Urak nahasi dira VWen

Lan itunaren negoziazioa blokeatuta dago Landabenen, eta, motor horniduren arazoengatik, hemezortzi egunez geratu behar izan du Volkswagenek. Hauteskunde sindikalak ate joka daudela, UGTren eta CCOOren aldeko fabore tratua salatu du LABek.

joxerra senar
Iruñea
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Ainara Errok ia 11 urte eman zituen Volkswagenen lanean, bere haurra zaintzeko orduak murriztu zituen langile finko baten lanaldia osatzen. Behargin hori zortzi orduko lanaldira itzuli denean, urteotako esperientziak ez dio balio izan Errori. Ez diote kontraturik berritu. Itxaropenik ere ez zuen. «Argi nuen bota egingo nindutela. Aspalditik espero nuen, nahiz eta albokoek esan hemen geratuko nintzela». 4.800 langile inguru dituen fabrika handi batean, kasu bakan bat irudi dezake, baina, LABeko Raul Portilloren arabera, UGTren eta CCOOren mesederakofuntzionamendu oso baten isla da. Landabenen, apirilaren 1erako daude deituta hauteskunde sindikalak, eta inork ez du zalantzan jartzen bi sindikatuok gailenduko direla.

Errok salaketa hori egiten du, berea ez baita meritu edo esperientzia faltaren arazoa. «Nire lanarekin pozik zeudela esaten zidaten». Irailaren 13an egin zuen azken eguna Landabenen, eta oso haserre amaitu zuen. «Nik ikusi izan dut bazegoela jende bat beti berandu iritsi izan dena: arazoak zituen lankideekin eta lana gaizki egiten zuen, baina finko egin dituzte; ni, aldiz, 11 urtean behin iritsi naiz berandu». Haren esanetan, VWen erabakietan pisu handiagoa du CCOO eta UGT sindikatuen afiliatu izateak. «Hori oso argi ikusten da han barruan. Enpresa pribatu bat da, eta nahi dutena kontratatzen dute. Euren jendea egiten dute behin betiko».

Behinola, bere lanaldi murriztua handitzen laguntzeko eskatu zion LABeko ordezkari bati, baina hark ihardetsi zion ezingo zuela ezer egin, «zerrenda beltzean» zegoelako. «Lanean hasi nintzenean, kaleratze batzuk salatzeko lanuzteak egin ziren, eta parte hartu nuen. Pentsatzen dut markatu egin nindutela».

Egunkari batera igorritako gutun batean bizitakoa salatu du. «Jende askok pentsatzen du VWen gauzak oso ondo daudela, eta ikustarazi nahi nuen benetan zer egoera dagoen. Kontzientziak ere astindu nahi izan ditut. Arrazoi dudala esan dit jende askok, baina haiek lanean daude, eta ni ez». Gazteen erantzunak kezkatzen du. «Okerrago daude, eta izorratzen nau ikusteak ez dituztela defendatzen euren eskubideak. Ez dute ezergatik protesta egiten».

«Zuen bila doaz»

LABeko Raul Portilloren arabera, VWek kontrol neurriak zorroztu ditu. «Iraganean, batzuk sartzea lortzen genuen. Ez ginen saski berekoak, azal garratzekoak baizik. Halaxe deitzen gintuzten». Iragan hamarkadan gatazka handia izan zen, eta orduko giza baliabideetako arduradunak ohartarazpen bat igorri zion LABi: «Zuen bila doaz». Orduan, sindikatuak ez zuen jakin asmatzen esanahia, baina denborak beste ikuspegi bat eman die: «Gure afiliatuak erretiratu ahala, ez dugu belaunaldi berririk ordezkatzeko».

Izan ere, Volkswagenek tentuz begiratzen du sartu berrien jatorria. «Duela gutxi, lankide baten ilobari galdetegia egin zioten. Berekin ziren beste laurei ohiko galderak egin zizkioten; hari, berriz, sindikatuez eta manifestazioez zer pentsatzen zuen galdetu zioten. Ukatu egin zuen seniderik zuela fabrikan, baina behin eta berriz galdetu ostean, amaren ahizparen senarra [osaba] ezagutzen zuela onartu zuen. Izen-abizenekin ezin zuten jakin, baina bazekiten». Lauburuak soinean eramatea edo euskaraz egitea ere «kaltegarri» izan daiteke, Portillok dioenez.

Hala ere, sartzea lehen urrats bat besterik ez da; soilik bost behin-behinekotik bat egiten dute finko. «Guk ezin dugu behin-behinekoekin hitz egin, bestela gurutzetxoa izaten dutelako gainean. CCOO eta UGT arduratzen dira zaintzaz, euren jendea finko egitea nahi dutelako», dio Portillok.«Behin, neska bati otu zitzaion nirekin hitz egitea. Erantzun nion halakorik sekula ez egiteko. Zergatik? Nora begira daude gainerako guztiak? Hona, LABekoarekin nola hitz egiten ari zaren begira».

ELAko Igor Peñalverrek ez du jarri nahi izan azpimarra eragozpenetan. Haren ustez, behin-behinekoek eta lanaldi murriztua dutenek daukate «egoera larriena». Duela urte batzuk, hasi berriek soldataren %85 kobratzen zuten; egun, berriz, %75. «Hiru urte behar izaten dituzte soldata osoa jasotzeko, eta, horretarako, maiz gauza asko egin behar dituzte». Gaitzetsi du enpresak nahieran erabiltzen dituela malgutasuna aplikatzeko.

Portillok irmo salatu du egongaiztasuna. «Espezialista baten kategoriara igo beharrean, soldatak jaisten ari zaizkie. Klausula bat sinatzera behartzen dituzte, eta, datuak babesteko legea baliatuta, oraingoz ezkutatu egin digute edukia. Susmoa dut ez dela oso legezkoa. Lan egin nahi baduzu, belaunikatu: hori da azken mezua».

Martxo aldera, T Cross modeloa ekoizten hasiko dira Landabenen. Zuzendaritzak 2019ko produkzioaren kopurua zehaztu ez badu ere, lanpostu gehiago sortzea espero du. Lehenik, bigarren modeloari aurre egiteko, 2016ean, CCOO eta UGTrekin hitzartutako enplegu planean, VWek konpromisoa hartu zuen 300 eta 500 enplegu artean sortzeko. Bestetik, zuzendaritzak argi utzi du langile zaharrenak erretiratu eta fabrika gaztetzeko asmoa duela.

Bi aldagaiok giltzarri dira lan itunaren negoziazioan, baina elkarrizketa blokeatuta dago, ia hasieratik. Maiatzean, UPNk iragarri zuen Rajoyrekin VWeko langileak aurrez erretiratzeko 80 milioi euroko akordioa lortu zuela estatuko aurrekontuetan, baina akordioa paper errea izan zen, PPk ez baitzuen jaso aurrekontuen testuan, eta zentsura mozioak gobernutik atera baitzuen Rajoy.

Behin Pedro Sanchez gobernuan, automobil ekoizle handiak kontratu erreleboa negoziatzen ari dira Madrilekin: baldintza jakin batzuetan, autogintzako 61 urtetik gorako langileak erretiratuta langile gazteagoak kontratatuko lituzkete, eta trukean hainbat pizgarri jaso. Laster ezagutaraziko dituzte nondik norakoak.

Errelebo kontratuen zain

Egoera horretan, VWek hemezortzi egunez itxi behar izan du irailetik urtea amaitu arte. Azalpen ofiziala da motorrak hornitzeko arazoak daudela balbulak ekoizten dituen Magneti Marelli taldearen ondorioz, eta Iruñeko VWen eta Martorellgo Seaten fabrikak gelditu behar izan direla. Haatik, beste arazoak tarteko, beste hainbatekoizlek ere lantokiak itxi dituzte: Mercedesek hamahiru egunez Gasteizen, Opelek Zaragozan, eta Citroenek Vigon. «Auto ekoizleek finantzaketa publikoa nahi dute, eta Rajoyrekin lortu ez zutena lortu nahi dute Sanchezekin», dio Portillok. Errelebo kontratuaren negoziazioari begirako presio neurria dela uste du.

Fabrika barrura begira ere presioa ezarri du, ordea. Lan ituna desblokeatzeko bide bat izan zitekeen lanuzteena: «Baina nola egin greba, ez badaukagu lanik motorrik gabe gaudelako eta etxera bidaltzen bagaituzte?», azaldu du Peñalverrek. Argi du errelebo kontratuaren akordioak desblokeatuko duela dena, eta langileen erretiroen kostuaren arabera askatuko direla beste korapiloak: soldaten igoera edo lanpostuen sorrera. Urak nahasi dira Landabenen, eta 2019an ikusiko da bere onera itzuliko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.