Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Senekaren alde, Skolae

2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Senekarena ei da ondoko aipua: «Non scholae, sed vitae discimus» edo, itzulpen aski librean, «ez ikasi eskolarako, bizitzarako baizik». Luziliorentzako gutun moralak izenburuko bere lanetako baten ageri da esaldia, eta bere ekarpena da garai hartan pil-pilean zegoen hezkuntza-eztabaidaren inguruan: «Etikaren printzipioen arabera bizitzeko laguntzen ez badu, zertarako balio du eskolak?», galdetzen du beste pasarte ezagun batean.

Orduko Erromatik gaur egungo Nafarroara jauzi handia dago, ia kosmikoa. Harrigarria da, baina, ikustea zein gutxi aurreratu dugun beste aunitz arlotan, eta baita apur bat etsigarria ere.

13 urte nituen sexu-heziketako (sic) lehen eta azken saioa jaso nuenean. Don Joseri egokitu zitzaion saioa ematea; gogoratzen dudalarik, ia-ia erruki zait gizarajoa. Erretirotik gertu zegoen bera, gu berriz, aitzakiarik nimiñoenarekin nerabetasunaren hiru pistako txirristan gora eta behera gindoazen gazteak. Zientzietako laborategira eraman gintuen, eta giza-anatomiako deskribapen txar bat zekarren bideoa bat jarri zigun; argiak piztuta utziko zituela abisua eman zuen, zer gerta ere. Emankizuna amaitu zenean, matrailak gorritik ia morera antzaldatzen zitzaizkion bitartean, ikusitakoa etxean edo lagunartean osatzeko esan zigun Don Josek. Atseden-ordurako dezente falta bazen ere, irteteko agindu zigun; hark behar zuen, geuk baino askoz gehiago, atseden edo bakea.

Horraino iritsi zen neuk, eta nire garaiko ikasle askok edo ia guztiek, eskola-garaian jaso genuen sexu-heziketa sasikoa: sexuarekin eta heziketarekin batere zerikusirik izan ez zuen ordubeteko saio esperpentiko bat. Artean, halaxe izango zen eskola ia guztietan, edo okerrago, geurea behintzat laikoa baitzen, ez horregatik bereziki aurrerakoia, baina. Genero-desberdintasunez, autonomia emozionalez, tratu onez edo errespetuez ez zigun sekula inork hitz egin. Azterketa hori gainditu beharrik gabe iritsi gara hona.

Skolae da modu sistematikoz geure hezkuntza-sistemek izan duten gabeziari heldu dion saiorik serioenetakoa. Asmatuko du, edo ez, edukietan, erritmo edo baliabideetan, eta zilegi da horien inguruan zalantzak eta iritzi propioak izatea. Azken boladan zalaparta eragin duten kritikek, ordea, zerikusi gutxi dute, batere ez esatearren, programarekin berarekin, eta asko, gehiegi, dogmatismo eta itxurazko asaldatze moraletik (jarrera politiko eta lehia elektoralarekin ez esatearren).

Desberdintasunak auzi sozialak dira, ez familiartekoak, eta beraz, biolentziak, bazterketak, era guztietako bortxazko matxismoa arazo sozialak dira, eta bizitzarako prestatu behar dugu geure burua, nola etxean hala eskolan. Eskolak ez du den-dena egingo, baina bere partea egin behar du. Eskolari ezin zaio gizon eta emakumeen arteko desberdintasunen errua egotzi, baina soluzioaren aldera lerratzea dagokio. Eskolak hezi egiten du, baina ez da berea ardura osoa. Familiek, lagunarteek, hedabideek, lanaren munduak, arteak edo aisialdiak ere hezi egiten gaituzte, eta beren partea dute. Eskola da, baina, horretarako ardura eta betekizuna, legez, ezarrita dituen makro-egitura ia bakarra. Bere egitekoa (ere) bada, beraz, hezkidetza.

Zera nahiago izango zuen Senekak: Don Joseren bideoa edo Skolae? Bizitzarako tresnak eman behar dizkigu eskolak, egiten irakatsi behar digu, eta baita izaten eta jakiten ere. Eta gaur egun, elkarbizitzarako ezinbestekoak zaizkigun ikasbideen artean, gizon eta emakumeen arteko egiturazko desberdintasunen aurrean geure burua janztea da garrantzitsuenetako bat, eta baita premiazkoena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.