Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

'Quo vadis?'

2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
1951. urteko pelikularengatik ezagutzen nuen nik latinezko esaldia, eta ongi gogoratzen dut, amonak behin ezjakina nintzela esan zidalako haren jatorrizko aipua tradizio kristauaren hamaika iturrietako batetik zetorrenik ez nekielako, Pedroren Egitateak izenekotik, hain zuzen. Gerora ohartu naiz filmak kontatzen duena baino iradokitzaileagoa dela amonaren bertsioa, atrebentzia handiz, honelaxe eman daitekeena.

Neron enperadoreak kristauen kontrako jazarpenari ekin dio eta egoera erabat gaiztotzen ari dela ikusirik, Pedrok Erromatik ihes egitea erabaki du, bere kideak abandonatuz. Via Appiatik badoa ziztu bizian, etsaiek eta hurkoek ikus ez dezaten, eta halakoan, Jesukristo agertu zaio (ordurako hilik beharko lukeena, portzierto) lepoan gurutze handi bat daramala. Zeharo harrituta, Pedrok zera galdetu dio: «Quo vadis, Domine?»; Kristok, bada, «Erromara bueltan, han berriro gurutza nazaten», erantzun du. Eta Maisuaren sakrifiziorako gaitasunaz ohartuta, eta apur bat lotsatuta nik uste, Pedrok ere atzera egin du bidean, bere erantzukizuna bete egingo duela zin eginda. Gero, gerokoak (spoiler beharrik ez dagoela uste dut).

Joan den igandeko hauteskundeak igaro eta gero, begi guztiak beste Pedro batengana zuzendu dira eta hari luzatzen zaio galdera. Apirilaren 28ak Espainiako gobernagarritasunaren ingerada marraztu du; badakigu non dauden lehian zeuden indar politikoen posizioak, eta badakigu inoizko kanpainarik luzeenean denek edo ia denek beretzat aldarrikatu duten nagusitasunik ez dela existitzen. 78ko erregimenari eutsi dion alderdien sistema nekez ezkon daiteke mapa berriaren koordenatuekin. Denbora behar izango du horrek, bereziki eskuinean, non orain arte nagusi izan den alderdiak bere izana jokoan duen haren gertuenak berehalako botere-gosearen tentazioari eutsi behar dion bitartean. Beste filma gogoangarriak zioen bezala, «bat eta bakarra gera daiteke».

Espainiako alderdi sozialista eskutik aterako da partida berrian, eta, beraz, harentzat da lehendabizi galdera. Quo vadis, Sanchez jauna? Legebiltzarraren mapak lurralde-ordezkaritza argia utzi du. Euskal Herriak eta Kataluniak periferiatik erdi-gunera egin dute jauzi, eta legealdiak dirauen bitartean agerian utziko dute Erromako zimenduak aspaldi zartatu zirela. Via Appiatik ihes egiteko tentazioa handia izango da, baina aukera egon badago, behingoagatik, ezegonkortasun iraunkorretik aldendu eta arazoari heltzeko. Negoziatzea esaten zaio horri, eta iturri klasikoen arabera behintzat, politikaren funtzio gorena da.

Galdera, baina, geure buruari ere egin beharko diogu. Quo vadis, Hego Euskal Herria? Igandeko hauteskundeen biharamunak argi erakusten du erreakzionatzeko gaitasun handia izan dutela EAEko eta Nafarroako boto-emaileek. Erreakzionatzea, baina, nahikoa izango da? Txarrena ez gertatzeko mugitu gaitezkeela erakutsi dugu, baina onena gertatzeko aktibatzeko gauza izango gara?

Hauteskundeek mapa berria sortu dute, baina lehengo lurralde berberean gaude, haren leize itxi eta beldurgarriekin, eta baita ordeka eta elkar topatzeko zelaiguneekin ere. Mapak ez baitira lurralde.

Bestela esanda, hauteskundeek zantzu berriak eman dituzte, baina ez dute errealitate berri bat sortu, lehendik zegoena agerira ekarri baizik. Aukera bat da,eta aukera asko egon daitezkeen arren, ez dira infinituak izango.

Galderak zintzoki egin eta erantzuten jakin behar dugu, arnasa hartu dugulako orain aukera ederra dakusagun bidegurutze berria gurutze-bidea ere bihur daitekeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.