Suteek sortu arrangurak

Joan den otsailean Lapurdiko, Nafarroako eta Gipuzkoako mendietan hedatu zen suteak mendiaren kudeaketa birpentsatzeko premia biziagotu du elkarte ekologistetan eta adituengan.

Otsaileko suteak utzi aztarnak, Urruña eta Azkaine artean, Larhun aldean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun

Bi mila hektarea inguru erre zituen, denetara, joan den otsailaren 20ko suteak Lapurdin, Nafarroan eta Gipuzkoan. Hego Lapurdiko hautetsiek berehala gezurtatu zuten mendiko laborantza suteen hipotesia, eta Nafarroako eta Lapurdiko hautetsiek ezarri zuten salaketa, ikerketa elkarlanean eramatea helburu. Asteburu hartan gertatutakoa argitzeko, berriz, ikerketa abiatu zuen Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak, Lapurdiko suteen jatorria xerkatzeko asmoz. Haren arabera, «jatorri kriminaleko su abiatzea» izan zen Azkainekoa (Lapurdi): 450 hektarea erre zituen. Bera (Nafarroa) aldetik haizeak eraman pindarrek beste sute bat eragin zuten Biriatun (Lapurdi), eta mendiko laborantzako sute baten seinaleak atzeman dizkiote Saran (Lapurdi) zazpi hektarea erre zituenari.

Zenbait eragile asaldatu egin dira sute horien ondorioz, eta kalteak «izugarrizkoak» direla salatu dute. CADE Iparraldeko elkarte ekologisten koordinakundeak gaitzetsi du mendiaren kudeatzeko maneran hutsuneak badirela. «Sekula ez dut ikusi hein horretako kalterik. Landaretza arrunt idorra zen, eta haize ufadak ikaragarriak ziren egun hartan. Urtero gertatzen dira desmasiak, dramatikoa da», deitoratu du Rafael Valdivielso CADEko kideak. Azken urteetan «faunaren erdia desagertu da», haren arabera. Onartu du mendiko laborantza suteek «pisu tradizionala» dutela, baina, haren erranetan, gizakiak mendian eragindako sute oro da «kriminala».

Jon Sudupe botanikaria da Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta suteek bioaniztasunean dituzten ondorioak neurtzea «biziki zaila» dela dio: «Ez da hainbeste ikerketarik egiten, ikusteko zinezko ondorioak zein diren». Gisa guziz, ondorioak aipatu aitzin, mendiko bioaniztasuna nolakoa den ulertu behar dela dio: «Landare komunitate nagusia larrea da, eta bazka soroak. Oihan puska batzuk ere badira haran edo toki maldatsuetan. Landare komunitateak naturalki oihana osatzeko garatuko dira: bata bestearen gibeletik helduko dira, oihana osatzeko, gehien garatu komunitatea». Esplikatu du suaren ondotik landare belarkadak jinen direla lehenik, eta horien ondotik larreko landareak —oteak, txilarrak...—; gero, lehen zuhaizñoak —fruitu landareak, elorri beltza...—, eta, azkenik, arbola handiagoak, oihana berriz sortu arte. «Garapen hori naturala da, baina prozesu biziki luzea da, mende batekoa, bederen. Suteek eragina dutela argi da denentzat. Gero ikusi behar da positiboa ala negatiboa den», dio Sudupek.

Beste tokietako ikerketak

Botanikariak uste du eragina neurtzeko beste herrialdeetan egiten diren ikerketetan oinarritu behar dela, hala nola Australian eta Ipar Amerikan. Ikerketa horietan oinarriturik dio «sute bat egitea ona» izaten ahal dela bioaniztasunarentzat, «baina, kasurako, toki berean mende batez hiru sute baino gehiago baldin badira, orduan kalteak izaten ahal ditu». Suteen kopuruaz gain, lekuaren paisaia ere kontuan hartu behar da, Suduperen arabera, «ez baita gauza bera sua Euskal Herrian edo Amazonian gertatzea». Euskal Herriko mendietan larreek eta soroek osatzen dute paisaia, eta suteak mendean hiru aldiz baino maizago gertatzen dira. «Hemen mendiko suteak badu milaka urte egiten direla, eta denak ados gara suteen ugaritzeak lurra agortzen duela. Lurreko elementuak, janaria, eta mineralak pixkanaka desagertzen dira. Sutea maiz berritzen baduzu, lurra agortuko du».

Sudupek onartu du laborantza suteek badutela tradizio azkar bat, eta mendia nola erabili, hala ulertzen direla suteak. «Artzainek, adibidez, beharrezkoa ikusten dute jarduera bat egiteko. Baina badira ikuspegi desberdinak: ibiltari bat bazara, ez da ulergarria. Mendiaz duzun erabileraren araberakoa da ikuspegia». Susmoa du suteak maiz gertatzen direlarik ondorio txarrak dituztela. «Mendean behin izaten ahal du ondorio positibo bat. Dena den, inkesta zehatzik ez da Euskal Herriko mendiarentzat, beraz, ezin da baieztatu».

Mendia kontsumo leku

Mendiaren gehiegizko erabileraren kalteak ere aipatu ditu Valdivielsok. «Fite hartu behar dira neurriak mendia zaintzeko. Geroz eta gehiago ari da kontsumo ondasun bat bilakatzen». Lekuko hautetsiei eta Natura 2000 egitasmoari premiaz biltzeko galdegin die CADEk. «Orain, edozer gertakari antolatzen dute mendian. Baina ez da egitasmorik irakasteko nola erabili behar den; jendeak ez daki zein diren ongi erabiltzeko oinarrizko neurriak».

Sudupek ere arrangurak erakutsi ditu. Klima aldaketarekin mendia kudeatzeko manera egokitu behar da, haren ustez. «Fenomeno bortitzak geroz eta gehiago izanen dira: idorte garaiak izango dira, eta haize ufada geroz eta bortitzagoak, asteburu hartan bezala. Suteak milaka urtez egin dira, baina XXI. mendean egokiak diren, besterik da». Dena den, Sudupek beharrezkotzat jotzen du mendiaren parte batzuk giza jardueratik kanpo uztea. «Europan bereziki, naturguneak betidanik moldatuak izan dira. Ez ote dira utzi behar toki batzuk giza eraginetik kanpo, gune horiek beren kabuz molda daitezen?», iradoki du.

Mendiaren erabilpena mugatzeko, ez da «mirakuluzko aterabiderik», Suduperen iritzian. «Partaide guztiak adostu behar dira. Giza praktika guziak egokitu behar dira, suteen ondotik egiten diren landatzeak barne. Landatzen badugu, gero berriz suteak izateko, arazoa ez da konpondua izanen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.