ARKUPEAN

Beren buruaz bestek

Mikel Elorza -

2018ko irailak 12
Gertakari historiko handien bezperan, irailaren 10a Suizidioaren Prebentziorako eguna da, nazioarteko izendapen horien arabera. Eta halakoetan normala denez, datuz betetzen dituzte albisteak eta gogorarazten eta, esango nuke, baita ohartarazten ere, oso altua dela bere buruaz beste egindako jendearen kopurua. Hildakoak, Espainian egunean hamar. Erraz esaten da: egunean 10. Frantzian handiagoa da kopurua, bikoiztu eta gehiago egiten du (biztanleria handiagoa, jakina): egunean 30. Hau esaten ere ez da erraza.

Estatistikez gain, zioen zerrendak eta, adituen ahotan, azalpenak ere iristen dira egun horren inguruan. Biharamunetik berriro isiltasunera kondenatutako azalpenak, oraindik ere jendaurrekoa ez den gaia baita suizidioarena. «Gaixotasun luze bat» esapide enetzat erbestegarriaren antzera, «argitu gabeko arrazoiak» edo isiltasun hotza izaten dira bere buruaz beste egin duenaren inguruko azalpenak, azalpenik dagoenean. Normalean, pertsona jendaurrean bota ez bada, suizidioarena hilkutxa barruan joaten da, gorpuarekin, suaren edo harren bazka bihurtzera. Ez behintzat jendearen txutxu-mutxuetarako bazka izatea, ahal dela.

Asko dira arrazoiak, jakina, baina banaketa handi bat egin daiteke, diot ene ezjakintasun harro honetatik: bere buruaz beste egitea erabaki beregaina denean; eta ez denean. Bizimodu arrunt bat eroanik, aparteko presio ekonomiko, psikologiko edo sozialik gabe bere buruaz beste egiten dute batzuek. Akidura existentzial baten ondorioz, momentu oso jakin batekoa izan daitekeen nekea, bizitzen segitzea badute, baldintza horiexetan, baina ez dute nahi. Beti topatu ahalko da kanpoko faktorerik, faktore oreka-hauslerik, baina nik uste badirela besterik gabe egiten dutenak, horixe delako hartu duten erabakia. Tarteko egoera batean jarriko nituzke porrotak suizidarazitako jendea. Porrot horretan norberarenak ez ezik kanpoko faktoreek ere eragina izan dezaketelako. Eta beste talde handia da, egiten ari naizen sailkapen oso estereotipatu honetan, batez ere besteek bultzatuta bere buruaz beste egindakoena. Hauen kasuan, askotan, eta euskarak ematen digun baliabidea medio, esan genezake ez direla suizidatu, suizidatu egin dituztela baizik (polizia-etxe eta ziegetan konjugatzen da ondo aditz hau; eta Anuk datorkit derrigorrean akordura). Talde honetakoak bultzatuak izan dira suizidiora: gizarte-presioak edo baldintza sozio-ekonomikoek. Bizitzen segitu ezin dutenena, ez zaielako uzten.

Bakardadea, depresioa, isolamendua... borrokatu beharreko elementuak dira. Jendarteak, komunitate gisa, Administrazioaren gainetik, lan bat egin beharra dauka. Komunitate izateko lana egin behar du, eta ez soilik norbanakoen batura bat. Bakardadea aukeratua izan dadin, eta ez inposatua. Hor prebentzioa egin daiteke, baina ez da batere erraza norbanakoa aldarera igoa duen gizarte honetan; eta ez da ondasun materialen kontua (Finlandia aurreratua, hezkuntzan denon iparrorratz, suizidio tasa oso handia da —eta akaso boskimanoen artean ez—).

Baina ondasun materialen kontua ere bada, eta hor prebentzioa egin daiteke, baina ez da psikologo eta terapeuten lana. Gizarte lehiakor kapitalista honetan aurrera ezin eginak eragindakoak baitira suizidio asko. Suizidio bezainbeste hilketa ere kontsidera daitezkeenak. Zeren eta, bai, bere buruaz beste egiten du urliak, sandiak, berendiak, baina baldintza ekonomiko-sozial jakin batzuk izan balitu seguruena ez zukeen egingo. Eta hainbat kolektibotan (nerabe homosexual eta trans-ak...) nork kasua erabili beharra dago: ez dira suizidatzen, suizidatu egiten ditugu.

Soka, jauzia... haiek jartzen dute, baina hara beste esku batzuek igo dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna