Nafarroa. Iruñeko Udala

Aldaketa desmastatzen

Agintean denbora gutxi eramanagatik, eragin handiko neurri sorta hartu du Iruñeko alkate berriak. Lau urteotan eginiko bidean atzera egin nahi du Enrique Maiak.

Maia, inguratuta, udal agintariek sanferminetan egin ohi duten prozesioan, herenegun. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Harriz harri, piezaz pieza, iragan lau urteotan eraikitakoa botatzeari ekin dio Navarra Suma koalizioak Iruñeko Udalean. Ekainaren 15ean egin zuen karguaren zina Enrique Maia alkate berriak, eta, ordutik hilabete bat ere igaro ez den arren, denbora nahikoa izan da udal gobernu berrien asmoak ezagutzeko: euskarak administrazioan duen pisua murriztu, gizarte eragile alternatiboei bidea itxi, eta Espainiako statu quo-aren ikurrak —monarkia, armada eta Eliza— lehen zuten ohorezko tokira itzuli. Hasi da desaldaketa.

EUSKARA
Ordenantza berriari iraungitze data jarri diote


Kostata, baina Euskararen Ordenantza onartu zuen Iruñeko Udalak, legealdiaren bukaeran. Arauaren helburua zen administrazioarekiko harremanetan euskara eta gaztelania «berdintasunean» erabiltzea, eta bi hizkuntzei aitortzen zitzaien «Iruñeko berezko hizkuntza» izaera. Enrique Maiak hasieratik kritikatu zuen ordenantza, eta aginte makila eskuratu bezain pronto iragarri du indargabetu egingo duela. PSNri eskua luzatu dio horretarako.

Asmoez harago, baina, euskararen kontrako hainbat neurri zehatz ere hartu ditu Navarra Sumak azken asteotan. Besteak beste, bertan behera utzi ditu lau udal teknikari kontratatzeko prozesuak —Gazteria alorreko bi lanpostu, eta Berdintasun alorreko beste bi—, deialdi horietan euskarak zuen pisua «handiegia» zela iritzita. Auziaz galdetuta, alkateak emandako argudioa, hona: «Teknikari onenak nahi baditugu, onenak bilatu beharko ditugu, ez euskaraz dakitenak».

BERDINTASUNA
'Berdintasun' alorrak autonomia galdu du


Joseba Asironen gobernuak ezarritako udal egiturak murriztu behar zirela argudiatuta, Berdintasun alorraren egitura aldatu du Enrique Maiak, Kultura eta Berdintasuna izeneko zinegotzitzaren barnean txertatuta. Arduradun berrien lehen erabakiak hautsak harrotu ditu, gainera: berdintasun teknikari berriak kontratatzeko lan deialdia etetea. Zeresana eman du, bestalde, Kultura eta Berdintasun zinegotzi Maria Garcia-Barberenak Diario de Navarra egunkarian hezkidetzaz idatzitakoak: eskoletan Skolae programa ezartzea «doktrinatzea» dela esan, eta Hitlerrek Alemaniako haurrei eginiko «garun garbitzearekin» alderatu zuen hezkidetza bera.

IKURRAK
'King size' tamainako erretratu bat Felipe VI.ari


Ikurren gaineko eztabaidak berebiziko pisua izan du beti UPNren diskurtsoan, eta Navarra Suma koalizioak ez ditu joera horiek baztertu. Horren adibide da Sanferminetako txupinazoan ikurrinari jarritako debekua, plazan nahiz udaletxeko balkoietan. Debeku hori dela eta, larunbatean istiluak izan ziren udaletxean.

Baina badira ikurrekin lotutako kasu gehiago ere. Oposizioan zegoenean, Enrique Maiak «errespetu faltatzat» jo zuen EH Bilduk Felipe Borboikoaren erretratua udaletxeko bilkura aretotik kendu eta askoz tamaina txikiagoko bat paratu izana. Agintera iritsita, hori izan da alkate berriak hartu duen lehen erabakietako bat: Felipe VI.aren tamaina handiko erretratu bat jarri du Maiak udaletxean, «zegokion ohorezko tokian».

