Ander Capa. Athleticeko jokalaria

«Hiru puntu daude jokoan, baina guretzat hori baino gehiago da»

Garaipena San Mamesen geratzea nahi du Ander Capak, eta horretarako «guztia» emango dutela adierazi du. Reala izan da nagusi Athleticen aurkako azken derbietan, eta atzelariak arantza hori kendu nahi du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Partida berezia da derbia Ander Capa Athleticeko jokalariarentzat (Portugalete, Bizkaia, 1992). Bigarren denboraldia du talde zuri-gorrian, eta jokalari garrantzitsua da Gaizka Garitano entrenatzailearentzat. «Gogotsu» dago lehiarako.

Lau puntu lortu dituzue lehen bi jardunaldietan; Bartzelonaren aurka irabazi zenuten, eta Getaferen kontra berdindu. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Positiboa. Jokatutako bi partidetan oso ondo irten ginen zelaira, gogotsu eta intentsitate handiarekin. Bigarren zatietan, ordea,apur bat behera egin genuen. Hala ere, orokorrean, taldeak egindako lanarenbalorazioa ona da. Oso ondo ikusten ditut taldekide guztiak.

Aurkari indartsuen kontra ari zarete jokatzen denboraldi hasieran. Nahiago duzue hori?

Aurkari guztiak dira irabazteko zailak, gehienbat etxetik kanpo jokatzen duzunean. Bartzelonaren kontra partida ona egin genuen, baita Getaferen aurka ere. Etxetik at puntu bat eskuratzea lortu genuen, eta hori oso garrantzitsua da.

Gaur derbia jokatuko duzue Realaren aurka. Partida berezia izango da, ezta?

Bai, derbiak beti dira bereziak. Hemengo talderik onena zein den erakutsi nahi dugu. Beste edozein partidatan bezala, hiru puntu daude jokoan, baina guretzat hori baino gehiago da. Taldeen arteko lehia eta tentsioa handiagoak dira. Ezberdina da derbia. Guztia emango dugu.

San Mamesen jokatzeak lagundu egingo al dizue?

Bai. Etxean jokatzen dugu, eta zaleak hurbil izango ditugu. Haien bultzada garrantzitsua da, asko laguntzen du. San Mamesen Athleticen esentzia mantendu nahi dugu. Ahalik eta gol gutxien jasotzen saiatuko gara, eta puntuak biltzen jarraitu nahi dugu. Aurreko sasoian bezala, San Mames gotorlekua izatea da asmoa. Denboraldi hasieran ez zitzaigun ezer ateratzen, baina gero indartu egin ginen etxean. Horri jarraipena eman nahi diogu.

Zaleentzat ere garrantzitsua da derbia irabaztea.

Bai. Iragan sasoian ezin izan genuen Realaren aurkako partidarik irabazi; ez etxean, ezta beraien zelaian ere. Hala ere, sailkapenean euskal talde guztien gainetik amaitu genuen sasoia. Denboraldi amaieran horri ere erreparatzen diogu, eta lortu genuen. Hala izaten segitzea espero dut. Gaur, hiru puntuak San Mamesen uzten saiatuko gara.

Derbiak lehiatuak izaten dira beti. Gainera, puntuz berdinduta eta konfiantzaz beteta iritsiko zarete bi taldeak. Intentsitate handiko neurketa espero duzu?

Bai. Derbiak beti izaten dira intentsitate handikoak. Urduritasuna nabaritzen da. Dena emango dugu, beste partida guztietan bezala. Ea neurketa irabaztea lortzen dugun.

Nola ikusten duzu Reala?

Fitxaketekin asko indartu da, eta talde ona du. Hala ere, egia esan, ez dut arreta handirik jarri jokatu dituen partidetan. Laburpenak ikusi ditugu. Gu adina punturekin datoz, eta atzetik uzten saiatuko gara. Lehen esan bezala, etxean jokatzen dugu, eta nabaritu egin behar da.

Azken urteetan Reala izan da nagusi Athleticen aurkako derbietan. Bolada hori eteteko gogoz egongo zarete, ezta?

Bai, hori da. Azken sasoian ez genuen punturik lortu haien aurka. Momentu onean gaude, eta arantza hori kendu nahi dugu.

Presioa handitzen du horrek?

Ezetz esango nuke. Badago lehia irabazteko nahia, eta tentsio berezi bat, baina ezin gara horretan zentratu; akats bat izango litzateke. Gure jokoa egin behar dugu, eta, horrela, ondo joango zaizkigu gauzak.

Derbirako prestaketa lana ezberdina al da?

Ez. Besteedozein partida bezala ari gara prestatzen. Asteburuko aurkariaren arabera, modu batera edo bestera prestatzen ditugu neurketak. Reala ligako beste talde bat besterik ez da.

