Osasungintza, osasuna galtzear

Osakidetzako langileak berriro atera dira kalera, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Egoera «jasangaitza» dela salatu dute, eta profesional gehiago kontratatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, besteak beste.

Atzo eguerdian Bilbon egindako protesta. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jone arruabarrena
Donostia
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Donostiako erdialdea ELA, LAB, SATSE, ESK, CCOO eta UGT sindikatuen koloretako ikurrinek eta bozgorailuetatik zetozen oihuek bete zuten atzo. Izan ere, Osakidetzako lehen mailako arretako langileak kalera atera dira beste behin, osasungintza publikoaren aldarripean hainbat eskakizun egiteko. Hain zuzen, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten mobilizazioak eguerdian.

Donostian, zehazki, Groseko anbulatoriotik abiatu zen protesta, eta Bulebarra izan zuen helmuga. Nik bai sinisten dut osasun publikoan! Lan baldintza duin batzuen alde zioen manifestazioa gidatu zuen pankartak. Emakumeak ziren protesta egin zuten gehienak; baita afixa eusten zutenak ere. «Osakidetza, entzun! Zure langileak borrokan daude!» edo «Osasun publikoa defenda dezagun!», gisako oihuak ugaritu ziren.

Ez da protesta egiten duten lehenengo aldia; aurten otsailaren 25ean egin zuten greba «arrakastatsua» izan zela diote antolatzaileek, baina urteak dira jada Osakidetzako hainbat sektoretako langileak kalera ateratzen hasi zirenetik. «Aspalditik gabiltza grebak egiten; 2018an egin genituen lehen arretaren egoeraren alde hiru greba. Orduan aurkeztu ziguten lehen arretaren estrategia, baina ez zen nahikoa». Maitena Larrañana erizaina eta SATSEko delegatuak horrela azaldu zuen; erizaina da, eta sindikatuaren itsasgarri berdeak zeramatzan arropan.

Azaldu zuenez, baldintza horiek eragin zuzena daukate langileen egunerokoan: «Horrela ezin zaie herritarrei merezi duten zerbitzua eman. Zainketa hori ematea ezinezkoa da momentu honetan dugun egoerarekin. Ezinbestekoa da langileen kopurua handitzea, luzera begirako plan estrategiko zehatz bat edukitzea, behin-behinekotasunean dauden langileak finkatzea, kontziliazio neurri eraginkor batzuk jartzea, eta langileentzako erretiro aurreraturako ere plan zehatz bat edukitzea».

Ana Muñoz erizain laguntzailea ere iritzi berekoa da: «Daukagun lan karga jasanezina da, eta horrek bizitzako beste esparru guztietan eragiten digu; bizi kalitatea galtzen ari gara», dio. Bera ere protestan zihoan, beste langile batzuen atzetik, ilaran. Noizean behin, bazirudien anbulantzia bat hurreratzen ari zela; bozgorailuetatik zetozen oihuak isildu eta sirena hots bat entzuten zen: «Ni-no, ni-no...». Larrialdi baten aurrean daudela irudikatzeko erabili zuten protestariek estrategia hori. Izan ere, egoera «benetan larria» dela dio Eneko Pascualek; zeladorea eta LABeko ordezkaria da, eta salatu du Jaurlaritzarekin abiatu dituzten negoziazioak geldi daudela.

Horrez gain, azaldu zuen gaur egun dagoen mediku kopurua ez dela nahikoa: «Zenbait anbulatortiotan, berez araututa dagoen mediku kopuruaren %25a bakarrik ari da benetan lanean. Urtero 2.200 langilek erretiroa hartzen dute, eta ez dira behar beste mediku kontratatzen. Egoera hau jasanezina da, eta hori pazienteek ere ikusten dute».

Hain zuzen, Larrañagak ere azpimarratu du «jendarte guztiari» eragiten dion arazo bat dela, eta herritarrek ez dutela merezi «halako zerbitzurik». Horregatik, gizarte osoarekin «aliantzak» josi nahi dituzte sindikatuek. Horretaz jabetuta hurbildu zen Kontxi Rebollo ere manifestaziora; ez da Osakidetzako langilea, erretiroa hartuta dago, eta pentsionisten mugimenduan dihardu orain: «Pentsatzen dugu Osakidetzako langileak baldintza onetan baldin badaude gurekin egoteko denbora gehiago izango dutela eta hobeto tratatuko gaituztela. Sistema publiko bat nahi dugu, unibertsala, duina eta euskalduna».

Osakidetza eta sindikatuak ez ziren bat etorri lanuztearen jarraipenean. Sindikatuen arabera, langileen erdiek ez zuten lanik egin. Erakundearen arabera, lehen arretako sarean, goizeko txandan langileen %13,49 batu ziren lanuztera. Lan arloei dagokienez, berriz, sendagileen % 12,48k bat egin zuen greba deialdiarekin, erizainen %11,8k, eta gainerako osasun langileen %17,75ek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.