Aurreko udal gobernuak eginiko beste aldaketa batzuk ere atzera bota ditu Navarra Sumak; besteak beste, Katalina Foixkoaren etorbideari izena aldatu dio, atzera ere Espainiako armadari gorazarre egin diezaion. Bestalde, alkateak agerian utzi nahi izan du udalak Elizari eta «betiko tradizioei» zor dien errespetua, Corpus Christiren prozesioari aurreko legealdian kendutako diru laguntza berrezarrita: 2.000 euro, lore orriak eta bestelako belarrak erosteko. Aurreko urteetan ez bezala, alkateak berak prozesioan parte hartu zuen ekainaren 23an, haren hitzetan, «Iruñeko herritarrek hala eskatzen zutelako».

HEZKUNTZA
Haur eskolen eredu berria jopuntuan


Udal haur eskolen eskaintza zabaldu egin zuen laukoak aurreko legealdian, baina alor horretan ere lema birarazi nahi du Enrique Maiak. Haur eskolen eskaintzak «errealitate linguistikoaren araberakoa» izan beharko lukeela esana du alkateak, eta aldaketak iragarri ditu. Oraingoz, ez du urratsik egin euskarazko eskolak murriztu edo lekualdatzeko; bai, ordea, lan deialdi publikoen baldintzak aldatzeko. Iragan astean, bertan behera utzi zuen 91 lanpostuko lan deialdia, hizkuntza eskakizun berriek gaur egun gaztelania-ingelesa ereduko eskoletan lanean diren hezitzaileak «desabantailazko egoeran» jartzen dituztelako. Navarra Sumako agintarien ustez, ingelesezko Hello eskoletan lan egiteko ingelesezko C1 maila eskatzea «gehiegizkoa» da, egungo behin-behineko langileei zaildu egiten baitie lanpostu horiek eskuratzea.

MUGIKORTASUNA
Auto gehiago Pio XII.ean eta zabalguneetan


Aurreko gobernu taldeak mugikortasun alorrean eginiko aldaketak ere atzera bota nahi ditu alkateak. Pio XII.aren etorbidea lehengoratzea, adibidez, «lehentasuna» da Maiarentzat, eta dagoeneko iragarri du «aparkatzeko 66 toki gehiago» jarriko dituela etorbide horretan, «inguruko merkataritza elkarteekin adostuta».

Pio XII.ekoak ez ezik, Alde Zaharrean eta inguruko kaleetan eginikoak ere desegin nahi ditu udal berriak: Zabalgunean, esaterako, hainbat neurri ezarri zituen laukoak, oinez ibiltzea atseginagoa eta seguruagoa izan zedin. Lanak martxan ziren —oinezkoentzako eta bizikletentzako espaloiak zabaldu, autoentzako espazioa murriztu...—, baina horiek eteteko agindua eman du alkateak.

POLIZIA EREDUA
Borra luzagarriak itzuli dira udaltzainen eskuetara


Yolanda Barcinaren eta Simon Santamariaren garaiko Udaltzaingo militarizatuaren ereduari berriz heltzeko asmoa igarri zaio Enrique Maiari. Lehen urratsa izan da Patxi Fernandez Hiritar Segurtasuneko alorreko zuzendari izendatzea, Xabier Ibañez Sagardoiren ordez. Fernandezek kargu hori bera izan zuen Barcinaren agintaldian, 2003 eta 2012. urteen artean. Bere lehen erabakia izan da bizikletadun udaltzainen taldea desegitea. Bestalde, Joseba Asironek 2016an agindu bidez kendutako borra luzagarriak erabiltzen hasi da Udaltzaingoa, atzera ere. Txupinazoaren egunean erabili zituzten, Udaletxe plazan, hainbat gaztek ikurrina erraldoi bat atera ez zezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.