Elkartasunak, hegalak luze

Kuban deportaturik dagoen Joxe Anjel Urtiagaren bi senitartekori itzultzeko hegazkina hartzea galarazi zien irailean Air Europak. Senideen kontrako «zigor politikoa» izan dela pentsatzen dute.
Bittor Urtiaga eta Eba Ferreira, Joxe Anjel Urtiaga deportatuaren senitartekoak.
Bittor Urtiaga eta Eba Ferreira, Joxe Anjel Urtiaga deportatuaren senitartekoak. BERRIA

Gotzon Hermosilla -

2018ko urriak 5
Joan den irailaren 16an, Air Europa hegazkin konpainiak Kubatik Madrilera eraman behar zituen hegazkina hartzea eragotzi zien bi euskal herritarri, Habanan (Kuba). Ez zieten horretarako arrazoi argirik eman, baina argi utzi zieten arazoak zerikusia zuela AEB Ameriketako Estatu Batuetako aire eremua zeharkatu beharrarekin. Bi euskal herritarrek, ordea, badakite beste zerbait ere badagoela erabaki horren atzean: Kuban deportatuta dagoen euskal errefuxiatu baten senitartekoak dira, eta, hain zuzen, hura bisitatzen egonak ziren Karibeko irlan.

1984an iritsi zen Joxe Anjel Urtiaga santurtziarra Kubara, Frantziak Panamara egotzi ostean. Urtero joan ohi zaio haren anaia Bittor bisitan: «Anaia dut, eta, gainera, nire lagunik onena da», azaldu du; «hura bisitatzen jarraituko dut, Groenlandiatik joan behar badut ere». Lanak uzten dionean, Eba Ferreira emaztea —Athleticeko jokalari ohia izateagatik ezaguna— harekin joaten da koinatua bisitatzera. Aurten, esaterako, biak joan dira Kubara.

Urtiagak dioenez, urtero izaten ditu problemak: Loiuko aireportuan ohi baino miaketa zorrotzagoak, atzerapenak eta abar. Aurtengoak, baina, marka guztiak gainditu ditu: lau ordu lehenago agertu ziren Habanako aireportuan, badaezpada, eta Air Europako arduradunaren itaunketari erantzun behar izan zioten. Arduraduna telefonoz jarri zen AEBetako agintariekin harremanetan. Arazorik ez zegoela esan zien Urtiagari eta Ferreirari. Baina maleta guztiak fakturatu ostean ontziratzera zihoazenean, bozgorailuetatik deitu zioten Urtiagari: arazoak zeudela, eta nahiz eta Ferreirak bidaiatzeko oztoporik ez izan, Urtiagak seguru asko ezin izango zuela hegazkin horretan bidaiatu, hegaldia aldez aurretik ordainduta izan arren.

«Nik esan nion Ebari lasai joan zedin, eta nigatik ez arduratzeko», azaldu du Urtiagak. «Nire maletak fakturatuta zeuden, baina arropaz ere ez kezkatzeko esan nion: anaia eta biok neurri berekoak gara, eta haren arropak jantz nitzakeen Kuban gelditu behar izanez gero». Handik gutxira, arduraduna agertu zen berriro, urduri: Ferreirak ere ezin izango zuela hegazkina hartu.

Horren arrazoiez galdetu zutenean, AEBetako administrazioaren erabakia zela baino ez zieten erantzun. Aireportuan bost bat ordu eman ondoren, maletak itzuli zizkieten. «Botata utzi gintuzten, lo egiteko lekua ba ote genuen galdetu gabe ere. Anaiari deitu genion, eta gure bila etorri zen atzera ere». Cubana de Aviacion konpainiako bulegora jo zuten, eta hurrengo egunean Madrilerako hegaldia bazegoela ikusi zutenean billeteak erosi zituzten.

«Air Europakoei galdetu genien ea beste hegaldirako txartelak ordainduko ote zizkiguten, eta esan ziguten ezetz, ezin zutela ezer gehiago egin», azaldu du Ferreirak. Hortaz, eta nahiz eta itzulerako hegaldia aldez aurretik ordainduta eduki, 1.100 euro gehiago ordaindu behar izan zuten, Habanatik Madrilera eta handik Loiura itzuli ahal izateko. Hegazkina hartu aurretik, Air Europako bulegoetara jo zuten, eta han agiriren bat eskatu zuten, Euskal Herrira itzulitakoan erreklamazioa jarri ahal izateko. Hori ere ukatu zieten.

«Oztopoak oztopo, erreklamazioa jarri dugu», esan du Ferreirak; «badakigu aukera gutxi daukagula, baina ez dugu amore emateko asmorik».

«Anaia bikiak»

Joxe Anjel eta Bittor Urtiaga anaia bikiak dira: abizenak ez ezik, euren agirietan agertzen den jaiotze data ere berbera dute. Baina Bittorrek ez du uste hori denik hegazkina hartzea galarazteko arrazoia: «Ez dut sinesten AEBek ez daukatela modurik jakiteko ni ez naizela Joxe Anjel. Nik uste dut hau senitartekoei ezarritako zigorra dela, argi eta garbi. Ni ez naute inoiz epaitu, are gutxiago kondenatu, eta Eba ere ez; hau zigor politikoa da».

Joxe Anjel Urtiaga «ondo» dago, «lasai, ongi informatuta, eta Euskal Herrian ireki den aro politiko berria asimilatzen», haren anaiak dioenez. Bittor Urtiagaren ustez, deportatu politikoen egoera gatazkaren beste ondorio bat da, eta garai politiko berri honetan hori ere konpontzeko bidean jarri behar da. «Jakina, haien egoera ezin da alderatu espetxean eta lehen graduan 20 edo 25 urte ematen dituzten presoenarekin, baina badaude deportatu eta iheslariak oso egoera zailean daudenak. Alde horretatik, nik uste dut, zailtasunak zailtasun, Kuban daudenen kasua salbuespena dela, eta hori Kubako Gobernuari eskertu behar zaio».

Urtiagaren senideek ez dute itxaropena galtzen egunen batean hura berriro ere Santurtziko kaleetan ikusteko, «zaila» dela dakiten arren. Bitartean, hura bisitatzen jarraitzeko asmoa dute, «oztopo guztien gainetik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna