«Atsegin duzu bainatzea?»

Duela ia mende bat hasi zen psikologian maskulinitatea eta feminitatea neurtzeko obsesioa. Lehenbiziko galdetegiek irrigarriak irudi lezakete gaur egun, baina haien arrastoak geratzen dira oraindik.
BERRIA

Samara Velte -

2018ko irailak 7
Egunkarietako orriak etengabe betetzen dira emakume eta gizonen arteko diferentzia biologiko, psikologiko eta sozialak frogatzea xede duten azterketa sarri sasizientifikoz. «Ikerketa batek ondorioztatu du gizonak zoriontsuagoak direla emakumeak baino» izan liteke horietako bat; edo «Emakumeei gehiago gustatzen zaie sentimenduez hitz egitea». Edo, bestela, ikastetxeetako hainbat orientatzaileren buruan iltzatuta dagoen klasiko bat: «Gizonen burmuina prestatuago dago zientzietarako, eta emakumeena, letretarako».

Ustezko ikerketa horien helburua, errealitate soziala deskribatzea eta ikertzea baino gehiago, generoari dagokion normatibitate soziala indartzea da; horretaz konbentzituta daude Mikel Lopez Saez eta S. Garcia Dauder, Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko Psikologia irakasleak —bigarrenak propio erabiltzen du izenaren iniziala, genero markarik ez izateko—. Zehazki, euren ezagutza eremuan generoa nola erabiltzen den aztertu eta kritikatu dute, eta emaitzak uda honetan aurkeztu dituzte Bilbon, Zientzia, Teknologia eta Generoari buruzko XII. Biltzar Iberoamerikarrean. Bertan, maskulinitate eta feminitate testei buruz aritu ziren, eta azaldu zuten «generoa eta sexismoa produzitzen dituzten teknologia psikologikoak» direla. «Psikologiaren agintearen pean, praxi okerrak egin dira urte luzez gure ofizioan», zehaztu dio Lopezek egunkari honi: «Hori salatzeko obligazioa sentitzen dugu».

Lehenbiziko maskulinitate eta feminitate testak AEBetan sortu ziren XX. mende hasieran, psikologia zientzia gisa eratu zenean. «Garai hartan, Ipar Amerikako gizarteak irtenbideak eskatzen zituen hiriko biztanle berriek eragindako arazoetarako», Lopezen hitzetan. Psikologia tresna baliagarri gisa agertu zitzaien askori: «Biztanleria neurtzea eta sailkatzea ahalbidetzen zuen, hartara hobeto aurreikusteko eta, ondorioz, biztanleria hobeto kontrolatu ahal izateko; esate baterako, kontrolatzeko nor zen egokia ofizio baterako edo besterako». Garai hartakoak dira koefiziente intelektuala eta pertsonen izaera neurtzen zituzten lehenbiziko azterketak ere.

Lopezen ustez, ez da kasualitatea ordurako emakumeen eskubideen aldeko mugimendu sendoa egotea AEBetan: unibertsitaterako sarbidea eta boto eskubidea aldarrikatzen zituzten. «Psikologiak traba asko ipini zizkien emakumeei espazio horietara iristeko, haien ustezko gaitasun falta frogatuz», gogorarazi du Lopezek. Eta ez soilik emakumeei: migratutako edo arrazializatutako pertsonei ere bai.

