Gazako borrokek agerian utzi dute oinarri ahula dutela meniarako saiakerek

Israelen eta Hamasen arteko tentsioa areagotu da asteon, eta Netanyahuk «tolerantzia gabeko» estrategia militarra sustatuko du. Hiru palestinar hil ditu egunotan Tel Aviven armadak; martxoaren 30az geroztik 217, NBEren arabera
Palestinarrak eta Israelgo poliziak atzoko talketako batean.
Palestinarrak eta Israelgo poliziak atzoko talketako batean. A. AL-HASHLAMOUN/ EFE

Ander Perez Zala -

2018ko urriak 20
Sei hilabete dira Gazako palestinarrek Itzuleraren martxa handia manifestazio sorta abiatu zutela. Hasieran ostiraletara mugatzen ziren arren, pixkanaka astelehenetara eta asteazkenetara ere zabaldu dituzte protestak, eta, gaur-gaurkoz, palestinarrek ez dute nekerik erakutsi, ezta protesten erritmoa baretzeko asmorik ere. Manifestariek, beraz, ia 25 astez frogatu dute badituztela protestarako, borrokarako asmoak, Israelgo armadaren erantzun odoltsuak jasotzen ari diren arren. Kaleko protesta horiek, batez ere Gazaren kontrola duen Hamas talde politiko islamistak sustaturikoak, negoziazio politikoekin ari dira uztartzen, Egipto bizilaguna bitartekari lanetan ari dela: su-eten baterako aukera dago mahai gainean. Herritarrek presioa kalean mantentzen duten bitartean, Israel eta Hamas meniarako aukeraz eztabaidatzen aritu dira, baina asteon Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta Defentsa ministro Avigdor Liebermanek egindako adierazpenek, alde batetik, eta Hamasen protestarako deiek, bestetik, agerian utzi dute su-etenerako aukerek oinarri ahula dutela.

Asteon areagotu da, batez ere, bi aldeen arteko tentsioa. «Erasoak ez badira gelditzen, guk geldiaraziko ditugu. Israelek indar handiz erantzungo du», adierazi zuen Netanyahuk iragan asteazkenean, ministroen kontseiluaren ostean. Antzera mintzatu zen Lieberman: «Hamasi kolpe serio bat emanda, bost urteko bakea izango genuke Gazan. [Han] Ez dago pertsona errugaberik». Tentsio hori areagotzen zen bitartean, Egiptoko Gobernuaren ordezkaritza bat Ramallahen izan zen herenegun eta atzo, Al-Fatahen ordezkariekin mintzatzeko, tartean informazio zerbitzuen buru Majid Farajekin; bileraren berri eman arren, Egiptoko ordezkariek ez zuten zehaztu Israelen eskariei buruz aritu ote ziren.

Horiek horrela, aurrerapauso faltak eragin du, Hamasen diskurtsoarekin batera, Israelek «tolerantzia gabeko» estrategia militarra sustatzea; izan ere, asteotako diskurtso gogorra hitzetatik ekintzetara eraman zuen atzo agintari israeldarrak: armadak 2014az geroztik izandako maniobra militarrik handienak egin zituen Gazako mugan, eta 60 tanke hurbildu zituen eremu horretara 10.000 palestinarrek parte hartu zuten protesta abiatu aurretik. Gazako osasun iturrien arabera, 115 zauritu izan ziren tiroketen ondorioz, baina Tel Aviven hamaikagarren mehatxuek, Hamasen eledun Fawzi Barhoumen arabera, ez dute palestinarren erantzuna murriztuko: «Israelen mehatxuei aurre egiteko modu egokiena da protestetan parte hartzen jarraitzea. Mehatxuek herritarrak motibatzen dituzte mugara joateko, eta han protestatzeko».

Publikoki, bi aldeek adierazi dute «akordio bat» lortzeko nahia; alegia, epe luzerako su-eten bat finkatzekoa. Israelek, orduan, ez luke Gazaren garapen ekonomikoa oztopatuko, eta Hamasek, berriz, Tel Aviven aurkako protestak antolatzeari eta erasoak egiteari utziko lioke. Erabaki horiek zehaztuta dauden arren, menia ez da indarrean sartzen, negoziazioetan ez dute behin betiko baiezkoa ematen; aldi berean, konfrontaziorako diskurtsoarekin jarraitzen dute, eta, horrela jarraituz gero, orekari eustea geroz eta zailagoa bilaka liteke.

Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbilerako mandatari Nickolay Mladenovek ohartarazi zuen «tentsioa murrizteko eta gatazka armatu bat saihesteko garaia» dela. Irtenbidea, haren iritziz, lotuta dago Hamasen «probokazioak» eta Israelen boikota amaitzearekin.

Nakba bezpera, odoltsuena

Maiatzaren 14an izan zen protesta sortaren egunik odoltsuena: lau orduan, gutxienez 55 palestinar hil eta 2.400 zauritu zituen Israelgo armadak, AEBen Jerusalemgo enbaxadaren irekieraren aurkako manifestazioan; Nakbaren bezpera zen —palestinarrek beren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera gogora ekartzen dituzten eguna—.

NBEren arabera, martxoaren 30etik Israelgo armadak 217 palestinar hil ditu—hiru asteon— eta 22.897 zauritu. Maiatza izan da hilabeterik odoltsuena: 80 hildako eta 3.319 zauritu izan zituzten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna