Miren Basaras Ibarzabal.
PENTSALDIAN

Jatorri ezezaguneko hepatitisa

2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Apirilaren hasieran Erresuma Batuko osasun agintariek alerta bat kaleratu zuten umeetan atzeman ziren hepatitis akutu larrien kasuengatik. Ordutik hona, azken asteetan umeetan gertatu diren jatorri ezezaguneko hepatitis akutuari buruzko hainbat berri irakurri dira.

Egun mundu osoan gutxi gorabehera 190 kasu atzeman dira 10 urtetik beherako umeetan, gehienak Erresuma Batuan (111 kasu). Europako hainbat herrialdetan ere detektatu izan dira eta Espainiar Estatuan 22 dira jadanik kasuak. Osasunaren aldetik ume hauek gastroenteritis sintomak izan dituzte (sabeleko mina, botagurak, beherakoak) eta askok ikterizia (begiak eta larruazala horitzen joatea), baina ez da aurreikusi immunogutxipen egoerarik. Gaixotasunaren Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroak azpimarratu du jakinarazitako kasuen % 10ean gibel-transplantea behar izan dutela eta heriotza bat izan dela.

Hepatitisa sorrarazi dezaketen birusen artean hainbat daude, baina arruntenak A, B, C, D eta E hizkiekin ezagutzen direnak dira. Gure artean lehenengo hirurak dira ohikoenak. Jatorri ezezaguneko hepatitis izena eman zaio, kasu hauetan guztietan ez delako detektatu zein den gaixotasun horren eragilea. Horrelakoak gerta litezke eta beti ez da atzematen zein den hepatitis baten eragilea. Une honetan bai Erresuma Batuan edo Espainiar Estatuan umeetan agertutako hepatitis hauek urtero esperotakoak baino gehiago dira.

Horrelakoak agertzen direnean galdetegi sakona egin behar da komuna den kausa bat bilatu ahal izateko. Momentuz ez dago inolako kausa komunik kasu guztien artean.

Hainbat kasutan adenobirus izeneko birusa detektatu dute, baina beste askotan ez, eta adenobirus horien artean ere ezberdinak. Hori dela eta, orain arte ez dago kausazko lotura zuzenik hepatitis kasu horien eta adenobirusen artean. Adenobirus ezberdinek hainbat sintoma kliniko sorrarazi dezakete; arnasbidekoak (hotzeria, eztula, faringitisa, pneumonia,…), konjuntibitisa, zistitisak, larruazaleko infekzioak, digestio-bidekoak (gastroenteritisa, beherakoak…) eta abar.

Herrialderen batek ere esan du adenobirusen agerpena igo egin dela azken urte honetan, baina patroi hori ez da ikusi jatorri ezezaguneko hepatitisa detektatu den herrialde guztietan.

Ezezaguna izanik, une honetan laborategiko hainbat proba egiten jarraitzen dute hainbat mikroorganismorentzat, esate baterako ume batzuk SARS-CoV-2arekin kutsatuak egon izan dira eta horren ondorioa izan zitekeen ere aztertzen ari dira. Era berean, produktu kimiko edo toxiko askorentzat ere probak egiten ari dira, hepatitisaren eragilea identifikatzeko asmoz.

Oraingoz galdera ugari daude, eta honengatik guztiagatik, beharrezkoa da ikerketa aktiboa izatea eta osasun agintariak erne egotea. Gurasoentzat, aholkua litzateke umeak edozein sintoma badu pediatrarengana eramatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.