Altsasuko auzia. Epaiketa

Oroimen selektiboa eta kontraesanak azaldu dituzte bi guardia zibilek

Auzipetu denak Koxka tabernan edo inguruan kokatu dituzte, baina ez dute argitu ez zergatik uko egin zioten Foruzaingoaren aurrean deklaratzeari, ez zergatik aldatu zuten hasierako deklarazioa. Bideoanalisia artikuluaren amaieran.
Kazetari bat, herenegungo auzi saioari adi, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan.
Kazetari bat, herenegungo auzi saioari adi, Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. FERNANDO VILLAR / EFE

Joxerra Senar - Berriemaile berezia

2018ko apirilak 18
Epaiketako lehen egunarekin alderatuta, bigarrena erabat diferentea izan da, eta atzo deklaratu zuten bi guardia zibilek orain arteko bertsio ofiziala berretsi zuten. Sarjentuak, tenienteak eta bikotekideek urriaren 15eko goizaldean Koxka tabernan edo inguruan kokatu zituzten zortzi auzipetuak, baina zalantza batzuk ez zituzten argitu. Gau hartako eta ondorengo egunetako zertzelada ugari ez zituzten oroitzen. «Ez dut gogoan, eta deklarazioan hala esan banuen, berresten dut», etengabe errepikatu zuen tenienteak, gidoitik atera gabe. Bi guardia zibilak ez ziren gauza izan azaltzeko zergatik egin zuten beste deklarazio bat azaroaren hasieran, edo zergatik uko egin zioten Foruzaingoaren aurrean deklaratzeari. Eta, hala ere, kontraesan batzuk azaleratu ziren.

Bi guardia zibilek nabarmendu zuten euren bizitza arriskuan ikusi zutela. «Kolpeak toki guztietatik zetozen. Nire bizitza arriskuan ikusi nuen», adierazi zuen tenienteak. Biek aipatu zuten tabernatik atera zirenerako «nahasita» zeudela, kolpeen ondorioz. Koxkatik kanpo, tenientea lurrean zerraldo zegoen, «ezagutza galtzeko gertu». Eta, hala eta guztiz ere, bi telefono dei egin zituen, haietako bat 062ra: «Badakit Koxkan nengoela esan nuela, baina, hain nengoen zorabiatuta, galdu egin bainuen besteak zer esan zidan entzuteko ahalmena».

Era berean, Koxkara iritsi aurretik, laurek Maria Jose Naranjoren gurasoen tabernan afaldu zuten. Tenientearen arabera, berandu joan ziren hara, lana amaitu ostean; sarjentuaren arabera, berriz, «20:00ak eta 21:00ak artean». Bitarte luze horretan, afarian ezer edan izana ukatu zuten guardia zibilek. Dena den, Naranjok esan zuen «garagardoren bat» edan zutela. Afaloste luze horren ostean joan ziren Koxkara, 02:30ean. Han, konbinatuak eskatu zituzten. Tenientearen arabera, ez zeuden mozkor, eta ez zuten erasoa probokatu.

Tabernan aurkako begiradak nabari zituztela azaldu dute. Eta gazte batek ea poliziak ziren galdetu ziela. Dena den, Maria Jose Naranjo tenientearen bikotekidearen arabera, ordubete baino gehiago egin zuten tabernan, parrandan. Naranjoren arabera, liskarra Jokin Unamunoren ondorioz hasi zen, tabernan sartu eta sarjentuaren aurka oldartu baitzen. «Berak hasi zuen dena. Beragatik gaude gu guztiok hemen; bestela, ez geundekeen», esan zuen Naranjok.

Liskarrean zenbatek parte hartu zuten ez ziren bat etorri lekukoak. Tenientearen arabera, Koxka barruan «20-25 pertsonak» eraso zieten, eta, kanpoan, beste horrenbestek; sarjentuaren arabera, berriz, «bozpaseik» parte hartu zuten. Naranjoren arabera, «hogei inguru» izango ziren. Amaieran, «taberna guztiak» parte hartu zuela zioen: «Modu batera edo bestera, guztiek parte hartu zuten. Jazartzea ez da soilik kolpeak ematea. Jazartzea guri ez laguntzea ere bada, iraintzea edo jotzeko animoak ematea».

Tenienteak lau auzipetu identifikatu zituen erasotzaileen artean, eta sarjentuak, zazpi. Ainara Urkijok ez zuela zuzenean parte hartu esan zuen. Hala ere, deklarazio gogorrena Maria Jose Naranjorena izan zen. Iñaki Abad eta Ainara Urkijok liskarrean parte hartu zuela ukatu zuen. «Ia» ziurtzat jo zuen Aritz Urrizolak parte hartu zuela. «%90ean ziur nago parte hartu zuela, baina salaketa jarri dut erabat ziur nagoen pertsonen aurka. Lekukoen artean badira %90ean parte hartu zutela uste dudan pertsonak, baina horregatik ez ditut salatu». Beste bikotekideak, Pilar Perezek, esan zuen «pertsona gehiago» izan zirela. «Hor zeuden denak identifikatzeko gauza izan nahiko nuke».

Lekukoek bi deklarazio egin zituzten: bata erasoa izan eta ordu gutxira —tenientearen kasuan, ebakuntzaren ostean—; bigarrena, azaroaren hasieran. Guztiek Guardia Zibilaren aurrean egin zuten, eta Naranjok soilik Foruzaingoaren aurrean. Tenientea foruzainekin hitz egitekoa zen igandean, baina azkenean uko egin zion. Amaia Izko abokatuak galdetu zion zergatiaz: «Ez dago arrazorik. Zer arrazoi uste duzu zuk?», oldartu zitzaion. Tenienteak ospitalean Arsenio Fernandez de Maza Guardia Zibilaren zuzendari nagusiaren bisita jaso zuen, eta horrek zerikusirik izan al zuen galdetuta, ukatu egin zuen. «Nire osasun egoeraz kezkatu zen, ez nuen agindurik jaso. Ezin du egin».

Defentsaren galderek tenientearengan ahanztura eragin zuten. Ez zen gauza izan erantzuteko, noiz egin zituen argazki identifikazioak, adibidez. Deklaraziora mugatu zen. «Ia urtebete» zeraman teniente gisa, kuartelaren arduradun. Altsasuko herriari zerbitzua eman nahi ziola aipatu zuen, baina onartu zuen orain egoera okertu dela. Era berean, aipatu zuen Altsasuk «giro bitxia» duela eta aurreko asteetan indarkeriak gora egin zuela. Xehetasunetan sartu gabe, aipatu zuen «pankarta batzuk jartzea» edo «alde hemendik» oihukatzea. Haatik, tenientea kexatu egin zen «galdu» dituelako Euskal Herrian egoteagatik guardia zibilek jaso ohi dituzten «pribilegioak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna