Rafael Sainz de Rozas. Justizia zuzendari nagusia

«Zigorrak ezin ditu itxi gizarteratzeko bideak, maiz gertatzen den bezala»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Rafael Sainz de Rozas (Bilbo, 1961) Justizia zuzendari nagusia da Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako Sailean, eta orain aurkeztutako proposamena ondu duen lantaldean aritu da buru-belarri, unibertsitate eta gizarte mugimenduetako kideekin batera.

Txostenean «gizarteratzea» aipatzen duzue behin eta berriro lortu beharreko helburu gisa. Zergatik?

Espetxearen zeregina delitugilea gizarteratzea da. Ez da espetxeratzearen bitartez lortu nahi den helburu bakarra, delitua egin dezaketenak beldurraraztea eta kaltea ordainaraztea ere xede baitu, baina Espainiako Konstituzioak beren-beregi aipatzen du espetxeratzeak gizarteratzeko helburua errespetatu behar duela. Zigorrak ezin ditu itxi gizartzeratzeko bideak, askotan gertatzen den moduan.

«Askatasuna galtzea ez dakarten irtenbideak» hobetsi dituzue. Espetxeratzearen aurrean ba al dago alternatibarik?

Pertsona batek delitu bat egin dezake bere bizimoduak dituen gabezia batzuengatik: drogaren menpekoa delako, edo buru osasuneko arazoak dituelako, edo pobrezia eta bazterketa egoera batean dagoelako. Droga menpekotasunaren kasuan, adibidez, legeak aurreikusten du pertsona horri aukera eman behar zaiola egoera hori gainditzeko, eta ibilbide hori arrakastaz egiten badu, gelditzen zaion zigor zatia ez duela bete behar, arriskua desagertu delako. Izan ere, kasu horretan zein da zigor osoa betearaztearen xedea? Mendekua?

Horrelako programak, gizarte lanak egitea, zigor txikien kasuan ez betearaztea eta bigarren aukera bat ematea betiere biktimaren beharrak asebete ondoren... Tresna asko daude askatasuna galtzearen alternatiba izan daitezkeenak.

Biktimak aipatu dituzu. Proposatzen duzuen ereduan zein da biktimen betekizuna?

Oso garrantzitsua. Biktimek, askotan, ez dute mendekua behar, baizik eta entzunak izatea, delituak bere bizitzan izan duen esanahia besteei ulertaraztea. Askotan, zigor sistemarentzat biktima lekuko hutsa da, frogatu gabe dauden egitateak egiaztatuko dituen testigua. Guk uste dugu demokratikoa, soziala eta zuzenbidekoa izan nahi duen estatu batean gehiago espero dezakegula zigor sistematik: delitua jasan duen pertsona asebetetzea, materialki eta erreparazio morala jasoz. Horrek ez du esan nahi biktimak beto eskubidea edo azken hitza izango duenik, baina bai haren beharrizanak kontuan hartuko direla.

Zuek proposatzen duzuen eredua egingarria al da gaur egun Nafarroako Gobernuak dituen eskumenekin?

Nafarroak eskumen asko ditu: ongizate arlokoak, heziketa arlokoak, osasunekoak eta abar. Espetxeetakoak falta dira, hau da, azpiegituretakoak, erregimenekoak —adibidez, preso batek arauren bat urratzen badu kartzelan, preso hori zigortzeko ahalmena eta presoak sailkatzeari dagozkionak. Hala ere, guk uste dugu dauzkagun eskumenekin etekin handia ateratzen ahal diogula egoerari, eta, aldi berean, eredu bat prest izango dugu falta diren eskumenak lortzen ditugunerako.

Eta eskumen horiek lortuko ditu Nafarroak?

Bai, Foru Hobekuntzaren Legean hala adierazten delako. Eta, gainera, historikoki, hala izan da. Egia da oraindik ez ditugula tresna horiek, baina hemendik oso gutxira espetxeetako osasun arloko eskumenak izango ditugu, eta hurrengo urratsa litzateke, Euskadin bezala, eskumen guztiak transferitzea.

Edonola ere, orain daukagunarekin gauza asko egin daitezke. Horregatik, eredu honek balio bikoitza du: daukagunari ahalik eta etekinik handiena ateratzea, eta eskumen guztiak iristen direnerako eredu propio bat izatea. Modu grafikoan esanda, transferentzien kontua ez da trikornio bat kendu eta txapel gorri bat jartzea, baizik eta txapel gorri horren azpian dagoen buruak beste era batera pentsatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.