Izpirituak lagun dituzte

Garabidek diplomatura bat antolatu du Kolonbian, hango elkarteekin elkarlanean, nasa herri indigenaren hizkuntza eta kultura sustatuko dituzten hezitzaileentzat.

Jon Artano Izeta.
Toribio
2018ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Jolastia da Carlos Ruda. Gozatu egin du bisitariak bere asmakizunei igarri ezinda sumatuta. Nasa yuwe hizkuntza biziberritzeko Toribion (Kolonbia) egiten ari diren ikastaroaren arduraduna da. Proiektuaren atzean, bi talde daude elkar hartuta: Garabide, euskararen esperientziatik abiatuta hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak bultzatzen dituen euskal elkartea; eta Cecidic, bertako hezkuntza eta ikerketa erakundea. «'Irakats ezazue nasa yuwea', esaten ziguten. Hizketan bagenekien, baina nola irakatsi? Ez genuen ez materialik, ez planik...», laburbildu du Rudak. Hutsune horiexek betetzeko dihardute lanean uda osoan. Dozena bat inguru aditu ari dira, txandan-txandan, bertara etorri eta eskolak ematen. Nasak dira batzuk, maputxeak, kitxuak... baita euskaldunak ere.

«Ikasgelako hormak miazkarazten zizkieten». Noraida Valenciak ez dauzka ahazteko nasa yuwez hitz egiteagatik beren amamari pasarazitakoak. Memoria hori du, agian, bidea egiteko erregaia, Tierradentro eskualdetik, urrunetik etortzen baita astebururo. «Egunsenti lakarrak izaten dira. Garaiz iristeko, hirurak aldera esnatu ohi naiz» kontatu du, eta gero zehaztu lauzpabost ordu egiten dituela motoz, Nevado del Huila —5.365 metro— sumendiaren magaleko mendi-bideetatik, paramo hotza zeharkatuz. Erabilera faltagatik hizkuntza arrunt herdoildua duela sentitzen du, eta jarioa berreskuratu nahi du. Ikastaroan parte hartzen duten gehienak bezala, irakaslea da, eta garbi dauka etorkizunean hezkuntza «erabat» nasa yuwez egin beharra dutela.

«Gu ez gatoz inori esatera zer egin behar duten, baina bai erakustera guk zer egin genuen, interesgarri iruditzen zaiena hartu eta aplikatu dezaten». Basauriko euskaltegiko arduraduna da Arkaitz Zarraga (Bilbo, 1972). «75.000 hiztun inguru ditu nasak eta, gutxi gorabehera, ezagutza %25ekoa da». Hamarkada gutxian azkartu da galera, transmisio etenagatik. Zarragarekin batera, Ane Ortega (Bilbo, 1961) aritu da; Begoñako Andra Mari unibertsitate eskolako irakaslea da. «Nasak herri harroa dira, konfiantza handikoa, eta ondo antolatua. Geure borrokan eurenaren elementu propioak errekonozitu dituzte. Nasa yuwea bezala, euskara hizkuntza isolatua izateak eta linguistikoki gaztelaniatik urrun egoteak gurekiko konfiantza hartzen lagundu die».

Sua ikasgelaren erdigunean

Ibai koxkor baten gaineko zubia zeharkatu behar da iristeko, eta uraren murmurioa entzuten da ingurune osoan. Idilikoa da parajea: zelaia, fruta arbolak han-hemenka, eta, erdian, eraikin eder bat. Tulba esaten diote. Lastozko teilatu pikoa du, baina hormarik ez; zutabeak soilik perimetroan. Bere baitara kiribilduz doan eserleku ilara bat dago teilatupean, eta erdigunean, sua. Heliodoro da Tulban agintzen duena, thê'h wala edo xamana delako. Haren esanetara, arima garbitzeko errituak egin ohi dituzte ibaian ikasle eta irakasleek.

Taurino Cometa da diplomaturako beteranoenetako bat: «Zortzi urterekin hasi nintzen gaztelania ikasten, eskola zapaldu nuenean». Cometak badaki nondik datozen eta nora nahi duten joan: «Ez dugu izan hizkuntza irakasteko estrategiarik, pedagogiarik. Gurea ahozko kultura da; duela 50 urtera arte ez da testu idatzirik egon. Egin kontu: egitasmo honen modukorik ez da hemen inoiz egon, inoiz! Historikoa da». Badaki, halaber, bidea ez dutela txistua joaz egingo, eta egoeraren diagnosia errazteko datu gordin pare bat aipatu ditu: «1.000 ikasle daude ikastetxe honetan, eta horientzat 60-70 bat irakasle; bada, irakasle horietatik guztietatik hiruk baino ez dute hitz egiten nasa yuwez... Eta beste herrietan antzekoa da egoera, edo kaskarragoa. Irakasle dezenteren aldetik erresistentziak daude, eta ikasle gehienek, berriz, ez dute nasa yuwez hitz egiten, lotsa ematen dielako. Aldaketa politiko bat behar dugu, eta horrantz ari gara tipi-tapa».

Abiapuntua gaitza izanagatik, biziberritzeak abiada hartu du azkenaldian. Bost urte dira jada Ortega estreinaz etorri zenetik, eta mudantza handia sumatu du aurten. «Ahalduntze prozesu bat gertatu da, kontzientzia hartze bat». Zarragak ere antzeman dio: «Jendeak orain harro esaten du seme-alabei irakasten diela. Kalean ere nabari da, paisaia linguistikoan adibidez. Etagarrantzitsuena: murgiltze eskolek, ikastolen modukoek, gero eta ikasle gehiago dituzte. Baita nasategiek ere; orain arte 60ren bat ikasle izan dituzte Toribion, eta aurten 500 baino gehiagok eman dute izena».

Joan-etorriko lezioa

Ikasleekiko hartu-emanean, gurera ekartzeko moduko lezioa ere jaso dute irakasleek. «Hizkuntza ikasteko motibazioaz pentsarazi didate», ekin dio Ane Ortegak. «Benetan hau zeri buruz da? Hizkuntza bat da, bai, baina gehiago ere bai: hizkuntza da, kultura, identitatea, herria... Hemen oso argi dute hori, eta, batzuetan, irudipena dut gurean lotura hori ahulduta dagoela. Garrantzitsua da euskarak balio instrumentala izatea, jakina, baina ezin dugu ahaztu euskara guretzat komunitatea ere badela, herria, mundua ulertzeko modu bat, geure modua».

«Nahiz eta zurien moduan jantzi, hizkuntza da nasa izatearen funtsa». Ruda baikor dago datorren testuinguruekin: «Lehen, batzarrak erabat gaztelaniaz ziren; orain, aldiz, hasiera-eta nasa yuwez egiten ditugu. Zaharren hizkuntza dela esan ohi ziguten; baina orain ez... Poliki, baina irabazten ari gara».

Bisitariak konbentzimendu bat darama diplomaturako ikasleak agurtzean: nasa talde honek erabakimena eta borondatea, behintzat, baditu. Gainera, berek esan ohi dutenez, «izpirituak gure alde ditugu». Agurtu aurretik, azken galdera Rudari: «Elefantea? Kar-kar-kar... Elefantea da zimurtutako handia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.