Joxerra Senar. BERRIAko kazetaria

«Halako lanek gizarteari eskaintzen diote zerbitzu publiko moduko bat»

JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
Usurbil
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Eguneroko eginbeharretan eta aktualitate politikoaren zurrunbiloan murgilduta ere, lan sakonagoetarako tartea hartzen jakin du Joxerra Senarrek (Donostia, 1976). Iazko martxoan aurkeztu zuen BERRIAko kazetariak CAN: eta hemen ez da ezer gertatu (Pamiela) liburua. Pozez jaso du prentsa idatziko Argia saria.

Halako sari bat jasotzeak zer esan nahi du kazetari batentzat?

Aitortza bat da, eta, hala den heinean, laguntzen dizu. Denok ari gara eguneroko lanean, eta ikusteak zure lanak baduela aitortza hori indarra ematen dizu, eta aurrera jarraitzeko gogoa.

CANen inguruan asko idatzi duzu. Bai egunerokoan, bai liburua ateratzeko. Ikerketa ere egin beharko zenuen. Nola eraman duzu hori guztia?

BERRIAn jorratu nuen gaia zabal. Baina egunerokoan ezin duzu gehiegi sakondu, eta hor ELAk egin zidan proposamena. Neuk banuen jakin-mina: hemen zer gertatu da? Prozesua azaltzeko gai nintzen, baina zergatiak ere jakin nahi nituen. Esfortzu pertsonal handia egin behar duzu. Ikerketa lana egin behar duzu, jende baten laguntza ere baduzun arren, informazioa lortu behar duzu, eta horrek denbora eskatzen du. Aisialditik asko jarri behar duzu. Nik uste dut merezi zuela, Nafarroako gizarteak ere bazuelako jakiteko behar bat.

Gaia presente egon da gizartean. Nola eragin du aldaketan, bai bozetan, bai gizartean?

Horrek bakarrik ez du eragin, jakina, baina izan da lehergarri bat, jendea haserre zegoelako. Gauza batzuk bazekizkien, baina horrelako liburuak garrantzitsuak dira. Bi liburu atera dira Nafarroako Kutxari buruz, eta kontakizun bat eraiki da bertsio ofizialaren aurka. Kazetariok halako lanak egiteak gizarteari eskaintzen dio zerbitzu publiko moduko bat.

Egunerokotik atera eta halako gaiak sakonago lantzea zergatik da beharrezkoa?

Egunerokoan saiatzen gara gai batzuk analizatu eta sakontzen, baina muga batzuk ditugu. Ikusten da behar bat aktualitateko gaiak jorratzeko, euskaraz ere egiteko. Euskal kazetaritzak baditu gabeziak, baina apurka ari da. Nabarmendu nahi dut esfortzu handia egin behar dugula, eta borondate hutsarekin ez dela aski. Behar da zerbait gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.