Koronabirusa

Birusaren hedapena eteteko, Osakidetzako ehun langile bakartu behar izan dituzte

Profesional batek gaitza hedatu du Txagorritxuko ospitalean; hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du taxuz hartu direla harekiko neurriak

Osasun sailburu Nekane Murga, atzo, azalpenak ematen; ondoan, Jaurlaritzako eledun Josu Erkoreka. DAVID AGUILAR / EFE.
arantxa iraola
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Dagoeneko koronabirusaren hamahiru kasu positibo atzeman zituztela esan zuen atzo goizean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak, eta horietako bost osasunaren arloko profesionalak direla. Atzo goizeko kontaketa, horra: hamar kasu Araban, bi Gipuzkoan eta bakar bat Bizkaian. Nafarroako osasun agintarien datuetan ez zen aldaketarik: bi kasu. Araba goi-goian doa datuetan, eta horri buruzko itaun asko izan zituen Murgak. Izan ere, Txagorritxuko erietxeko behargin batek positibo emana zuela jakina zen atzorako, eta, gainera, ez zegoela argi zein zen kasu horren sorburua. Berehala zabaldu zen, era berean, haren inguruko hainbat pertsona ere «kontrolpean» jarri behar izan zituztela, badaezpada ere: birusaren hedapena hesitze aldera. Murgak onartu zuen, hain justu, positibo eman duten erien gertuko 220 bat pertsonari «jarraipena» egiten ari zaizkiela eta haien artean osasunaren arloko ehun profesional inguru daudela, bakartuta denak, badaezpadako neurri gisara; ia denak Gasteizko ESI Erakunde Sanitario Integratuko profesionalak dira. Txagorritxu eta Santiago erietxeetan eta Olarizuko osasun etxean jardundakoak direla esan zuen.

Murgak ukatu egin zituen, hala ere, eritasuna Txagorritxuko erietxean zabaltzea ekarri zuen lehen gaixo horren inguruko hainbat albiste. Izan ere, astelehenean ELA sindikatuak salatu zuen profesional horrek hainbat egun egin zituela lanean koronabirusaren sintomekin, eta ez ziotela kasurik egin, horren gainean abisu eman bazuen ere. Sailburua irmo solastatu zen: «Faltsua da». Eta minduta: «Denak ez du balio». Esan zuen mediku hori gaixo agiria hartuta zegoela, baina ez zitzaiola koronabirusaren inguruko azterketarik egin ez zuelako «arrisku» faktorerik; izan ere, bidaia bat egina zen kanpora, baina ez birusaren hedapenarengatik arriskutsutzat izendatuta dagoen toki batera. Onartu zuen haren kasuak berezitasun batzuk zituela ikusita, ordea, gaitza zuen ikusteko azterketa egitea erabaki zela lehengo ostiralean.

«Lasaitasun» mezua

Sailburuaren aburuz, osasun sistemak erantzun egokia eman zuen orduan: «19:00etan jakin genuen koronabirusa zuela; 19:10ean batzorde bat lanean ari zen haren kontaktuak zein izan ziren argitu eta haiekin harremanetan jartzeko». Arabako osasun erakunde integratuko hainbat langilek ere gutun bat atera zuten atzo, eta egindako lan ona defendatu zuten. ELAk, ordea, salaketari eutsi zion. Beste hainbat langilek ere ozendu zuten kexa: LAB sindikatuak, esaterako, salatu zuen larrialdietakoa ez den osasun garraioko anbulantzien egoerak arriskua dakarrela; izan ere, arloan era «prekarioan» ari direla deitoratu zuen, eta langileek, gainera, ez dutela jaso nahikoa «informaziorik» birusari buruz. Kritikak kritika, «lasaitasun mezua» zabaldu nahi izan zuen Murgak. Aitortu zuen, hori bai, egoera «aldakorra» dela, eta azaldu zuen, esaterako, erietxean zeudela atzo bi gaixo. Trebakuntzaz galdetuta, eman dutela esan zuen.

Orain arte baino neurri zorrotzagorik ez da hartu behar, Jaurlaritzaren ustez, eritasunareninguruan. «Nondik datorren ez dakigun kasu bakarra Txagorritxuko langile horrena da», azaldu zuen Murgak. «Oraindik birusari eusteko fasean gaude». Bertan behera utzi dituzte, hala ere, osasun arloko profesionalen hainbat topaketa akademiko, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere, adibidez, bertan behera utzi du erizain laguntzaileak hautatzeko lan eskaintza publikoaren barruan deitua zuen azterketa bat.

Murgak onartu zuen bakartuta dauden profesionalen ondorioz zailtasunak izan dituztela Gasteizko osasun zentroetan, baina gehitu zuen «arta» bermatuta dagoela. Bide batez, adierazi zuen Osakidetzak hamabi profesional gehiago hartuko dituela egoerak ekarri duen aparteko lan zamari erantzuteko; datozen hilabeteetan kontratatuko dituzte, osasun publikoko lantaldea indartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.