Brasil. Bolsonaroren aurkako protestak

Lehenengo erreakzioa

Jair Bolsonarok urtarrilaren 1ean hasi zuen agintaldia. Berehala hasi zen bere muturreko ideologia aplikatzen, baina haren aurkako mugimendu sendo bat sortu da duela hilabete baino gutxiago.

Cecilia Valdez
Buenos Aires
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak Brasilen boterea hartu zuenetik herrialde hori etengabe agertu da nazioarteko hedabideen tituluetan, baina azkenaldian notizia bihurtu da herritarren zati handi bat gobernuaren aurkako haserrea adierazten hasi delako, eta ekonomiaren adierazleek erakusten dutelako BPG Barne Produktu Gordina %0,2 txikitu dela urteko lehen hiruhilekoan, hain zuzen gobernu berria jardunean hasi ondorengo epean. Azken asteetan hiru manifestazio handi egin dira Brasilen; bi murrizketengatik protesta egiteko —gehienbat hezkuntza arlokoengatik—, eta bestea Bolsonaroren alde. BPGaren murrizketak ezerezean utzi du presidenteak kanpainan egin zuen promesa nagusietako bat, ekonomia berriz aktibatzea. «Nik esan nuen ez nekiela ezer ekonomiaz», erantzun zuen, batere lotsatu gabe, hil honen hasieran.

«Brasilgo krisi ekonomikoa aspalditik dator, eta Dilma Rousseffen bigarren gobernuarekin hasi zen», azaldu du Adhemar Mineiro ekonomista eta REBRIP Herrien Integraziorako Brasilgo Sareko aholkulariak. «Ekonomia gelditu zen kutsu liberala zuten hainbat neurri hartu zituztenean; esate baterako, aurrekontu publikoaren murrizketak. Neurri horiek sakondu egin zituen Temerrek, eta ondoren Bolsonarok». Rousseff boteretik kendu ondoren izendatu zuten presidente Michel Temer, 2016an. «Hasieran uste baino okerragoa da egoera; hortaz, krisia larriagotu egin da», esan du Mineirok. «Langabezia tasa oso handia da, eta ez da aurreikusten hori etorkizun hurbilean aldatuko denik».

Bolsonarok boterea hartu duenetik bere muturreko ideologia aplikatu du hainbat arlotan, baina gehienbat aurrekontu publikoari murrizketak egiteak eragin du haren aurkako lehenengo erantzun handia. «Hauteskundeetatik lehenengo aldiz, oposizioa esan diezaiokegun horrek ekintzarako ardatz bat du», azaldu du Mineirok. «Agronegozioak, adibidez, MST Lurrik Gabeko Mugimenduari ez ezik, ingurumenaren defentsan ari diren talde indigenei aurre egin behar die. Badago jendea Bolsonarori botoa eman baina orain gobernuaren politikarekin kontraesan asko dituena, gehienbat emakumeekin zerikusia duten gaiengatik». Bestalde, pentsioen erreformaren gaiak asko kezkatzen ditu herritarrak, eta asko ahitu du gobernua. «Presio handia dago erreforma planteatu baino txikiagoa izan dadin», adierazi du REBRIPeko aholkulariak. Mineirok nabarmendu nahi izan du armen erabilera zabaltzeko asmoak ere oztopatu dizkiotela Bolsonarori, nahiz eta urte hasieran dekretu bat sinatu zuen hori errazteko.

Oso talde heterogeneoek osatzen dute Bolsonaroren oinarri politikoa; horien artean daude militarrak, poliziak, suhiltzaileak eta milizianoak. Milizianoek sektore militarrean dute oinarria, baina zabalagoa da haien eragina. «Legez kanpokoak dira, armatuta ibiltzen dira, eta beren boterea erabiltzen dute lurraldeak kontrolatzeko. Horren bidez, irabaziak lortzen dituzte hainbat zerbitzurengatik: segurtasuna, kable bidezko telebista, gasaren banaketa, garraioa...», kontatu du Mineirok. «Bolsonaroren gobernuaren beste oinarri garrantzitsu bat da sektore erlijioso eta kontserbadorea. Ebanjelikoak dira gehienbat, baina katolikorik kontserbadoreenek ere bat egiten dute».

Arlo ekonomikoan, berriz, agronegozio esaten zaionak —nekazaritza arloko jabe handiek— oso babes indartsua ematen dio Bolsonarori, baita Paulo Guedes Ekonomia ministroak ordezkatzen duen finantza sektore liberalak ere. «Ekonomiaz zekienak Brasil hondoratu zuen», esan zuen Bolsonarok Brasilia hiriburuan hil honen hasieran, atzeraldiaz galdetu ziotenean. «Erabat fidatzen naiz Paulo Guedesen ekonomiarekin».

Mineiroren arabera, azkenaldian Centrao izeneko talde bat gerturatu zaio Bolsonarori Kongresuan. «Elkarrizketarako eta laguntzarako harreman bat du harekin, baina baita kontraesanen bat ere». Centrao gobernuaren politika jakin batzuk errazten dituen talde kontserbadore bat da, eta parlamentari asko ditu. Taldea Eduardo Cunhak sortu zuen, eta garrantzi erabakigarria izan zuen Rousseffen aurkako impeachment-aren arrakastan. Cunha espetxean dute 2016ko urritik, ustelkeriagatik eta iruzurragatik zigortuta. «Bolsonarori kontraesana sortzen dio, hark mila bider errepikatu baitu politika zaharretik urrundu nahi duela, baina horiekin negoziatzen du orain, baita gobernuaren ministerio batzuk eman ere».

Iragan maiatzaren 26an 52 udalerritan eta hamabi probintziatan mobilizatu ziren gobernuaren alde. Bolsonarok berak deitu zuen manifestazio horietara, eta ustez 350.000 herritar inguru mobilizatu ziren. Handik lau egunera, berriz, 55 udalerritan eta hemezortzi probintziatan egin zituzten Ikasleen Batasun Nazionalak eta bestelako ikasle taldeek deitutako manifestazioak, hezkuntza arloko aurrekontuen murrizketengatik protesta egiteko. Irakasleen gremioak ere batu zitzaizkien. Hil horren 15ean egin zen beste deialdi batean baino jende gutxiago mobilizatu zen hilabete amaierakoan —aurrekoan milioika atera ziren kalera—, baina berretsi zuen gobernuak mobilizazio handi bati egin beharko diola aurre.

Auzitegien kolpe bat

Hori ikusita, Bolsonarok ekinaldi bat hasi du unibertsitateetan, «marxismo kulturalaren» eta «doktrinatze ideologikoa» esaten dionaren aurka. Horregatik, iragarri zuen unibertsitateek murrizketa gogorrak —aurrekontuen %30— izango zituztela, eta hezkuntza sisteman aldaketak egingo zituela. Auzitegiek, ordea, kolpe bat eman zioten atzo presidenteari: Bahia estatuko epaile batek unibertsitateen aurkako %30eko murrizketa eteteko agindu zuen, ez duelako «azterketa tekniko eta xehe bat» egin neurri hori justifikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.