Eta zu, nola zaude?

Oso ondo. Eroso sentitzen naiz. Lasai nago, eta neure buruarengan konfiantza dut. Hegaletik asko igotzen naiz aurrera, eta erasoan min egin dezakedala uste dut. Ea asistentzia gehiago ematen ditudan. Erasoko jokaldietan parte hartzea gustatzen zait; hala ere, garrantzitsuena ondo defendatzea da.

Denboraldi honetan jokatu diren bi partidetan bi asistentzia eman dituzu jada.

Bai. Ez dut gogoratzen iragan sasoian asistentziarik eman nuenik. Ez dut uste. Ea horrela jarraitzen dudan eta denboraldi amaierara bitartean askoz gehiago emateko gai naizen. Garitanok askatasuna ematen digu atzeko lerroko hegalekooi. Atzetik azaltzea gustatzen zait; hegaletik aurrera egiteko gaitasuna dudala uste dut.

Bide beretik jarraitu nahi duzu?

Bai. Ondo doaz gauzak, eta bide berean jarraitu nahi dut. Gauzak ondo doazenean, ezer ez aldatzea da egokiena.

Garitanok konfiantza osoa eman dizu hasieratik. Jokalari batentzat funtsezkoa da hori, ezta?

Bai, eta eskertzen da. Elkar ezagutzen genuen, eta nigan konfiantza izan du. Transmititu didan konfiantza horri zelaian erantzun diodala uste dut. Horrela jarraitzea espero dut. Hirugarren Mailan hasi nintzen berarekin, eta Lehen Mailan ere Garitanorekin egin nuen debuta.

Berizzorekin,ordea, ez zenuen asko jokatu iragan denboraldian. Zer moduz eraman zenuen? Lehen, Eibarren aulkian egotea egokitu zitzaizunean, gaizki pasatuzenuela aitortu zenuen.

Bai. Denbora zen egoera hori bizi ez nuela, eta apur bat lekuz kanpo harrapatu ninduen. Hala ere, erraz egokitu nintzen taldera. Ez nuen jokatzen, baina giro ona zegoen guztion artean. Zerbait igarokorra izango zela pentsatzen nuen. Guztia ematen nuen entrenamenduetan, eta nire aukeraren zain egon nintzen. Banekien iritsiko zela.

Patxada handiagoarekin hartu zenuen, beraz.

Bai. Lasaiago nengoen. Ez nizkion buruari buelta asko eman nahi izan.

Berizzorekin, zuloan zineten orduan. Jokalari batzuek esan dute beldurra sumatu zutela.Zuretzat ere hala izan zen?

Ez da erraza egoera horretan egotea. Partidak igarotzen ari direla ikusten duzu, eta ezin genituen puntuak hirunaka bildu. Presioa handituz zihoan, eta aldagelan urduritasun pixka bat nabari zen. Hala ere, lasai egoten saiatu ginen. Ondo ari ginen lanean, eta bagenekien berandu baino lehen partidak irabazten hasiko ginela.

Zer helburu ditu taldeak sasoi honetarako?

Lehendabizi, derbia dago. Jendearen helburua beti izaten da Europa ligara edo Txapeldunen Ligara sailkatzea, baina denboraldiluzea dago aurretik. Hasi besterik ez gara egin. Pixkanaka ikusiko dugu sailkapenean non kokatzen garen; hazten jarraitu nahi dugu.

Etxetik kanpo zerbait gehiago eman behar zenutela ere esan zenuen duela gutxi.

Bai. Aurreko sasoian kostatu egin zitzaigun etxetik kanpo neurketa onak egitea. Partida asko trabatu zitzaizkigun. Ez genuen puntuak biltzea lortzen, eta, denboraldi amaieran goiko postuetan egotea helburu izanda, horrek eragin handia du. Denboraldi honetan alderdi hori hobetzea espero dut. Eman dizkiogu buelta batzuk. Getaferen aurka, esaterako, oso ondo irten ginen zelaira. Pena izan zen horren azkar berdintzea. Nahi genuen partida egin genuen, nahiz eta ez genituen hiru puntuak eskuratu.

Sasoiko lehen gola Adurizek sartu zuen, azken minutuan, eta atzerako artaziaz. Azken denboraldia du aurtengoa. Nola ikusten duzu?

Ondo ikusten dut. Hobetuz doa urtero, ardoa bezala [barrez]. Denboraldi honetan poz asko emango dizkigula uste dut; azken urtea du, eta ahalik eta ondoen agurtu nahi dugu.

Oraindik gauza handiak egiteko gai dela erakutsi du.

Bai. Bartzelonaren aurka erakutsi zuen, eta ziur nago beste gauza ikusgarri gehiago ere egingo dituela sasoi honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.