Koronabirusa

Urtarriletik paziente kopururik txikiena dago Hegoaldeko erietxeetan

Edurne Begiristain.
2021eko martxoaren 5a
00:00
Entzun

Kutsatzea mantsotuz doa Hego Euskal Herrian, eta erietxeetan hasiak dira nabaritzen beheranzko joera horren eragina. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako azken datuen arabera, guztira 455 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan erietxeraturik gaitzarengatik. Urtarrilaren 6az geroztik izan den kopururik apalena da hori.

Gaur egun ospitalean dauden 455 gaixoetatik 315 erietxeetako gela arruntetan daude, eta 140, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Aurreko eguneko datuen aldean, zazpi lagun gutxiago daude unitate horietan, eta, hain zuzen, urtarrilaren 23az geroztik Hegoaldean erregistratu den daturik txikiena da atzo emandakoa.

Azken datuen arabera, herenegun 50 pertsona ospitaleratu zituzten gaitzaren sintomak larriagotuta Hego Euskal Herrian; Nafarroakoak dira horietako bost, eta Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan erietxeratuak dira gainerako 45ak. Nafarroako Gobernuak, bestalde, jakinarazi zuen herenegun hiru lagun hil zirela gaitzak jota.

Birusaren transmisioari buruzko azken datuek, berriz, beheranzko joera berretsi dute, motel bada ere. Bi gobernuetako osasun departamenduek emandako informazioaren arabera, Hegoaldeko positibo tasa %3,5 da. Asteazkenean, orotara, 11.170 test diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietan 393k positibo atzeman zuten: Bizkaian 216k,Gipuzkoan 78k, Nafarroan 62k, eta Araban 33k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.