Antoni Batista.
Kataluniako prozesu subiranista. IRITZIA

'Omnium faktorea'

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Independentismoaren kontrako epaiketak politikan jarri du arreta. Logikoa baino logikoagoa da hori, baina ezin da ahaztu kultura katalanaren kontrakoa ere badela epaiketa. Omnium Culturaleko presidentea, Jordi Cuixart, aulkian eserita dago. Kultura handiko gizon onbera da, baketsua, eta dagoeneko urtebete baino gehiago eman du preso. Aintzat hartzekoa da haren soslaia: hain da agerikoa haren moraltasunaren handia, non lotsaz gorritu behar luketen inola ere egingo ez lituzkeen delitu batzuk leporatzeko gai izan diren lotsagabeek. Hasteko, lehen auzi egunean Benet Salellasek eginiko defentsa bikainak begien bistan utzi zuen intoleranteentzat deserosoagoa izango dela kultura edukitzea aulkian eserita, politika edukitzea baino.

Omnium funtsezko erakunde bat da gure hizkuntza, literatura eta oroimena babesteko. Barçarekin eta Kataluniako Orfeoiarekin batean, balio sinboliko handia du, eta Euskal Herriak ondo ulertuko du zer den guretzat Omnium Cultural, berak ere ondotxo baitaki, minez jakin ere, zer den inork zure sinboloei erasotzea. Frankismoa ere saiatu zen, eta ezin.

Omnium, hain zuzen, Letra Katalanen Ohorezko Saria da, kategoria intelektual goreneko pertsonaiei emana: Jordi Rubio, Joan Oliver, Francesc de B. Moll, Salvador Espriu, Josep V. Foix, Joan Fuster... Omnium, era berean, Eleberriaren Sant Jordi saria da: Maria Aurelia Capmany, Josep Pla, Manuel de Pedrolo, Pere Calders, Merce Rodoreda, Montserrat Roig, Baltasar Porcel... Eta Omnium, gainera, Poesiaren Carles Riba saria da: Joan Vinyoli, Blai Bonet, Miquel Marti Pol, Pere Quart, Maria Merce Marçal...

Sorreratik bertatik, 1961eko erresistentzia hartatik, aktibismoan ari da Omnium; politikan ez, baizik hain justu kulturan aritzea du lehentasun, eta horrexek ematen dio indar berezia. Politikak bereiz baitezake kulturak batu duena. Subiranismo kulturalak malgutasuna ematen du; hain zuzen, subiranismo politikoan batzuetan faltan sumatzen den malgutasun bat.

Mezenasgotik industriara pasatutako kultura baten plataformetako bat izan zen Omnium. Burgesia katalanak sortu zuen, Edicions 62 eta Edigsa diskoetxea sortu zituen bezala: bi horiek ezinbestekoak izan ziren liburuaren industria hedatzeko eta nova cançó izenekoari bozgorailu bat emateko. Gaur egun ere, kultur plataforma handi hori da Omnium, 120.000 bazkideek ematen dioten bizitasun eta autonomia duena: orain, betiko kuotak ordaintzeaz gainera, diru gehiago jartzen ari dira, prozesuaren ondorioz intolerantzia inkisitibo ezjakinak ezarritako isunak pagatu ahal izateko.

Errepresioak oldarrari ekin baino lehentxeago, Omnium gidari aritu zen memoria historikoaren borroka baketsu handian, frankismoaren krimenak salatu nahian. Herritarren ekitaldi handi bat egin zen Bartzelonako Model presondegian, non zigorrak bete baitzituzten libertatearen aldeko hainbat eta hainbat borrokalarik, non garrotean exekutatu baitzuten Salvador Puig Antich, non gaua igaro baitzuen Juan Paredes Txiki-k fusilatua izateko bezperan. Cuixart ikusi nuen azken aldian, hain zuzen, Model espetxean ikusi nuen, preso politiko guztien ohorea aldarrika, bera ere zerrendan agertzeko atarian zegoela.

Ekitaldi haiei, ordea, Omniumeko aurreko zuzendaritzakoek ekin zieten: Muriel Casals, zorigaiztoko istripu batean hila, eta Quim Torra. Hain zuzen, Torra aritu zen Nabarralderekiko harremana estutzen, Angel Rekalderen lan onari esker, eta, halaxe, bisitan etorri zen Iruñeko alkatea, Joseba Asiron. Omniumeko agendan Torrak zuen azken ekitaldia, gainera, Oñatiko Unibertsitatean eman beharreko hitzaldi bat zen, memoriaren esparruei buruzkoa. Rekaldek estimu handiz gordeta dauka Quim Torraren azken mezu elektronikoa: hitzaldia ezin eman eta, barkamena eskatzen zion mezuan, nahiz eta arrazoi sendo bat izan, hots, Kataluniako Generalitateko presidente hautatu berria izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.