Aireportuak. 2018ko trafikoa

Lehen aldiz, zazpi milioi bidaiaritik gora garraiatu dituzte aireportuek

Airebide berriekin, bidaiari hazkunde handiak izan dituzte Forondak eta Noainek. Miarritzen eta Hondarribian izan ezik, lurreratzeen eta aireratzeen kopurua ere handitu da

Irune Lasa. Iker Aranburu
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bidaiarien aire garraioak gorantz jarraitzen du munduan, eta Euskal Herria ez da salbuespena. NAZE Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeak emandako datuen arabera, aire konpainiek iaz 4.300 milioi bidaiari garraiatu dituzte mundu osoan orotara. Euskal Herriko aireportuek ere goranzko joera bera izan dute, eta, lehen aldiz, zazpi milioi bidaiarien marka hautsi dute. Zehazki, 7,3 milioi lagunek erabili dituzte, iaz baino ia 600.000 lagun gehiagok (+%8,8).

Trafiko horren hiru laurden Loiutik igarotzen dira. Euskal Herrian gehien erabiltzen den aireportuak %10eko hazkundea izan du bidaiarietan —ia milioi erdi bidaiari gehiago—, lehen aldiz eta aise gaindituz bost milioi bidaiarien marka. BilbaoAir-en arabera, airebide berriak egotea eta zenbait lineatarako lehiakide bat baino gehiago egotea dira hazkunde horren arrazoi nagusiak. Viena, Jerez, Stockholm, Malta eta Palermorako airebideak ezarri dira aurten, eta, iazko urte bukaeran, Granadarakoa. Airebide berri horiekin soilik, Loiuk 122.874 bidaiari gehiago izan ditu.

Hegaldi gehiago aurten

Hasi berri den urterako, gainera, airebide berriak izango dira Loiun: Voloteak lau toki gehiagotara egingo du hegan udan: Alacant, Napoli, Porto eta Coruña. Vuelingek gauza bera egingo du Florentziarekin. EasyJetek hegaldi zuzena izango du Naonedera; eta Ryanair Bizkaira itzuliko da, Londresko Southend aireporturako hegaldiarekin. Hori bai, apiriletik aurrera ez da hegaldi zuzenik izango Loiutik Heathrow-ra, British Airwaysek helmuga Gatwickera aldatuko baitu. Gehien erabiltzen direnen artean hamargarrena da Heathrowkoa: iaz 167.000 lagunek erabili zuten.

Haren aurretik geratu dira Madrilera (811.000), Bartzelonara (632.000) eta Munichera doazenak (302.000).

Airebide horietako bakar baten trafikoarekin, urtea beteko lukete AENAren menpeko beste euskal aireportuek. Bidaiari askoz ere gutxiagorekin dabiltza Foronda, Hondarribia eta Noain, baina horietan nabarmentzekoak dira Arabako eta Nafarroako aireportuek bidaiarietan aurten lortutako hazkundeak. Forondak, adibidez, %67ko hazkundea izan du garraiatutako bidaiarietan, 55.000 gehiago hartuta. Ryanairren itzulerak bizi berria eman dio Arabako aireportuari azken hiru urteetan. Hegaldi kopurua handitzekoa da aurten —apiriletik aurrera Koloniara eta Palmara ere joan ahal izango da Gasteizko aireportutik—, eta handitu beharko luke bidaiarien kopurua ere. Aurreikuspena beteko balitz, eskura izango lituzke krisi aurreko markak: 2006an eta 2007an 173.000 bidaiari igaro ziren Forondatik.

Garai bateko kopuruetara aurten itzultzea ezinezkoa izango zaio, berriz, Noaingo aireportuari. Izan ere, 2007. urtean milioi erdi lagun igaro ziren Nafarroako aireportutik, baina, krisiaren ondorioz, hegaldi gehientsuenak galdu zituen, eta 2014.urtean hondoa jo zuen, 138.000 bidaiarirekin. Orduz gero, terminal berrituarekin, suspertu egin da trafikoa, eta 205.503 bidaiarira iritsi zen iaz. Igoera ikusgarria da (+%24,1), eta Lufthansak Iruñea-Frankfurt lotura egitearen ondorio da. Negozioetako bidaiari asko erakarri ditu hegaldi horrek, eta, horregatik, martxotik aurrera, astean lau egun izan ordez, egunero izango da.

Goranzko joerari eusten dio Hondarribiak ere: 289.444 erabiltzaile iaz, 2017an baino %2,3 gehiago. Hori bai, mugimendu gutxiago izan ziren iaz, 6.415 hain zuzen ere (-%7,4).

Hegaldiak gutxitu dituen Euskal Herriko beste aireportua Miarritze da: 10.761 (-%4,9). Baina pixka bat beteago joan dira hegazkin horiek, bidaiarien jaitsiera oso txikia izan baita (-%0,62). Pariserako hiru hegaldiek dakarte trafikoaren %58.

Forondak egun osoko jarduna berreskuratuko du udaberrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.