Lehergaia ez da faltako

Osasunak ahalegin handia egin du erasoa indartzeko, Brandon Thomas, Ruben Garcia, Chimy Avila, Marc Cardona eta Adrian Lopez fitxatuta. Hamar milioi euro inguru ordaindu du haien truke.

enaut agirrebengoa
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Lehen Mailako Liga hasteko bi aste eskas falta diren honetan, Osasunak hurrengo sasoirako gidalerroak zehazten jarraitzen du. Proiektuaren muina ez da aldatuko, ondo dagoena bere hartan uztea komeni baita. Alde horretatik, berriz ere talde bizi, zorrotz eta sendoa osatzen saiatuko da Jagoba Arrasate. Hori bai, beste ñabardura batzuk izango ditu 2019-2020 denboraldiko Osasunak, Lehen Mailan ahalik eta lehiakorrena izateko asmoz. Esaterako, are dinamita gehiago izango du. Izan ere, erasoko lerroa lehenetsi du udako merkatuan: zazpi jokalari fitxatu ditu orain arte, eta haietatik bostek aurrealdean dihardute.

Berez, nafarrek ez zuten emankortasun arazorik. Iragan denboraldian, beste inork baino gol gehiago sartu zuten Bigarren Mailan: 59 guztira. Edonola, martxa horri elitean eusteko, lehergai gehiagoren beharra antzeman du Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Ezequiel Avila, Marc Cardona eta Adrian Lopez fitxatu ditu, eta aurreko denboraldian elastiko gorritxoa jantzi zuten Ruben Garcia eta Brandon Thomas erosi. Apustu horiek ahalegin ekonomiko handia eskatu diote Iruñeko taldeari: hamar milioi eurotik gora ordaindu du boskotearen truke. Inbertsio historikoa da, eta golen eta emaitzen bidez amortizatu beharko du taldeak. Handia izango da exijentzia; ez da onartuko orain dela hiru sasoi izandako deskalabrurik.

Ruben Garciarena izan da fitxaketarik garestiena. Gorritxoek kosta ahala kosta eutsi nahi zioten, Lehen Mailara modu gogoangarrian igo zen taldeko jokalaririk onena izan baitzen. Hasieran, Levantera itzuli zen, baina Osasunak berrerosi egin du azkenean, hiru milioi euroren truke. Valentziarra nahieran aritu zen iaz, eskolako jolastokian balego bezala, eta, orain, gorengo mailan ere nabarmentzen saiatuko da. Bigarren Mailan aritu da azken hiru denboraldietan, baina badu eskarmentua elitean: bertan lau sasoi eta 112 partida jokatu zituen Levanterekin, 2012tik 2016ra bitarte. Orain 25 urte ditu, jokalari helduagoa da, eta berriz ere Osasunaren izarra izateko ardura izango du, hegaletatik eta punta-erditik abiatuta.

Brandon Thomas ez dago hura bezain zailduta. Espainiako Lehen Mailan partida bakarra jokatu du, Mallorcarekin, 2012-2013ko denboraldian. 2017-2018koan, berriz, hamaika lehia jokatu zituen Frantziako Lehen Mailan, Rennesekin. Aurrelaria Osasunaren ikurretako bat izan zen iragan sasoian, eta, gorengo mailara igota, bi milioi euroren truke erosi dute gorritxoek. Ez da golegile petoa bost ale sartu zituen aurreko denboraldian, baina Sadarreko zaleek biziki eskertzen dituzten ezaugarriak ditu; besteak beste, izaera grinatsu eta nekaezina.

Zeudenei eustearekin batera, beste hiru jokalari erasokor fitxatu ditu Nafarroako klubak, hirurak ere aurrelariak. Iristen lehena eta, halaber, ikusmin handiena piztu duena Ezequiel Chimy Avila da. Gorritxoek 2,7 milioi euro ordaindu dizkiote San Lorenzori 25 urteko aurrelariaren trukean. Aurreko sasoian Huescan hamar gol sartu ostean iritsi da Avila Iruñera. Espainiako taldea Bigarren Mailara jaitsi zen arren, distira handikoa izan zen argentinarraren jarduna. Denboraldia amaitu bezain pronto, Lehen Mailako talde asko zituen ate joka, baina nafarren eskaintzak limurtu zuen gehien. Kalitatea badu, baita borrokarako gaitasuna ere. Ondo bidean, zaleen kutunetako bat bihurtuko da.

Egokitzen dakite

Oihartzun txikiagoa izan du Marc Cardonaren fitxaketak, baina hura erosteko ere apustu irmoa egin du Osasunak: 2,5 milioi euro ordaindu dizkio Bartzelonari. Katalana Eibarren utzita aritu zen aurreko sasoian, eta ez zuen segidan aritzeko modurik izan. Hamazazpi lehia jokatu zituen, sei titular moduan, eta hiru gol sartu. Edonola, jokalari gaztea da oraindik (24 urte), eta etorkizun oparoa duela deritzote arduradun gorritxoek.

Bestelakoa da Adrian Lopezen kasua, nafarrek azken fitxatu duten jokalariarena. Espainiarrak 31 urte ditu, eta sasoi bakarrerako kontratua sinatu du. Hots, harengandik berehalako errendimendua espero du Osasunak. Eskarmentu handikoa da: hamaika denboraldi jokatu ditu Espainiako Lehen Mailan. Goia 2011-2012ko denboraldian jo zuen, Atletico Madrilen. Espainiako taldeak Europa Liga irabazi zuen orduan, eta erakustaldi ugari egin zuen Adrianek. Txapelketa hartan hamaika gol sartu zituen. 2014an Portora joan zen, eta geroztik behera egin du nabarmen. Deportivon txukun aritu zen orain dela bi denboraldi, baina oroitzen zitzaion mailatik urrun jardun du gainerakoan. Izena eta izana uztartzen saiatuko da.

Gaur-gaurkoz, sei aurrelari ditu Osasunak. Izan ere, Juan Villar eta Xisco gehitu behar zaizkie Brandon, Avila, Cardona eta Adriani. Haien artean, Xisco da errematatzaile peto bakarra, eta litekeena da liga hasi aurretik taldetik irtetea. Ez dirudi tokirik duenik. Gainerakoak ez dira areako jokalariak, moldakorrak baizik, hegaletan ere lasai asko joka dezaketenak. Ezaugarri hori propio bilatu du kirol zuzendaritzak, erasoko hegaletan hutsunea bai tzuen taldeak; areago, Kike Barjak luzerako min hartu ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.