Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Zula ezazue, adarrok, sabaia

2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Pantailak alde batera utzi eta oihaneko esperientzia haurrei ezagutarazteko parada ederra eskaintzen du Ecoute les arbres parler liburuak. La vie secrète des arbres idatzi ondoren, Peter Wohlleben haurrentzat aritu da oraingoan. Hauek basoa ukitu, usaindu eta, zergatik ez, dasta dezaten proposatzen du esperientzia konkretuen bitartez, gurasoekin partekatzeko aukera polita eskainiz.

Zuhaitzak mutu badira ere, komunikatzeko, batak besteari arriskuen berri emateko gai direla ohartarazten digu idazle basozainak, eta hori nola eta usainen hizkuntza erabiliz. Hala nola, konifero batek xomorro baten erasoa jasaten duenean, arbolak erasotzailea harrapatzen duen substantzia likatsu eta garratza sortzen du, alarma jotzeko gisan. Usain mingatza hedatzen da eta horrela inguruko zuhaitzek badakite izerdi berezia ekoitzi behar dutela koleopteroa haiengana iritsi aitzin.

Familia sena bizi omen dute zuhaitzek ere. Pagoen kasua interesgarria da zinez: pago-ezkurrak amaren ondora erortzen dira, eta gazteak bertan hazten dira. Erroen bidez, pago-ama bere kumeen bila doa lur azpian haiekin konektatzeko. Gazteek orduan amaren errotik ur gozoa edaten dute, eta hori baitezpadakoa dute, baso-erridauaren itzalpean ezinezkoa baitzaie fotosintesia beren baitatik segurtatzea, hau da, ezin dute bere azukrea hostoen bidez sortu. Mintegiak itzalean gelditu behar du, bestela eguzkitan landare gazteek azukre gehiegi hartuko bailukete, eta behar baino lehenago hilko lirateke. Pagoentzat pertsonentzat bezala, badirudi azukre soberakina kaltegarria dela...

Zuhaitz-ama zaurituta edo hilzorian dagoenean, ondoko belaunaldiari zuhurtzia mezuak igortzen dizkie, ez karbonoa bakarrik, defentsarako seinaleak baizik, mezuen hartzaileek geroan jasan lezaketen estresari aurre egiteko gaitasuna indarturik. Zuhaitz-amek memorian gordetzen dute gaitzen, tenperaturen, idorte zein hotzaroen esperientzien informazioak.

Udazkeneko orbelaren azpian jokatzen dena harrigarria da. Pagoak eta haritzak barkamenik gabeko borrokan ari dira. Pagoen taktika hauxe: alde batetik erroak haitzenen azpira joaten uzten dituzte, ur guztia hartzeko eta haritzak egarritzeko, eta bestalde, gorago joateko moldatzen dira argitasuna ebasteko. Haritzek hostoak ilunpean izanki ezin dute azukrerik ekoitzi, eta ahultzeko arriskuan daude. Ondorioz, enborrean hostatzen hasten dira, egoera okerrera eramanez, argi gutxiago baita oraino enborraren heinean.

Haurrekin egiteko beste esperientzia bat aipatzen du liburuak: oihaneko internet bilatzea, hots, zuhaitzek ordenagailua zer den ez jakinik ere, Peter Wohllebenek elkarretarik urrun dauden landare handiek oihanpean bizi diren onddoen bitartez mezuka aritzeko gaitasuna dutela dio, guk internet erabiltzen dugun bezalaxe. Arbola batek mezuren bat igorri behar duelarik, likidoa bidaltzen du sustraietan barna, eta onddoek informazioa bideratzen dute, orbela metatzen den lekuetan, hostoen gibelean gurutzatzen diren izpi zuriak erabiliz.

Basoen kudeaketan ari direnek maiz gaizki ezagutzen dituzte zuhaitzen artean dauden konexioak, eta ezjakintasunak oihanen hondatzea du ondorio. Eremu bateko arbola guztiak botatzea arazoa bada, birlandatzea bera ere arazo bilaka daiteke, zuhaitz mota bat edo bi izaki gehienetan landatzen direnak, jatorrizko basoaren bioaniztasuna kontuan hartu gabe, horrek gaitzen hedapena eta ahultzea eraginik. Pagadietan egin diren ikerketen arabera, udako egunik beroenetan batez beste, hunkitu gabe utzi diren pagadiak 3,5°C freskoago dira ustiatuak izan direnak baino, eta bestalde egur eta zur gehiago ematen dute errespetuz tratatuz gero.

Udazken koloreen paletaren edertasunaz haratago, badugu oraindik ere zuhaitzengandik zer ikasia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.