Definiezina sailkatzen

Zientzian eta medikuntzan nagusitu zen lehenbiziko testa Catharine Cox Miles eta Lewis Terman psikologoek diseinatu zuten 1936an. Izen bitxia jarri zioten: Jarrera eta interesen analisirako galdetegia. Galdetegiak zazpi azpiatal zeuzkan, eta denera «milaka galdera», Lopezen arabera; AEBetako hainbat ikastetxetako haurrei betearazi zieten. Besteak beste, honako galderei erantzun behar izan zieten: «Ez duzu gogoko bainu bat hartzea?», «Zure burua kontrolatzeko ezintasuna sentitzen duzu?», edota «Noizbait esan al dizute gehiegi hitz egiten duzula?». Horietan baietz erantzunez gero, maskulinitate maila altua emango zukeen testak. Aldiz, «Jaiak eta dantzaldiak atsegin al dituzu?», «Lotsa ematen al dizu akats gramatikal bat egiteak?» edota «Gustuko al duzu jendeak bere arazoak kontatzea?» galderetan baietz erantzunez gero, emaitza feminitate handiagokoa litzateke. Lopezentzat, testak berak genero rolak finkatzen lagundu zuen: ez da kasualitatea galderak bat etortzea gizon-emakumeei egotzi ohi zaizkien ezaugarriekin: inpultsibitatea edota estrobertsioa gizonen kasuan, eta lotsa eta besteekiko arreta emakumeenean. «Galderetako bat zen ea non ote zegoen Tokio: asmatzen bazenuen, oso maskulinoa zinen. Baina, jakina: Tokio non zegoen baldin bazenekien, geografiari buruzko hezkuntza jaso zenuelako zen. Eta aukera hori, gehienetan, gizonek baino ez zuten izaten».

Finean, ikertzaileak uste du azterketok «gizon edo emakume ona izateari buruzko moral viktoriarra» neurtzen zutela: horren arabera iragartzen zituzten gero «alderantzikatze sexuala» —homosexualitateari hala deitzen zioten— edota «ezkonbizitzako egokitzapena». Maskulinitate eta feminitate azterketak garai hartan hasi ziren jendearen bizitzan eragin zuzena izaten: «Haur batzuen gurasoei ohartarazten hasi ziren ziurrenik homosexualak izango zirela —testean oinarrituta—, eta hainbat terapia prebentibo aztertu behar zituzketela».

«Egiazko bizitzaren testa»

Laurogei urte geroago, irrigarriak irudi lezakete Terman eta Milesen testeko galderek. «Oinarrizko arazo bat zeukaten maskulinitate eta feminitate azterketek: ezinezkoa dela definitzea zer den maskulinitatea eta zer feminitatea. Zerbait neurtu nahi zuten objektu hori zer zen jakin gabe». Finean, neur zezaketen bakarra zen pertsonak zein neurritan egokitzen ziren ezarritako genero rol sozialera. Hala ere, gaur egun oraindik geratzen dira test haren arrastoak egungo psikologian; besteak beste, maiz erabiltzen den Izaeraren Test Multifasikoan (MMPI). «Orain, Maskulinitate-feminitate eskala deitu ordez, Interes estetiko eta mekanikoen eskala deitzen diote, baina patologiak neurtzeko erabiltzen jarraitzen dute», azaldu du Lopezek. Galderetako batzuk 1936ko testeko berdinak dira: «Gustatzen zaizu zientzia?», «Automobiletako mekanika atsegin duzu?» edota «Zailtasunak dauzkadanean, onena isiltzea dela uste dut», adibidez.

Galdera horietako batzuk dira, hain zuzen ere, Genero Identitateko Nahasmenduetako Unitateetan transexualei egiten dizkieten test batzuen oinarria. Azterketa horri Egiazko bizitzaren testa deitzen zaio, eta genero identitatea eguneroko jarrerekin bat ote datorren neurtzen du. «Item horiek erabiltzen dira baloratzeko ea pertsona horiek sendagaiak edo tratamendu kirurgikoa jaso dezaketen; alegia, sinesteko ez direla ari gezurretan». Haur intersexualekin ere erabili izan dira, neurtzeko «ongi moldatzen» ari diren jaiotzerakoan ezarritako generora. Lopezentzat, ikerketok «indarkeria sortzen dute»: «Ez dute kontuan hartzen errealitatea; berezkoak balira bezala tratatzen dituzte egiaz hazi zaren sistemaren araberakoak diren gauzak. Gainera, diferentzia bilatzen da etengabe; ez aukera berdintasuna sustatzeko, hegemoniaren ikuspegitik hobea nor den neurtzeko baizik. Finean, ez dute kontuan hartzen pertsonek hainbat aukera dituztela genero identitatean, genero adierazpenean eta sexu orientazioan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna