Zerga bilketa handia iragarrita ere, «zuhurtzia» eskatu dute erakundeek

Espero baino 315 milioi euro gehiago batuko dituzte ogasunek aurten. Heldu den urtean ere bildutako diru kopurua %3,8 handituko dela kalkulatu dute

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 12
Krisia atzean utzi du zerga bilketak. Datorren urtean, lehen aldiz, 15.000 milioi eurotik gora bilduko dituzte zerga bidez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek. Ekonomia indartsu baten seinaletzat har liteke kopuru hori, baina agintari politikoen mezuan hitz bat gailendu da besteen gainetik: zuhurtzia. Zerga bilketaren emaitzak eta aurreikuspenak onak dira, baina hazkunde erritmoaren moteltze bat badator, eta bolada ona arriskuan jarriko duten mehatxuak azaleratu dira, bereziki nazioarteko ezegonkortasunari lotuta.

Finantzen Euskal Kontseiluak bilera egin zuen atzo, Gasteizen. Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta Eudel batzartu ziren aurtengo zerga bilketaren itxiera aurreikusteko, eta heldu den urteko aurrekontuak egiteko erabiliko den kalkulua zehazteko. Familietan ere ez dira errazak diruari buruzko eztabaidak, baina desadostasunak aiseago kitatzen dira sosak badaudenean, eta aspaldiko bilerarik laburrena izan zen.

Aurten zerga bidez 14.706 milioi euro bilduko direla aurreikusi dute ogasunek. Aurreikusitakoa baino %2,2 gehiago da, eta iazko itxiera baino %1,6 gehiago. Dirutan, espero baino 315 milioi euro gehiago eskuratuko dituzte. Lorpen adierazgarria da, kontuan hartuta joan den urtean aparteko 600 milioi eskuratu zituztela EAEko administrazioek, kupoaren inguruko desadostasunak bideratzeko akordioari esker, aurten berriz gertatuko ez dena. Kupoaren efektu hori ezabatuta, zerga bilketa %6,8 handitu da urte batetik bestera.

Bi dira igoera horretatik tiraka egin duten faktoreak. Batetik, sozietate zergaren araudi aldaketa dago. Aurten hasita, hurrengo urtean pagatu beharreko fakturaren parte bat kontura ordaindu behar izan dute enpresek. Hau da, dirua aurreratu behar izan dute, azaroan. Horren ondorioz, irabaziei ezarritako zergak iragarritakoa baino %16 gehiago bilduko du. Errenta zergak ere hazkunde adierazgarria izan du: %3,7 gehiago. Aldiz, BEZaren ekarpena txikiagoa da, kupoaren itzulketa zerga horren bidez egin zelako.

Urte amaierako itxieran berresten bada, bilketaren hazkundeak arnasa emango die administrazioei. Jaurlaritzak esana du aparteko baliabide horiek erabiliko dituela kontuak orekatzeko. Hau da, urtea defizit publikorik gabe amaitu nahi du. Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak ez du baztertu diruaren parte batekin inbertsio batzuk egitea urtea amaitu baino lehen, iaz egin zen modura.

Heldu den urterako bilketaren aurreikuspena ere adostu dute erakundeek. Orotara, 15.265 milioi bilduko dituztela kalkulatu dute. Aurtengo iragarpenarekin alderatuta, %3,8 gehiago izango litzateke. Igoera esanguratsua da, hazkundea motelduko dela kontuan hartuta. Kopuru hori justifikatu du Azpiazuk, argudiatuta BPG nominalak izango duen igoeraren parekoa dela.

Igoera hori BEZaren, zerga berezien eta fabrikazio zergen hobekuntzan oinarritu dute. Zuzeneko zergetan, emaitza aurtengoaren antzekoa litzateke. Igoera txiki bat errenta zergan, eta jaitsiera sozietate zergan. Kontuan hartu behar da sozietate zergaren tasari lau puntuko murrizketa ezartzea adostu zutela EAJk, PSEk eta PPk. 2019an enpresen irabaziei jarritako zergarekin aurten baino 50 milioi gutxiago bilduko direla uste dute.

Bilketaren parte handiena Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratuko da. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aurten baino 623 milioi euro gehiago bideratuko dituzte eskumen komunak ordaintzera. Diru horri esker espero du Azpiazuk kontuak orekatuta ere aurrekontua aurrera ateratzea ahalbidetuko dion akordioren bat lortzea.

Sailburuak ziurtatu du «aurtengoa baino hobea» izango dela heldu den urteko proiektua. Inoiz baino lehenago hasi ditu hartu-emanak oposizioarekin, Eusko Legebiltzarrean falta zaion babesa eskuratzeko asmoz. Talde guztiei ohartarazi die «soilik aurrekontuei buruz» negoziatuko duela, eta ez duela bestelako edukirik onartuko mahaian.

Azpiazuk badaki oso zaila dela PPrekin lortutako akordioak berritzea, eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen eskaintzek ez dute liluratu, baina ez du itxaropena galdu nahi, jendaurrean behintzat: «Ogasun sailburu batek baikorra izan behar du, eta, ez denean ere, baikorra dela esan behar du».

Teilatua konpontzea

Oraingoz, 2019. urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia %2,3 haziko dela aurreikusia du Eusko Jaurlaritzak, aurten baino puntu erdi gutxiago. Petrolioaren prezio igoera, eta interes tasen gorakada aipa daitezke balizko mehatxuen artean, AEBetako Gobernuak hauspotutako gerra komertzialarekin batera.

Ziurgabetasun horiek islatu dira foru aldundiek bilketaren emaitzari buruz emandako iritzietan. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak uste du inbertsioari eta obra publikoari astindu bat emateko garaia dela, egoera ekonomikoa okerrera egin baino lehen. «Teilatua udan konpondu behar da, eguzkia dagoenean», arrazoitu du.

Barrura begira, Ekarpen Legea eguneratzeko lana egin gabe du oraindik Finantzen Euskal Kontseiluak. Aurretik ere epemugak ezarri dituzte, eta ez dira bete, baina Ogasun eta Ekonomia Sailak ziurtatu du urtea amaitu baino lehen proiektuaren lehen zirriborroa edo aurreproiektua aurkeztu ahalko duela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna