Koronabirusa

Sare sozialak bakardadean

Gora egin du sare sozialen erabilpenak. Bakartuak direnentzako harreman bakarra dira, baina etengabeko informazioak kalteak eragin ditzake.
Bideo bidezko deiak.
Bideo bidezko deiak. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2020ko martxoak 28

Twitter, Facebook, Messenger, Instagram, Youtube, Whatsapp... egunero-egunero erabiltzen dituen sare sozialen zerrenda egin du Joana Detxart baionarrak. Ekuadorrera joan zen martxo hasieran, herritar zerbitzua egitera. Han ere, itxialdia egiteko agindua daukate duela bi astetik. Quitoko pisu batean bizi da Detxart, bikote batekin. «Egoera normaletan anitz erabiltzen ditut sare sozialak, iratzartzen naizen momentutik. Baina garai hauetan, ezberdinki erabiltzen hasi naiz», aitortu du. Berez, informatzeko erabiltzen du Twitter sare soziala, baina, itxialdi denboran, «mugatu nahi» izan du, «beldurgarria delako hainbeste informazio kontrajarri irakurtzea».

Iratxe Esnaola Arribillaga Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta informatika ingeniaria da. Sare sozialen bidez informatzeak mugak ditu haren ustez, itxialdi garaian batez ere: «Konfinatuta gaudenez, ez da egokia egun osoa informazioa jasotzen ibiltzea. Jakinda, gainera, desinformazio handia dagoela. Uste dut berrogeialdirik gabe ere oso zaila dela erabilera kontrolatzea, baina egin behar dela. Zer esanik ez berrogeialdian, etxetik atera gabe gaudela. Psikologoek diotena da: zehaztu zer tarte izango diren informatzeko, eta horretara mugatu», aholkatu du.

Adituak azaldu du sare sozial bakoitzaren «itxialdi aurreko rolak indartu eta sakonduko» direla konfinamendu denboran. «Twitter informazioa bilatzeko eta partekatzeko erabiliko da; Instagram, gure egunerokoa zabaltzeko; eta Whatsapp eta gisakoak, komunikaziorako», esan du. Detxartek baieztatu du analisia: informatzeko, Twitter begiratzen du, baina denbora pasatzeko, Instagram. Jendearekin komunikatzeko, berriz, Messenger —Whatsapp gisakoa den Facebook barneko aplikazioa da—, «normalean baino gehiago, hurbilekoen berriak hartzeko, lagunekin hitz egiteko, ideiak aldatzeko».

Sare sozialen erabilera nabarmen emendatu du Detxartek: «Denek gehiago erabiltzen ditugu, eta, beraz, eduki gehiago bada. Entseatzen naiz eduki irrigarri eta kulturalak begiratzen Instagramen, baita kontu feministak ere. Youtuben, berdin». Artistek produkzio berria eskaintzen dute itxialdi garaian Instagramen zuzenean banatuz, eta Detxartek «artea partekatzeko modu berria atsegin» du.

Esnaolak itxialdian sare sozialek hartu dituzten bide berriak aipatu ditu. «Rol berezi bat» hartu dutela uste du. Hala, «lagunekin harremana mantentzeko ezinbesteko tresna» bilakatu dira: «Zenbait egitasmoren antolaketaren zentro eta kultura etxeetara iristeko bide ere bilakatu dira. Harremanetarako, elkartasunerako eta antolaketarako tresna gisa erabiltzen ari dira, batez ere», Esnaolaren arabera.

Horren lekuko dira sarean zabaldutako egitasmo zenbait. Hego Euskal Herrian, Espainiako erregearen kontrako kazola jotzea antolatu zen; eta, Ipar Euskal Herrian, egunero 20:00etan ospitaleetako langileak txalotzeko ekinaldia martxan da. Kultur eskaintzak aurpegi berriak erakutsi ditu, kantarien bideoak emendatu dira, bertsolaritzak ere plaza berriak hartu ditu, eta sare sozialen bidezko jolasak eta desafioak sortu dira. Instagrameko zuzeneko bideoetan, kirol klaseak ematen dituzte batzuek, yoga ikastaldiak besteek. Detxart: «Orain arte, denbora pasatzeko erabiltzen nituen sare sozialak. Itxialdia hasi denetik, denbora baliatzen saiatzen naiz: Youtubeko bideoen bitartez ikasteko eta kultur eskaintzak begiratzeko. Instagramen iruditzen zait artistak saretzen ari direla eta eskaintza guzia urririk eskaintzen ari direla». Kultura kontsumitzeko beste modu bat garatzen ari da, baionarraren ustez. Esnaolak iritzi bera eman du: «Sare sozialek aukera handiak ireki dituzte itxialdian, hala nola sortzaileen kontzertutxoak euren etxeetatik zuzenean gozatzekoa».

Harremanetan, bakarrik

Elkarren arteko harreman ez-birtualak guztiz murriztu dira itxialdian. Sare sozialak dira horri aurre egiteko alternatiba, eta Esnaolak dio bideo bidezko deiak ugaritu egin direla. «Elkarrizketari tarte handiagoa ematen zaio. Berrogeialdiaren ondoren, aurrez aurrekoari merezi duen balioa eman eta dei eta bideo deien bidez elkarrizketa horiek mantentzen jarraitzea albiste ona litzateke, idatzizko komunikazioari indarra kentzeko, gailentzen ari baita», esan du.

Sare sozialek, alta, bakardade sentimendua areagotu dezakete. «Tranpa» bat da Esnaolaren ustez: «Harremanak sare sozialen bidez asko elikatzen baditugu, une batzuetan, oso konektatua egotearen sentimendua sor daiteke gugan. Baina nahikoa izaten da mezu batzuen erantzunik ez jasotzea edo taldeetan zure mezuek erreakziorik ez sortzea, konektatua baino bakarrik gehiago zaudela sentitzeko», deitoratu du. Detxartek baieztatu du harremanetan izateko erabiltzen dituela, «urrun dituen hurbilekoekin». Pisu berean bizi den bikotearekin harreman gutxi dauka oraingoz; «sare sozialik ez banu erabiltzen, haiekin gehiago hitz egingo nuke», onartu du.

Bakardadea eragiteaz gain, gehiegizko informazioak eta desinformazioak kalte egiten dutela segurtatu du adituak. Honela mintzatu da: «Salbuespen egoera hau beldurrari oso lotuta dago. Ingurune digitalean bizi garenetik, desinformazioa oso azkar hedatzen da, eta berrogeialdian asko ugarituko egingo dira saiakerak: jendea egoera zaurgarrian dago, etxean bakartuta eta ziurgabetasun handiarekin». Egoerak pentsamendu kritikoa «garatzen» lagunduko duela espero du Esnaolak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Gaztelugibelean, Erruki Etxetik irten ostean, manifestariak ilaran ©Idoia Zabaleta

Zaintza erdigunean jartzeko aldarrikatu dute Hegoaldeko lau hiriburuetan

Berria

Iruñeko mobilizazioan, Erruki Etxetik irten da ehunka lagun, Zainduz senideen plataformak deitutako manifestazioan, adinekoen egoitzarako baliabide gehiago eta egoiliar eta langileentzako duintasuna exijitu dituzte

Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea, Barakaldon, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Barakaldon gizon bat atxilotu dute emakume bati sexu abusuak egitea egotzita

Berria

Erasoa atzo gauean gertatu zen, Barakaldoko autobus geltoki baten inguruan.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako  ZIUan, artxiboko irudian ©marisol ramirez / foku

Hegoaldean 2.000 positiboren langa gainditu da

Irati Urdalleta Lete

Bigarren olatuko daturik txarrenak izan dituzte Araban eta Bizkaian. Guztira, 2.082 kasu atzeman dituzte. Beste bost lagun hil dira Nafarroan.

 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Leku eman behar zaio minari ere»

Uxue Rey Gorraiz

Pandemiak bizitza sozialean ezarritako mugek zuzenean baldintzatu dituzte herritar askoren dolu prozesuak; min ematen dutela onartzea «funtsezkoa» dela nabarmendu du Mateok.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna