Keinu asko, ulermen gutxi

Maravillas gaztetxearen auziari laukoaren barruan irtenbidea bilatzeko dei ugari egin zaizkio gobernuari, baina, asmo oneko hitzez harago, ez da gerturatzerik izan. Denbora bukatzen ari dela dirudi.

Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ukaezina da tentsioadagoela giroan. Denborak aurrera egin ahala, Nafarroako Gobernuaren eta Maravillas gaztetxeko kideen arteko elkarrizketa geroz eta zailagoa dela dirudi. Azken egunotan ahaleginak egin badituzte ere, ez dira ados jarri, eta ez dago oraindik negoziatzeko hitzordurik. Gobernuak esan du konponbide «ordenatua» adosteko lanean jarraituko duela. Elkarrizketa hitza guztien ahotan dabil. Bai kalean, baita alderdien artean ere. Geroa Bai salbu, aldaketaren gobernua sostengatzen duten indarrak ados daude gauza batean: ezinbestekoa da gaztetxea husteko agindua erretiratzea.

«Ezinezkoa da mehatxupean elkarrizketarik edukitzea. Hau gelditu beharra dago», dio Nafarroako Ahal Dugu-ko Tere Saezek. Iritzi bera du Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak. Haren ustez, gobernuak hitz egiteko «benetako borondatea» duela erakutsiko luke. Taldeak hainbatetan eskatu dio publikoki Geroa Bairi husteko agindua eta salaketak kentzeko, eta laukoaren «presazko» bilera bat exijitu du arazoaz hitz egin zezaten. Ezkerra eta Orain Bai taldeak ez ziren azken bilerara agertu. Ados daude, ordea, egoera larria dela. Kezkatuta dago, batik bat, Edurne Egino Ezkerrako zinegotzia: «Arrisku handia dago uneotan».

Aitzitik, Itziar Gomez Geroa Baiko Iruñeko zinegotziaren arabera, Nafarroako Gobernuak benetako borondatea azaldu du. «Gobernu honek eskua luzatu du hitz egin eta irtenbideak topatzeko». Dena den, gaztetxeko kideen jarrera kritikatu du: «Zaila da ulertzen Uxue Barkosen lehen mailako bitartekaritzari uko egitea agenda arazoak egotzita». Aldiz, Gomezek zehaztu du gobernuak interes orokorra eta jabetza publikoa ere bermatu behar dituela, eta ezin dutela ontzat eman espazio bat uztea «lehenbizi heltzen denari».

Planarekiko mesfidantza

Gaztetxearen eraikina memoria historikoaren institutuaren egoitza bilakatzeko asmoa azaldu zuen Uxue Barkos lehendakariak igandean argitaratutako iritzi artikulu batean. Gomezek onartu du ez zela izan egoitzaren kokalekuaren berri emateko testuingururik egokiena, baina eraikinak proiektu bat bazuela erakusteko aurreratu behar izan zutela plana zein zen. «Proiektua badago, eta aukera paregabea da».

Ordea, eraikinerako proiektuaren berririk ez zutela adierazi dute gainerako hiru indar politikoek. «Sorpresa izan da», esan du Laura Perezek, Ahal Dugu-ko kide ohi eta Orain Bai taldeko ordezkariak. Haren ustez, hiru urte izan dituzte, eta «kasualitatez» orain iritsi da berria. «Bagenekien aukera batzuk aztertzen ari zirela. Egoitza han kokatu nahi zutenik, ordea, ez genekien», berretsi du Bakartxo Ruizek.

Perezen ustez, oroimen institutuaren egoitza han jartzea «kontraesana» da, gaztetxeak Maravillas izena hartu duelako, eta memoria historikoarekin lotutako balioak lantzen dituztelako han. Gaztetxeko kideek, asteon, omenaldia egin diote Maravillas Lambertori, haren hilketaren 82. urteurrenean. «Kezkagarria da gobernuak errepresioa erabiltzea errepresioaren aurkako institutua bertan kokatzeko», esan du .

Hainbat alderdik orain dela bi urte gertatutakoarekin alderatu dute egungo egoera. Aurrekari gisa hartu dute Konpainia kaleko gaztetxea uzteko gobernuak aurkeztu zuen plana. Eraikin hura gazteentzako etxeak egiteko erabiliko zutela azaldu zuten orduan. Proiektuaren emaitzak ezin dira erraz antzeman, askoren ustetan. «Ezerezean gelditu da», dio Saezek. Mesfidantza sortu izana normaltzat jo dute. Gobernuak plana martxan dagoela esanez erantzun dio horri, eta esan du epeen barruan ari direla lanean.

Ez da legealdian laukoak duen lehendabiziko desadostasuna. Hainbat auzitan Geroa Bairen aldebakarreko erabakiak kritikatu dituzte gainerako indarrek. Ezkerrako Edurne Eginok laukoaren akordio programatikoan zehaztutakoa ekarri du gogora, nabarmentzeko ez zaiela erreparatzen akordioei. Azaldu duenez, gazteentzako espazio baten beharra zegoela adostu zuten, eta oraindik «ez da ezer egin». Bere alderdiaren iritziz, besamotz gelditu da Barkosen proposamena. «Eskaintzan memoria historikoa aipatzen da. Eta gazteentzat, beraz, zer?». «Ezinbestekotzat» jo du alternatiba bat eskaintzea.

Arazoa konpontzeko, bi aldeen «prestasuna» behar da, Ruizen aburuz. Saezek gaineratu du gaztetxeko kideek ere jarrera «irekia» erakutsi beharko dutela: «Politikan zentzuz jokatu behar da». Gaztetxea husten bada ordena publikoan eragin dezakeela adierazi izan du Bakartxo Ruizek azken astean. Eginok esan du ez dela zilegi hori aitzakiatzat erabiltzea, eta bi aldeek «helduek bezala» jokatu behar dutela.

Gobernu barruan ere eztabaida indartu eginen litzatekeela azaldu dute denek. «Ez litzateke ulertuko aldaketaren gobernu batek beste garai batzuetan bezala jokatzea», nabarmendu du Ruizek. Iritzi bera azaldu zuen atzo Joseba Asiron alkateak: «Gaztetxea aldebakarrez hustea ez da konponbiderik egokiena; gizartearen zatiketa handituko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.