ARKUPEAN

Karlos V.a

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko martxoak 14
1530eko otsailaren 24an, Boloniako hirian, Klemente VII.a Aita Santuak Karlos Espainiako I.a eta Alemaniako V.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore koronatu zuen. Prozesioan, Klemente Aita Santuaren atzetik Monferratoko markesak, Urbinoko dukeak, Palatinoko kondeak eta Savoiako dukeak desfilatu zuten; Karlosen atzetik, berriz, espainiar eta flandetar nobleziako ordezkari boteretsuenek. Aita Santuak olio sakratua Karlosen buruan isuri ondoren, Karlosen jarraitzaileen oihuak entzun ziren; «Inperioa!», batzuk; «Espainia», beste batzuk. Eta orain, Javier Ortega Smithek, Vox-eko ordezkariak, Europar Parlamentuan esandako hitzen ondoren, «Feminismoa!» ere entzun omen zen Italiako iparraldeko hiri horretan.

Ezaguna egin da irudia, alderdi ultraeskuindarrari aurre egiteko hainbat emakume agertu ziren Europar Parlamentuan emakumeon eskubideen aldeko pankarta batekin, eta haiei Ortega Smithek erantzun zien esanez: «Navas de Tolosa, Lepanto eta Karlos V.a gabe andreek burka jantziko zuten». Beste eztabaida bat mereziko luke aztertzea zergatik Ortega Smithek Karlosentzat erabiltzen duen Alemaniako izendapena; izan ere, Karlos Espainiako I.a izan zen eta Alemaniako V.a. Bitxia egiten zait horren espainiarra den tipoak Alemaniako izendapena aukeratzea; agian herri hartako garai bateko «ordena» eta moduak nahiago ditu gizon honek. Nire osasun mentalagatik nahiago dut horrelako buru baten logika eta funtzionamendua ulertzen ez saiatu. Baina Vox-en filiak eta fobiak alde batera utziz, gehiago kezkatzen nau egiten duten Historiaren erabilpenak. Navas de Tolosa eta Lepanto ez ditu alferrik erabiltzen, lehenak birkonkistari egiten diolako aipamen eta, bigarrenak, otomanoen, hau da, islamaren kontrako garaipenari egiten dio erreferentzia. Ortega Smithen iritziz, Karlos enperadore ultrakatolikoari eskertu beharko diogu emakumeok gure askatasuna. Ez mugimendu Sufragistari, edo XX. mendeko 70eko hamarkadako Feminismo Erradikalari, are gutxiago azken hamarkadetako borroka Feministari, baizik eta nori, eta Karlos enperadoreari.

Gizon honi gogorarazi beharko diogu Karlosek, Monarkia Hispanikoaren buru zenean, bere etsai nagusiak, otomanoak bainoago, izan zirela Europako beste erresuma katolikoak Frantzia bezala, —eta protestanteak ondoren— baina kristauak azken finean. Eta horretaz gain, bera enperadore zen bitartean, Historiak emakumeen kontra bizi izan duen garai latzenetakoa hasi egin zela ere gogorarazi behar zaio; emakumeen adoktrinamendua Vives, Espinosa edo Lujan bezalako elizgizonen liburen bidez, diziplinamendu bortitza sorgin ehizaren hasierarekin edo emakume katolikoaren ideala apurtzen ausartzen ziren guztien kontrako jazarpenarekin. Emakumeok Karlosen garaian ez genuen burkarik eraman, baina bai geunden behartuta gure burua estaltzera ezkontzen ginenetik aurrera edo «monjil» jantzia eramatera alargun gelditzen baginen. Lezio historikorik ez, Ortega Smith jauna.

Ia astebete pasa denean Martxoaren 8ak ekarritako bultzadatik, bestondoaren ondoren, indarrak berritu ditugu. Espektatiba askori egin behar zion aurre Mugimendu Feministak; pasa den urteko arrakasta berresteko gai ote izanen zen? Mezua eta helburuetan sakondu nahi genuen oraingoan; bizitza erdigunean kokatzearen lelopean emakumeok pairatzen ditugun beste motatako biolentzia ez horren agerikoak ere islatu nahi genituen. Egia da agian 2018ko sorpresaren indarra galdu dugula aurten, eta indar horrek eman zigun bizipoza, baina sakontasuna irabazi dugula ere uste dut. Baina, batez ere, aurten eztabaidan edo erdigunean jarri nahi izan dena errelatoaren jabetza da, eta horretan eskuina jo eta su ibili da. Ortega Smithek hori egin zuen pasa den astean, baita Ciudadanos eta bere Feminismo Liberalaren sasi-asmakizunak ere. Narratiba bahitu nahi digute, eta orain guri dagokigu mendeetako borrokaren ondoren irabazi dugun eskubide hori defendatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna