AEBek ukatu egin dute Sirian «mugako indar bat» sortuko dutela

Ankarak kurduen Afrin barrutia inbaditzeko planei eutsi die, azalpenak ez baitu «guztiz» gogobete
SDF Siriako Indar Demokratikoen milizianoak, Raqqan.
SDF Siriako Indar Demokratikoen milizianoak, Raqqan. YOUSSEF RABIE YOUSSEF / EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko urtarrilak 19
AEBetako ordezkari militarrek joan den asteburuan adierazi zuten Siriako kurduen miliziak eta horien aliatu arabiarrak oinarri hartuta 30.000 kideko armada bat trebatzen hasi zirela, SDF Siriako Indar Demokratikoek kontrolatzen duten eremuaren mugetan hedatzeko. Siriako Gobernuaren, Errusiaren, Iranen eta, batez ere, Turkiaren haserrea eragin zuen horrek, eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Siriako kurduen Afrin barrutia inbaditzearekin mehatxu egina du. Rex Tillerson AEBetako Estatu idazkariak, ordea, guztia gaizki-ulertu bat izan dela erran du, eta ukatu egin du «mugako segurtasun indar bat» sortzeko laguntzen ari direla. «Turkiarrei azaldu diegu zertan ari gare n, eta hori da tokian tokiko jendeak segurtasunaren ardura har dezakeela bermatzea».

Tillerson Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroarekin elkartu da aste honetan Kanadan, Koreako egoerari buruz hainbat herrialdek egin duten goi bileran. AEBetako Estatu idazkariaren azalpenek ez dute «guztiz» konbentzitu, ordea, atzo CNNTurk kateari erran zionez. Afrin barrutia eta Eufratesen mendebaldeko hegian dagoen Manbij hiria inbaditzeko planei eutsiko dietela adierazi zuen Çavusogluk. Are gehiago, balizko aire erasoetarako Errusiarekin eta Iranekin koordinatuko direla ere erran du.

Hulusi Akar Turkiako estatu nagusiko buruzagia Moskura joan zen atzo, Errusiako ordezkariekin elkartzeko. Asteartean, Joseph Dunford AEBetako estatu nagusiko buruzagiarekin elkartu zen, Bruselan. Herenegun, berriz, Turkiako Gobernuarekin egin zuen bilera, planak aztertzeko.

Damaskoren ohartarazpena

Siriaren ipar-mendebaldean dago Afrin, kurduen gainerako lurraldeetatik banatuta. Eufrates ibaitik ekialdera ez bezala, Afringo miliziek ez dute AEBen laguntzarik. Siriako kurduen alderdi nagusiak, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak, Turkiaren asmoen kontra esku hartzeko eskatu zion nazioarteari herenegun. Siriako Gobernuak, nahiz eta AEBen planen aurka egon, Turkiari ohartarazi dio inbasio bat erasotzat hartuko duela, eta «Turkiaren aireko helburuak suntsitzeko prest» dagoela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna