Inaki Galdos
ARKUPEAN

Etxe bat, bi talde

2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Eredugarria ari da izaten Oñatin migratzaileen zentro berriarekin gertatzen ari dena. Erakundeen arteko elkarlana, herritarren elkartasuna, harrera hunkigarria... dagoeneko euren futbol talde bat ere badabil herriko txapelketan. Alkateak aitortu du badakiela gaiak kezka sor dezakeela zenbaitengan, baina, zorionez, ez dirudi hori gertatzen ari denik.

Berrogeita lau urte lehenago, 1974an, beste talde handi bat iritsi zen etxe berera. Ez Afrikatik, Ameriketako Estatu Batuetatik baizik. Eta, aurtengo taldeak ez bezala, ez zuen batere harrera berorik izan, Bilboko aireportutik guardia zibilak eskolta emanda iritsi zirelako Oñatira. Aste batzuk lehenago, gainera, sei bonba ere jarri zituzten talde hark ikasturtea pasatu behar zuen etxe eta inguruetan. Norbaitek ETA aipatu izan badu ere, Jabier Zumalde, El Cabra-ren taldea izan zen, berak idatzia utzi duen bezala.

Laterandar Kanonigoek, Agustindarrek, eraikitako etxea da hizpide duguna. Hirurogeiko hamarkadako sekularizazio prozesuak ia bat-batean hutsik utzi zuena. Ordura arte Uztaritzen eta Arantzazun soilik udako egonaldiak egiten zituzten euskal jatorriko gazte amerikarrek, eta Oñatin jauzi berri bat egiteko aukera ikusi zuten antolatzaileek. Agustindarrentzat ere aproposa zen kontua, oraindik guztiz ordaindu gabe zuten etxetzar hura ordaintzeko.

Sekulako arazoak sortu ziren, ordea, egitasmoa gauzatzeko, 1972an lehen urratsak egin zirenetik. Herrian nagusitzen hasi zen susmo nagusia, CIAkoak zirela zetozenak eta dena agentzia horren estalkia zela Euskal Herrian muturra sartzeko. Ordurako Oñatin zebilen Shelma Huxley ere tartean sartu zuten teoria honen sortzaileek. Horrekin batera, gazte horien gurasoek lurrak erosi behar zituztela, eta enpresa susmagarriak ezarri. Droga kontuak eta sexu-ohiturenak ere denon ahotan. France Soir aldizkariko Roger Colombani kazetariaren erreportaje bat izan zen hautsak harrotzen gehien lagundu zuena, gero Espainiako Cambio 16 aldizkarian ere oihartzuna izan zuen arren.

Ezagutzen ari garen dokumentuei esker ohartzen gara zein zailak izan ziren garai haiek eta nola egon zen arriskuan ekimena. Telesforo Monzon izan zen bitartekari nagusienetakoa, baina gutun gogor baten bitartez hark ere garbi utzi zuen ulertzen zituela jendearen kezkak: «Ez da harritzekoa hainbat abertzalek pentsatzea herria egunen batean amerikar kolonia bihurtuko dela, frankismoaren edota beste gisako opresioen zerbitzura». Bermeak eta konpromisoak eskatzen zituen bergararrak proiektuak okerreko bidea har ez zezan. Antzerako eskaria egin zion Txillardegik Pat Bieter bultzatzaileari bidalitako beste gutun batean. Negoziazioaren eta eztabaidaren erdian Agustindarrak, azken orduan ia atzera bota zirenak: «Zer ibili zarete Iparraldean negoziatzen? Zer misterio dago zuen egitasmoan?».

Dena arriskuan zegoenean, talde hura etortzearen aldeko manifestu bat ere prestatu zen, azkenean argitaratu ez zena. «Gora Euskal Herria! Gora América!» bukatzen zuen, progresoaren alde eta moralismoaren kontra gogor jo ondoren. Bonbak bonba eta guardia zibilaren eskoltak eskolta, azkenean dena baretu zen, eta historikoa izan zen diasporatik egindako urrats hura, Oñatin bertan jarraipena izan zuena, beste formula batzuekin EHUk bere gain hartu arte.

Bitxia da. Euskal jatorriko talde batek etortzeko eta onartua izateko eduki zuen zailtasuna, eta, hamarkada batzuk beranduago, etxe berera iritsitakoan, Afrikako migrante talde batek izandako harrera beroa eta elkartasun nabarmena. Hainbeste berri ikaragarri ikusten dugun garaiotan, batzuetan pozerako betarik ere badago. Dagoeneko aitona-amona bihurtuta dauden Idaho eta Nevadako gazte haiek ikusiko balute afrikar hauei eskainitako berotasuna, irribarrez begiratuko lukete, CIAko agenteak omen zireneko garaiak gogoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.