Julen Gabirondo. Euskadiko sega txapelduna

«Besteen belar biltzaile askok ere ni animatu ninduten»

Euskadiko txapela hirugarren aldiz jantzi zuen Gabirondok iragan igandean Asteasun jokatu zen finalean. Norgehiagoka estua izan zen, eta txapeldunak Mikel Garaialde bi egun lehenago hildako lagun minari eta segalariari eskaini zion txapela.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Xabier Regil Agirre -

2018ko abuztuak 10
Euskadiko segalaririk onena dela erakutsi zuen igandean, beste behin, Julen Gabirondok (Urnieta, Gipuzkoa, 1989). Txapelketa irabazi eta ia astebetera oso garbi du finala buruan.

Hirugarren Euskadiko txapela igandean. Esperoko zenuen aurrean ibiltzea, ezta?

Aurrean ibiltzea bai. Gipuzkoako txapelketan ere bigarren postua lortu nuen, eta final honetan ere irabaztera atera nintzen. Urte osoa ahalik eta txapelketa gehien irabazteko aritu gara prestatzen, eta irabaztera irten nintzen. Hori bai, azken aste oso txarra pasatu nuen. Hasi eta segituan beteko nintzen, edo sekulako saioa egingo nuen ez nekien. Zalantza askorekin atera nintzen.

Zer moduz iritsi zinen finalera animoz?

Alde batetik, motibatuta; sekulako ilusioa egiten zidalako irabazteak, Mikelengatik; eta beste aldetik, pena handiarekin [Bi egun lehenago Mikel Garaialde bere lagun min eta segalaria zendu zen gaixotasun luze baten ondoren].

Eta sasoiz?

Fisikoki ondo nintzen, baina kilo bat eta erdi galdu nuen azken astean; hiruzpalau egunen buruan. Urdailetik gaizki ibili nintzen egun batzuetan, botagurea... Baina larunbat gauean hobeto hartu nuen atseden.

Jokin Etxeberria eta zu zineten faboritoak.

Bai, baina jendeak faboritotzat hartzen gintuen aurreko saioetan aurrean ibili ginelako. Egun txar bat edonork izan dezake, eta argi ibili behar da aurkari guztiekin.

Zer iruditu zitzaizun finala?

Egun arraroa izan zen. Une batzuetan indarrik gabe gelditu nintzen, ahulduta erabat. Beldur nintzen aurreko egun txarrek nire finaleko errendimenduari kalte egingo ote zioten. Ez nekien uneren batean sekulako makalaldia izango ote nuen ala ez. Baina denborak aurrera egin ahala gorputzak eusten zidala nabaritzen nuen, eta Jokinek alderik ez zidala atera ikusten nuen. Pixkanaka soltatzen hasi nintzen, eta gero eta erosoago sentitzen; behetik gora egin nuen.

Hirugarren belarditik aurrera itxura hobea zenuen.

Bai. Hobeto sentitzen hasi nintzen, sekulako animoak jaso nituen alde guztietatik. Besteen belar biltzaile askok ere ni animatu ninduten. Egun berezia izan zen.

Igor Esnaolak esan zuen igandean sega bigarren maila batean gelditu zela.

Hala da. Guztiok Mikel genuen buruan egun horretan.

Non egon zen finaleko gakoa?

Lan konstante bat egitea hasieratik amaierara arte. Gainera, bukaeran apur bat estutzeko aukera ere izan nuen, eta hor Jokinek apur bat behera egin zuela uste dut; hor atera nuen tartea.

Final hunkigarria izan zen.

Hasieratik; finalaren aurretik egin zen minutuko isilunea oso polita izan zen, eta neronek ere sentsazio asko nituen barruan. Gogoratzen naiz lana bukatzeko bost minutu falta zirenean, sekulako maila ematen ari nintzela. Mikel nuen buruan, eta malkoei ezin eutsi aritu nintzen segan.

Azken urteetan txapela mordoxka bat ari zara biltzen.

Orain dela bost urte esan balidate horrelako emaitzak izango nituela, edozein lekutan sinatuko nukeen. Uste dut denborarekin gehiago baloratuko ditudala irabazitako txapelak.

Guztia desafio batekin hasi zen.

Hala da. Asko entrenatu naiz egun hartatik; denbora asko eskaini diot segari.

Finalaren ondoren, atseden hartzeko asmorik?

Ez. Abuztuaren 14an Txekiara goaz, hangoek antolatu duten txapelketa batean parte hartzeko. 750 metro karratu moztea izango da proba, baina norberak zorroztu beharko du sega.

Nola prestatzen duzu zeure burua urte osoan?

Neguan, astean lau entrenamendu inguru egiten hasten naiz, korrika eta gimnasioa normalean. Gero, apiril hasieran, segan hasten naiz berriro. Sei egunetan entrenatzen dut, horietatik hiru edo lau segarekin. Segan ahalik eta gehien egin behar da, denboraldia oso motza da eta; apirilean segan hasi, eta lehen txapelketa, ekain hasieran. Gorputzari egokitzeko denbora eman behar zaio.

Zer duzu gustukoen segatik?

Kirol polita da. Belarretara joan eta zure martxan ibili, betiere naturarekin harremanean. Gainera, gorputz guztia lantzen da. Segan hobetzea beti da motibazio bat, beti dago zer hobetua eta une oro ikasten da zerbait berria.

Etorkizunera begira, segan jarraitzeko asmorik?

Lehen postu honek denboraldia aho zapore onarekin bukatzen lagundu dit, baina azaroan aita izango naiz, eta ea nola uztartzen ditudan bi gauzak. Baina printzipioz bai, gustatuko litzaidake jarraitzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna