Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zuhurtzia

2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Txikitan ikasten dena, antza, iltzatuta geratzen zaigu, eta gutxien espero denean agertzen da, buru-barrutik mintzatzen den ahotsaren gisan. Niri noizean behin amonarena azaltzen zait. Etxeko atarian eserita dago bera, piztien gisan korrika eta zalapartaka ari garen bilobak zaintzen: «Ez ibili hain bizkor, umeok, zerbait apurtuko duzue-eta». Ez dakit atariko loreontziez edo gure hanka-besoez ari den, baina berdin dio, abiaduraren eta arriskuaren artean nolabaiteko lotura dagoela ikasteko nahikoa izan baitzen. Jolastu zaitezte, esaten zigun, baina zuhurtziaz, kalterik ez egin edo ez eragiteko.

Iraganarekin apurtzen jakitea artea da, gutxi praktikatzen duguna, edo ia batere. Zaila da, mingarria eta arriskutsua, erditu beharreko garai berriak oreka zailean jaiotzen direlako, odolustu diren herrien kasuan bereziki. Azken aste hauetan adibideak pilatu zaizkit; iraganak gutunak idazten dizkigu, gaurko begiez irakurtzen ditugunak. Bi letter ez, hamaika jaso ditugu. Batxilergoa egiten ari diren alabak harrituta daude, ikasgai berberak baitaude Historiako liburuetan eta telebistako albisteetan: apunteak hartzen dituzte periodikoa azpimarratuz.

Peronismoa itzuli da Argentinara. Peronismoa? galdetzen dute, eta atzera egin behar dugu azaltzeko hango kontua ez dela Madonarengatik, beste ilehori batengatik baizik. Txileko Santiagon jende-uholdeak kantu egiten du manifestazio erraldoietan. Gitarrak ateratzen dituzte eta isiltasuna erabatekoa da une batez, sokak tenkatu eta milaka eztarri batera abesten hasten diren arte. Une horretan, masa desegin egiten da, eta Victor Jara ageri da guztien buru, eta Amandarekin gogoratzen gara. Militarrek triskantza handia egin dute jendartean. Furgoietara sartzekotan daudenean, atxilotuek beren izen-deiturak eta bizitokia oihukatzen dituzte ingurukoek entzun bere berri zehatza jakin dezaten, ikasi baitute Historiak lekukoak behar dituela, abestiak kontrakoa esan zigun arren, ezin baita segurutzat eman noizbait kale horiek berriro zapalduko dituzten. DNAn pilatzen da beldurra, ez testuliburuetan.

Amonak zuhurtzia eskatzen zigun jolasean, baina ongi zekien aholku horrek ez duela balio iragana eta balizko etorkizunak lotzen dituen zubi estu eta mehea eraikitzeko. Batzuetan ezinezkoa da, nahitaez egin behar dela zirt edo zart: bakeak egin behar dira joandako denborekin, bai, baina osorik eta behin betiko. Amona geureak, eta milaka amonek, bizitza ia osoa eman zuten inork inoiz sendatu ez zien min sarkorrarekin: galdutako senitartekorik gabe eta ahopean esandako hitzak ahoz gora esateko beldurrez.

Joan den astean Francoren gorpuzkiak atera zituzten Cuelgamuroseko haraneko monumentu publikotik, diktadoreari berari eta haren ingurukoei ohorez aitortu zitzaien tokitik. Zuhurtziaren izenean eman zaio denbora honetan guztian toki hori, eta gure artean oraindik Erorien Harana esaten diogu, Desagertuen, Hildakoen, Bahitutakoen Harana beharko lukeen arren. Zuhurtziaren izenean egin da oraingo desobiratzea ere, bizkorregi delakoan, 40 urte luze igaro diren arren, iraganarekin behin betiko apurtzeko. Isilean atera nahi izan omen zuten, baina futboleko final baterako telebista-emankizuna segurtatu dute, minutuz minutu iragarriz, xehetasunik txikiena galdu gabe.

Gauzak nola diren, aste honetan bertan teknologia kontuetan ospe handia duen Wired aldizkarian iragarki bat ikusi dut amonaren hitz berberekin, baina beste hurrenkera baten jarrita: «Ibili bizkor eta apurtu zerbait». Egin ezazue, azkar eta behin betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.