Sergio Goñi. Langileen batzordeko burua

«Lan hitzarmena negoziatzen ari ginela esan ziguten itxi behar zutela»

joxerra senar
Olatzagutia
2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Apoyos Metalicos enpresako 73 langileek batez beste hamazazpi urte egin dituzte enpresan lanean. Sergio Goñi (ELA) langileen batzordeko presidentearen arabera (Araia, Araba, 1981), esperientzia hori baliagarri izan zitekeen jarduerari eusteko, baina atsekabetuta agertu da Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin.

Hamar urteotan ez dute Olatzagutiko lantokiaren aldeko apusturik egin?

Ez dute inbertitu euro bat ere. Behiak esneak ematen zuen bitartean, eta bestelako konpromisorik ez zegoen bitartean, gutxienekoa gastatu dute. Orain, hodi handien ekoizpenarekin jarraitzeko, tailerrean inbertsio handia egitea eskatzen du. Ikusi duteez duela errentagarritasunik, eta Asturiasera eraman dute. Kito.

Zergatik itxi dute?

Egun, itsasoko haize erroten hodiak ekoizten ditugu, eta horiek tamaina handia dute. Apoyos Metalicosen ez dugu gaitasun hori lantokiaren beraren zabaleragatik. Horrez gain, portu batera garraiatu behar dira, eta horrek logistika kostu handiak eragiten ditu: kamioi batek 25 metro luzerako eta 80 tonako hodi bat mugitu behar du, gutxienez, Bilboraino. Hori dena baliatu dute itxiera erabakitzeko.

Dena den, iragarpena bera ustekabea izan zen langileentzat?

Bai, hiru urterako lan hitzarmena negoziatzen ari ginen, eta KPIaren igoera hitzartua genuen. Nahiz eta tailerra txiki geratzen ari zitzaigula nabaritu, ikusten genuen hiru urterako akordioa genuela. Azken ukituak emateko bilera genuen uztailaren 5ean, eta bilera hartan esan ziguten han-hemenka entzuten diren zurrumurruak egia zirela. Itxiko zutela.

Zer azalpen eman zizueten?

Esaten dute egoera ekonomikoa aztertu zutela. Pabiloiaren alokairua aurten amaituko zela, eta, dena aztertu ostean, erabaki zutela ixtea eta fabrikatu ahal zen tokira eramatea.

Ez dirudi halako erabaki bat egun batetik bestera hartzen denik. Zer iritzi duzue?

Euren azalpenak ez ditugu sinetsi. Kudeaketan ez dira inoiz oso serioak izan. Hiru hilerako produkzioa ematen ziguten, eta hau ez da gozoki fabrika bat: hainbeste behar ditut eta hainbeste egin. Ez, honek denbora eskatzen du. Horregatik, azalpenak ez ditugu sinetsi. Aukeratu dute ixtea, datagatik ondo zetorkielako. Udaren atarian iragarri zuten, sanferminen bezperan eta oporren atarian. Azkenean, negoziaziorako oso denbora tarte txikia utzi digute.

Zer lortu nahi zenuten?

Guk asmo argia genuen: Nafarroako Gobernuarengana jotzea, akordio programatikoan jasota baitu sektore eolikoaren aldeko apustua. Lagun zezakeen beste inbertitzaileak bilatuz. Uztailaren 17a baino lehen egon ginen eurekin, baina oraindik jardunekoa zen. Gobernua osatu ostean, eurengana jo dugu. Pentsatu genuen nahiko zutela lanpostuei eustea, baina azken bileran bizkarra erakutsi genion elkarri.Hitz onak bai, baina konpromisorik ez. Laguntza gutxi eman digu. Hori ikusita, ez genuen beste erremediorik: enpresarekin kalte-ordainen inguruan negoziatzea.

Nola daude langileak?

Egoera txarra da. Legez lor dezakeguna baino apur hori gehiago onartu dute, baina ez zegoen ia beste biderik: edo onartzen duzu enpresak proposatzen duena, edo legeak dioena onartu eta auzitara jo. Sindikatuek aholkatu digute judizialki oso zaila dela egoerari buelta ematea legeak enpresen alde egiten duelako. Orain kalean geratu gara, eta hartzen gaituenak oraingo baldintzetan hartuko gaitu. Joko zelaira jauzi egingo dugu askoz gutxiago kobratuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.