Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Oilaskoak vs. txerriak

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Akabo ikasturtea. Adintzera doazen adingabeek bete dituzte unibertsitateko ikasgelak goizez eta tabernetako barra-bazterrak gauez. Eguzkia kalean ibiltzen da afalordua igarota ere, eta, hotz egiten ez duen egunetan, uda iristear dela ematen du. Irailean estreinatutako liburuak laster erreko ditu San Joan suak, eta San Pedrotik San Migelera bitartean gimnasioetan erretako kalorien erakustaldiak ez dira gutxi izango.

Arkupean ere akabo ikasturtea. Aurreko urteko distopiei lekua kendu diete aurten polo kontrajarriek, bizitza gehienetan gris tonalitate jakin batekoa izanagatik, gutxi batzuetan zuria ala beltza izaten delako: gurpila ez dago «pixka bat zulatzerik». Ildo horri segika ekarri ditut orriotara etxe izan nahi eta barku izan beharko luketen elkarteak, kultura txikiek behar dituzten akuiluak eta kultura handiek banatzen dituzten dominak, alboko hizkuntzen motozerrari begira bizi diren hizkuntza txikietako aizkorak, eta hiztun berrien aurrean izan daitezkeen jarrera franko-alemanak. Euskararen basoa erdi hutsik ikusi dut, autokritikak are hustuago ikusteko ematen duen erraztasunez; eta erdi betea ondoren, lanean ari den euskalgintzaren eta ilusioz dabiltzan euskal herritarren itxaropenari eusteko gogoz. Euskara aurrera doala uste duten agintariek har dezatela «basoa erdi hutsik» artikulua, eta ezaba ditzatela konpondutako auziak; eta geldi gaudela uste dutenek har dezatela «basoa erdi beteta», bide zailenean ere urrats txikiak ikus ditzaten.

Arkupean ere akabo ikasturtea, baina Hego Euskal Herrian hasi besterik ez da egin agintaldia. Osatu dira udalak, banatu dituzte aginte-makilak. Gehiengo absolutuen Taifa erreinuetan kontu erraza da hori, baina halako kasuek literatura arabiarreko fikzioa dirudite azken aldian. Gainerakoetan, Euskal Herri ezkertiar, eskuindar, feminista, konstituzionalista, euskaltzale, frankista, migratzaile, akzionista, pentsionista, errentista, proletario eta abarrek gero eta mosaikoago bihurtu dute hiru-lau kolore zituen bodegoi zaharra; eta lehen gorriak baino ez zirenak orain magentak, bermiloiak, karmin kolorekoak, gorri biziak, gorri argiak eta gorri ilunak dira. Kolorearen tonu zehatza adostu beharra dago. Eta gutxi balitz, kromatismoa are gehiago zailtzen da gorriek, horiek eta urdinek ados jarri behar dutenean; halakoetan, gainera, ohikoena izaten da emaitza marroia izatea, marroi galanta gobernatu nahi duenarentzat.

Akordioak egiteko bi modu daudela diote adituek. Tipologiaren sekretua itungileen inplikazioan datza: izan litezke oiloak ala txerriak (ez naiz ni baserri giroko metaforen zalea, baina abere bi horiek dira enpresa munduko hitzarmenetan aipatzen direnak). Arrautzopila egiteko, oiloaren inplikazioa ezinbestekoa da; ez da tortillarik arrautzarik barik. Arrautzen ekarpenak, ordea, ez dio funtsean inplikazio handirik eskatzen. Gertatu berri diren udalbatzen osaketekin parekatuz, oiloak lirateke egunean botoa emanagatik aurrerantzean inplikazio txikia edo ezdeusa izango duten zinegotziak. Bestalde, txorizoa egiteko, txerriaren inplikazioa berebizikoa da; ez da txorizorik txerrikirik gabe... eta ekarpenak, kasu horretan, txerriaren erabateko inplikazioa eskatzen du. Udal eraketetara itzulita, txerriak lirateke botoa emateaz gain, hurrengo lau urteetarako programa adostu duten alderdi politiko desberdinetako zinegotziak, euren alderdiaren izena jokoan jarriko dutenak hurrengo bozketan.

Txerriak San Martinetan amaitzeko arriskuak askotan oilo (busti) izatera eramaten gaitu, baina ez gara konturatzen (burubako) oiloekin tratuan aritzeak kalte handiak ekar ditzakeela, egun batean arrautzak emateko gertutasuna erakutsiagatik, hurrengo lau urteetan espero gabeko bazter ugaritan ibil daitezkeelako mokoa sartzen, ustez gobernukide ditugunak guztiz kontrajarriak diren kontuak sustatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.