telemarketinean eta komunikabideetan.

Zaloa Ibeas LABeko ordezkariak, bestalde, instituzio batzuen «hipokrisia» salatu zuen, «ezarritako zerbitzu minimoak abusuzkoak izan zirelako». Kasu batzuetan, haren ustez, langileen greba eskubidea urratzerainokoak. Eusko Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen garraioan, ospitaleetan jaiegunetan bezala lan egin zuten, eta zahar etxeetan %70eko gutxieneko zerbitzuak jarri zituen.

Gasteizko gobernuaren arabera, greba feministak %22 inguruko jarraipena izan zuen sektore publikoan. Kontuan izanik EAEko sektore publikoko langileen %68 emakumeak direla, Jaurlaritzaren arabera, hiru langiletik batek egin zuen greba. Haurreskolak partzuergoan, aldiz, ia %44koa izan zen jarraipena. Nafarroako Gobernuak gaur emango ditu datu osoak.

Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarretan irudi ezohikoak ikusi ziren atzo. Eusko Legebiltzarreko 23 eserleku hutsik geratu ziren: EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko legebiltzarkide emakumeenak. Nafarroako Parlamentuaren ere aulkiak hutsik utzi zituzten UPNkoek eta PPkoek ez gainontzeko alderdietakoek. Aulki hutsak, mugitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna