ARKUPEAN

Haserrea

Amaia Nausia Pimoulier -

2018ko abenduak 6
Gaur jai eguna hartu dut lanean. Normalean lanarengatik eta familia ardurengatik egin ezin ditudan gauzak egiteko aprobetxatu dut; mandatuak egin eta ile apaindegira etorri. Tinteak «gora» egiten didan bitartean Garbiñeri galdetu diot ea inporta zaion portatila entxufatzea biharko BERRIArako bidali behar dudan artikulua idazteko. «Ez neska, tira, jar zaitez hor lasai». Hau izan da aurkitu dudan tarterik egokiena, egia esateko, bakarra, eguerdian korrika haurren bila joan behar naizelako etxean bazkaltzea tokatzen zaie eta. Beraz, hemen, tintea ilean dudalarik eta lehorgailuaren soinuak dena hartzen duelarik, tekleatzen nabil.

Emakumez inguratuta nago, sartzen diren gizonak 20 minutu baino ez dituzte pasatzen, «betikoa?» galdetzen die Garbiñek, «bai, betikoa». Lehen ordutik, berriz, sei emakumek jarraitzen dugu hemen, langileak eta bezeroak, kolorea eta formaren inguruko aipamen solteak eginez, baina ez soilik. Garbiñeren ile apaindegian goiz honetan entzun ditudan elkarrizketak ez dira rulo eta metxekin lotzen ditugun topikoak, ezta «prentsa arrosaren» inguruko komentarioak ere. Ez, gaur hemen gauden emakumeon kezkak bestelakoak dira. Gaur jakin izan dugu La Manadako bortxatzaileek 9 urteko zigorra baino ez dutela jasoko eta oraindik VOXek, alderdi faxistak, matxistak eta arrazistak, Andaluzian ateratako emaitzen resakaren menpe gabiltza. «Beldurgarria da», esan du nire ondoan ilea mozten ari zaizkion 60 bat urteko emakumeak. Adinagatik faxismoari buruz zertxobait badaki berak. Horretaz gain, Rakelek, beste langileak, galdetu digu ea atzo Urrezko Baloiaren sari banaketan aurkezleak emakume irabazleari, Ada Hegebergi, egin zion galdera entzun genuen. Tuerking dantzatzen zekien galdetu zion norvegiarrari. Futbolariaren aurpegiak harridura eta lotsa islatzen zuen aldi berean. Hori da, besteak beste, arazoa; gu erasoak jasaten ditugunok beldurtuta, lotsatuta bizi izan garela, eta «nahikoa da», esan diogu batak besteari. «Haserrearen garaia da, ez lotsarena edo beldurrarena», esan diet nik, «borrokaren garaia», erantzun dit ilea mozten ari zaizkion nire adineko beste emakumeak.

Belaunaldi ezberdinetako emakumeak gaude hemen, eta denok nazkaturik gaude dagoeneko. «Nola onartu daiteke Sergio Sayasek atzo esandakoa?», bota du ilea garbitzen ari zaizkion 80 urte inguruko emakumeak. Atzo, Nafarroako Parlamentuan VOX sartzearen hipotesiaren inguruan UPNkoak adierazi zuen bere alderdiak ez duela inoiz hitzarmenik sinatuko ez abertzaleekin, ez independentistekin, baina beste guztia eztabaidagarria dela. Ez, dena ez da eztabaidagarria, Sayas jauna. BERRIAk jaso du datua Zaurien mapa-n: 2003tik, indarkeria matxistak 98 emakume eta 11 haur hil ditu Euskal Herrian. Eta VOXek Berdintasunaren Legea bertan behera utzi nahi du, parekidetasuna defendatzen dugunoi feminazi deitzen digu eta etorkinak kanporatzearen aldekoa da, besteak beste. Zeharkatu beharko ez liratekeen mugak dira horiek. Baina eskuineko alderdiek bere arduragabekeriarekin VOXen diskurtsoa zuritu dute. Boz gutxi batzuen ordainean inoiz zeharkatu beharko ez liratekeen mugak zeharkatu dira eta orain beldurra dute batzuek.

Faxismoari ezin diogu beldurrarekin erantzun, adoretsuak izateko garaia da, faxismoa borrokatu behar dugu, argi eta garbi izendatu eta gure gizartean onartezina dela aldarrikatu. Epelak izan direla esaten badut, motz gelditzen naiz, eskuineko alderdien jarrera lotsagarria da. Sayasek asteartean bota zituen hitzak lotsagarriak dira. Hemen buruan erruloekin gauden emakumeok argi daukagu: haserre gaude eta haserre horrek indarra ematen digu, borrokarako prest gaude.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna