Koronabirusa

137 lagun hil dira koronabirusarekin astebetean Hego Euskal Herrian

Azkenekoz, azaroaren 26ko astean detektatu zen horrelako datu bat: 170 hildako. 19.986 proba egin dira, eta 1.224 positibo atzeman dituzte. Intzidentzia tasek behera egin dute, Gipuzkoan izan ezik

137 lagun hil dira koronabirusarekin astebetean Hego Euskal Herrian.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Koronabirusarekin 137 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian urtarrilaren 25etik 31ra. Eusko Jaurlaritzak 110 heriotzaren berri eman zuen atzo, eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 27 lagun hil direla astebetean. Hain zuzen, aurreko astean baino bederatzi hildako gehiago erregistratu dituzte, eta, azkenekoz, azaroaren 16tik 22ra bitartean detektatu zen horrelako datu bat. Ordu hartan, 170 pertsona hil ziren astebeteko epean, eta heriotzen kopurua beherantz hasi zen urtarrilaren 4tik 10era bitarte. Eguberrien ostean, ordea, gora egin zuen kutsatutakoen kopuruak, eta egoera hori heriotzetan islatzen hasi zen, goranzkoan hasi baitziren.Geroztik, etenik gabe ari dira igotzen, joerari eutsiz. Hala ere, gogoan izan behar da Jaurlaritzak astero errebisatzen dituela aurreko hilabeteetako eta asteetako hildakoen kopuruak, eta, beraz, datuak aldakorrak izan daitezkeela.

Kutsatutako kopuruei dagokienez, 19.986 PCR eta antigeno proba egin zituzten herenegun, eta horietatik 1.224 positibo atzeman zituzten. Hain zuzen, egindako proba guztien %6,12k eman zuten positibo, eta, beraz, azken egunetako datuekin alderatuz gero, beherantz egiten ari da positibo tasa Hegoaldean. Gainera, nabarmendu behar da Nafarroan %4,9 dela positibo tasa, eta, beraz, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurriaren kontrolerako ezarritako irizpideetako baten azpitik dagoela. Zehazki, erakunde horrek %5 du ezarria izurritea kontrolpean hartzen hasi ahal izateko muga.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramailea «baikor» agertu zen atzo. Haren arabera, lurraldeko egoera epidemiologikoa «egonkortzen» ari da, eta azken egunetan jaitsi egin da hamalau eguneko intzidentzia tasa. Zehazki, herenegun 169 positibo detektatu zituzten, eta azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 446 kasu atzeman dituzte. Remirezek adierazi zuenez, gobernuak hartutako neurriak eta herritarren erantzukizuna dira murrizte horien eragile, eta, orain, espero du eragina ospitaleetan nabaritzea: «Horrek presio asistentziala arintzea eragingo du orain; albiste ona da, baina zuhurtziaz aritu behar da».

Araban, 163 positibo detektatu zituzten; Bizkaian, 553; eta Gipuzkoan, 333. Beste zortzi kasuak, berriz, EAEtik kanpo bizi diren herritarren artean atzemandakoak dira, Jaurlaritzak ohartarazi zuenez. Hamalau egunetako tasa metatuetan, beheraldi txiki bat nabari da lurralde guztietan, Gipuzkoan izan ezik: 100.000 biztanleko 582 positibo erregistratu dituzte azken hamalau egunetan. Hala ere, Bizkaia da oraindik ere tasa handiena duen herrialdea: 719 da datua. Araban, berriz, 652. Beherakada egon arren, beraz, hiru lurraldeek eremu gorrian jarraitzen dute, 500eko muga gaindituta.

Eguneko hildakoen kopuruetan, Nafarroako Gobernuak beste hiru heriotzaren berri eman zuen atzo: 80 eta 92 urteko bi emakumezko eta 83 urteko gizonezko bat.

Erietxeetan, gorabeheratsu

Erietxeetako egoera nahiko gorabeheratsua da. Urtarrilaren 29an gainditu zuen ospitaleratuta daudenen kopuruak 900 pazienteko muga, eta, ordutik, ez da jaitsi. Hala ere, gorabeherak nagusi izan dira egunez egun. Esate baterako, 974 pertsona zeuden ospitaleratuta otsailaren 1ean, eta bi gobernuek eskainitako datuen arabera, atzo guztira 923 lagun zeuden Hegoaldeko erietxeetan, astelehenean baino 51 gutxiago, hain justu: 736 Osakidetzako eta Osasunbideko gela arruntetan eta 187 ZIU zainketa intentsiboetako unitatean. Horrelako kasuetan, ordea, ez da erraza jakiten zein den gorabehera horien motiboa.

Dena dela, gero eta gutxiago dira ospitaleetan libre dauden oheak, eta, beraz, neurriak hartzen hasi dira zenbait lekutan. BERRIAk jakin duenez, Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia), esate baterako, bi gune atondu zituzten urrian, COVID-19a ez zuten baino gaixorik larri zeudenak artatzeko, eta iazko abenduaren amaieran itxi egin zituzten, paziente barik gelditu zirelako. Hala ere, urtarrileko kutsatuen eta ospitaleratuen gorakadarekin batera, berriro ere gune horiek irekitzeko erabakia hartu dute. Zehazki, ospitalea kontingentzia planaren hirugarren mailan dago, eta oraindik ere «jarduteko tartea» dago, Alberto Martinez Anestesia eta Erreanimazio zerbitzuko buruak atzo Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean azaldu zuenez.

Neurri murriztaileagorik ez

Datorren ostiralean, hau da, hilaren 12an batuko da Labi batzorde teknikoa, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du espero duela neurri «erradikalagorik eta murriztaileagorik» hartu behar ez izatea. Aste Santua ere hizpide izan du, baina azpimarratu du orain «zaila» egiten zaiola horretan pentsatzea. Hala ere, aitortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak «egonkortzen» ari direla, baina «zuhurtziaz» jokatu behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.