Diputazioek ez diete pagatu behar opor fiskalen dirua itzuli dutenei

Jon Fernandez.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Helados y Postres SA konpainia gasteiztarrak uste du Arabako Foru Aldundiak hautsi egin zituela «konfiantza legitimoaren printzipioa eta segurtasun juridikoarena», opor fiskalen onurak —sozietate zergaren kenkariak— baliogabetu egin baititu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek enpresa berriak laguntzeko sortu zituzten opor fiskalak 1990eko hamarkadan, baina Europako Batzordeak legez kontrakotzat jo zituen 2001ean, eta enpresek dirua bueltatu behar izan zieten hiru foru ogasunei, interes eta guzti.

Helados y Postres SA konpainiak 327.800 euro pagatu behar izan zituen interesetan, eta salatu zuen horren ondare erantzukizunak Arabako Diputazioarena izan beharko lukeela, 2007an eskatu baitzien enpresei dirua bueltatzeko: jakina, Bruselak zigorra ezarri eta sei urtera eskatu zienez dirua itzultzeko, enpresek sei urteri dagozkien interesak pagatu behar izan dituzte.

Horrek, enpresaren ustez, kalte ekonomikoa egin die, eta nahi du ogasunak diru hori bueltatzea enpresari. Alabaina, kontrakoa ondorioztatu du Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien III. Salak, lehenago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (2016an) eta Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegi batek (2015ean) egin bezala. Gorenaren arabera, Arabako Diputazioak «ez dio kalterik egin» enpresari, Bruselaren aginduz, dirua bueltatzeko eskatzeagatik; areago, Gorenaren epaiaren esanetan, konpainiari dirua bueltatzeko eskatuta «enpresen arteko lehia ekitatea» berreskuratu zen. Gorenaren ustez, kaltetuak, izatekotan, opor fiskalen onurarik jaso ez zuten enpresak izan dira, inolaz ere ez bere garaian onurak jaso eta gero itzuli zituztenak.

Gainera, Gorenak gogora ekarri du Bruselak opor fiskalak legez kanpokotzat jo baino lehen ere bazegoela eztabaida gaiaz; beraz, Helados y Postres SA «erabat jabetzen zen laguntza erregimen horrek zailtasunak zituela eta zalantzak eragiten zituela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.