AKORDIOAREN FUNTSA

«Gehiago eta hobea» denean

2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lau atal nagusi ditu EAJ-PSE akordioak, eta atal bakoitzean berbera da helburua: «gehiago eta hobea».

EKONOMIA ETA ENPLEGUA

Gobernu akordioaren lehen puntuak dio enplegua sortzea izango duela lehentasun Jaurlaritza berriak. Enplegurako eta Suspertze Ekonomikorako Programa Markoa onartuko dute, langabezia tasa %10etik behera uzteko asmoz. Eustaten arabera, Gipuzkoak gainditua du tasa hori (%9,9), baina urrun daude Araba (%13,9) eta Bizkaia (%14).

Lanbide. «Berritu» egingo dute, langabeei lana bilatzen laguntzeko eraginkorrago izan dadin. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketaren zati bat Lanbideri kentzea aztergai izan da azken hilabeteotan, baina agirian ez da aipatzen.

Elkarrizketa soziala. Organo iraunkor» bat sortuko dute, «elkarrizketa sozialean parte hartu nahi duten eta ordezkaritza handiena duten sindikatu eta patronalekin».

Gizarte Segurantza. Gobernu berriak eskatuko du Gizarte Segurantzaren politika pasiboak eta erregimen ekonomikoa Jaurlaritzaren esku uztea. Hau da, dirua banatzeaz Jaurlaritza arduratzea.

Industria politika. Gaur egungo ildoei eutsiko die Gasteizko gobernu berriak, industriak BPGaren %25eko pisua berreskuratzeko helburuarekin. Industria proiektu «estrategikoak» laguntzeko, 250 milioi euroren funts publiko-pribatu bat sortuko du Jaurlaritzak.

I+G. RIS3 Euskadi estrategiarekin jarraituko dute. I+Grako aurrekontu publikoa urtero %5 igotzeko konpromisoa berretsi du, helburu batekin: BPGaren %3 inbertitzea I+Gn —%1,84 izan zen, 2015ean—.

Kupoa eta defizita. Defizit publikoa murriztu eta zor publikoa egonkortuko dutela ziurtatu dute, «politika sozialei eta oinarrizko gizarte zerbitzuei eragin gabe». Behingoz itxi nahi dute Espainiako Gobernuarekin kupoa dela-eta irekitako gatazka. 1.600 milioi euroren desadostasuna dago egun.

ZERBITZU PUBLIKOAK

Euskara. Hizkuntza politikari buruzko hiru atal ditu itunak. Lehena, euskaltegiei buruzkoa: B2 mailara arte, egungo doakotasun sistema zabalduko dute —ikasleak dirua aurreratu, eta, gaitasuna lortzen badu, itzuli—. Bigarren neurria sustapenari dagokio: Interneten eta gailu digitaletan euskara hedatzea. Eta hirugarrena lankidetzari buruzkoa da: Nafarroako Gobernuarekin eta EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlana egin nahi dute, eta Espainia eleaniztuna dokumentua sinatu zutenekin ere bai. Kanpainan polemika jarri zuen auziak, hizkuntza eskakizunenak, aipamen bat soilik du: «gaurkotu» egingo dituzte hizkuntza soslaiak. Akordioaren printzipioetan esan dute: «Euskara Euskadiko berezko hizkuntza da; ez da bakarra, baina guk soilik daukagu».

Hezkuntza. Hezkuntzako lege berria egitea adostu dute: «kontsentsuzkoa eta integratzailea». Sare publikoaren «rol funtsezkoa» jasoko dute hor. Hizkuntzei dagokienez, ingelesa indartu nahi dute. Ez dute ereduen sistema aldatuko, baizik PSE-EEk erabilitakoaren gisako formula hau: «Pixkanaka eboluzionatzea hiru eleko hezkuntza sistemara, euskara izanik ardatz nagusia».

Berdintasuna. Familiaren garrantzia nabarmendu dute, «giza harremanen eta hezkuntza sozial, afektibo eta komunitarioaren gune» den heinean. Urkulluk martxoan iragarri bezala, Familien eta Haurren aldeko Itun bat landuko dute, «aldaketa demografikoari begira» jartzeko. Erantzukidetasun eta kontziliazio neurriak ere badira: Haurreskolak partzuergoaren zerbitzua zabaltzea eta gurasoen ordutegietara moldatzea, eta negoziazio kolektiboan halako neurriak sartzea. Indarkeria matxistari dagokionez, biktimentzako lege bat egin nahi dute. Arta eta koordinazioa hobetzea ez ezik, biktimen erreparazio ekonomiko eta morala eta aitortza soziala izango du xede.

Etxebizitza. Etxebizitza eskubide subjektiboa onartu dute —hala izendatzearen aurka agertu izan da EAJ—. Eskubide hori garatzea erabaki dute —EAEko Etxebizitza Legean ageri da—, «baliabide ekonomiko nahikorik ez dutenek etxebizitza duina eskura izan dezaten bermatzeko». Alokairua «lehenestea» ere onartu dute, besteak beste, hutsik dauden etxeak mugiaraziz.

Azpiegiturak. Renferen eta Feveren eskumenak, eta aireportuenak zein portuenak eskuratzea jarri du helburu Jaurlaritza berriak. Tren lasterraren lanei azken bultzada emateko asmoa ere badu, hiriburuetara sartuz; Donostia aldeko Metroan eta Bilboko metroaren 3. linean lanak aurreratu, eta Bilboko eta Gasteizko metroak hedatu nahi ditu. Eta pauso berriak agindu ditu garraiorako billete bakarra ezartzeko, eta Pasaiako badia biziberritzeko.

AUTOGOBERNUA

Akordioan diote Gernikako Estatutua (1979) «Euskadiren ongizaterako eta bizikidetza demokratikorako» tresna baliagarria izan dela. Gaurko estatutua betetzeko exijitzeaz gain —espetxeen eta Gizarte Segurantzaren arloa nabarmendu dituzte—, lege prozedurak betez autogobernua «eguneratzeko» prozesuari ekin nahi diote, eta Eusko Legebiltzarreko lantaldea aktibatzeko konpromisoa dute. Lantaldea eratzen denetik zortzi hilabeterako zirriborro bat idatzita egongo da, EAJk eta PSEk diotenez, eta legebiltzarrean lege proposamen gisa tramitatuko lukete.

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

«Bakea eta bizikidetzaren normalizazioa egonkortzeko» helburua dute, eta ETAren behin betiko bukaeran lagundu nahi dute. Egia, memoria eta justizia oinarri hartuta eraiki nahi dute bizikidetza, «gogoeta plural eta kritiko bat sustatuta».

Egitekoak. «[ETAren] Indarkeriaren bukaera ordenatua» sustatu; biktimen aldeko politika publikoak garatu; 1960-2010 arteko giza eskubideen urraketak argitzeko plana egin; «gizarteratzea» helburu hartuta, espetxe politika egokitzeko eskatu dute; euskal presoak gerturatu eta kartzela politikaren eskumena eskatzen segitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.