Epaileak genero gaietan trebatzea onetsi du Kongresuak

Alderdi guztiek onartu dute PSOEren lege proposamena. Oposizioaren ustez, motz geratu dira neurriak, eta ez dira nahikoak
Madrilen, Auzitegi Gorenaren aurrean egindako protesta.
Madrilen, Auzitegi Gorenaren aurrean egindako protesta. BALLESTEROS / EFE

Aitor Biain -

2018ko ekainak 13
Espainiako epaile, fiskal eta magistratuak genero indarkeriari buruz trebatzeari ateak ireki dizkio Espainiako Kongresuak. PSOEk aurkeztutako lege proposamena aho batez onartu baitzuten atzo egindako bilkuran. Sozialisten testuak Botere Judizialaren Lege Organikoaren zenbait moldaketa proposatu ditu, iragan irailean sinatutako genero indarkeriaren aurkako estatu itunean jaso zirenak, alegia. «Gure betebeharra da hitzartutakoa betetzea; herritarrekin adostu dugun konpromisoarekin kontsekuente izatea. Bereziki emakumeekin, genero indarkeriaren biktimekin», adierazi zuen Pilar Cancela PSOEko diputatuak. Neurriak nahikoa ez direla gogorarazi zien oposizioko alderdiei.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernu presidente izendatu ostean, sozialistek Kongresuan defendatu behar izan duten aurreneko lege proposamena izan da. Joan den apirilean aurkeztu zuen PSOEk proposamena, Iruñeko talde bortxaketaren epaia argitaratu baino astebete lehenago, hain zuzen. Protestak eragin zituen epai hark herritarren artean, sexu eraso zena abusu mailara jaitsi zutelako delitua. Hiru magistratuetako batek boto partikularra eman eta bost akusatuen absoluzioa eskatzeak eztabaida bat azaleratu zuen: epaileek genero gaietan duten formakuntzari buruzkoa.

Hiru arlotan eragin nahi

Sozialisten proposamenak hiru arlotan eragin nahi du, batez ere: ibilbide judizialera sartzeko oposizioetan, eskola judizialean magistratuek jasotzen duten urtebeteko formakuntzan, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak epaile eta fiskalei ematen dieten etengabeko formakuntzan. Hala dio testuak: «Prestakuntza zehatz eta iraunkorraren helburuak lortzeko, beharrezkoa da arlo horietan ezagutza eskuratzea bermatzea, eta arauak genero ikuspegitik interpretatzeko eta aplikatzeko prestakuntza ematea».

Oposizioetan hautagaiek ikasi beharreko gai zerrendan ere genero indarkeriarekin lotutako gaiak erantsiko dira, eta eskola judizialeko formakuntzetan ere, legeak genero ikuspegitik interpretatu eta aplikatzeko saioak eskainiko dira. Cancelaren esanetan, «derrigorrezkoak eta ebaluagarriak» izango dira gainera. «Premiazkoa da formakuntzan jauzi kualifikatu bat egitea; errealitateak sakontasuna eta konpromisoa eskatzen du».

Zigor auzitegiak genero indarkeria kasuetan espezializatzea ere sustatu nahi du sozialisten proposamenak. Izan ere, Espainian egun dauden 345 zigor auzitegietatik 26 baino ez dira adituak emakumeen aurkako indarkeria kasuetan. Eta ez daude autonomia erkidego guztietan, nahiz eta 2004ko genero indarkeriaren aurkako legeak gutxienez bat egon behar dela adierazi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna