mikel elorza
ARKUPEAN

Atseginen baratzetakoak

2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Iñakik dozena bat maria landare zeuzkan etxe aldamenean, jardintxo batean. Urtean zehar erretzekoak handik ateratzen zituen. Beste arrazoi bat dela medio, Ertzaintza inguru hartara joan zen arte. Landareak ikusi, erauzi, eta epaitegiek auzia zabaldu zioten. Epaitu zuten, urte eta gehiagoko kartzela-zigorraren ezpata bizkar gainean. Onik atera zen, hala ere;droga kopurua handia izanagatik ere —epaile eta Poliziaren adituen iritziz—, trafikorako zenik frogatu ez zelakoan. Errugabe, baina auzibidearen tormentua pasatuta; eta landarerik gabe.

Joxe Marik ez dauka samurragoa. Honi 14 dira poliziek atzeman zizkiotenak. Baserri aldamenean, gas-hodiak sartzera joandakoek ikusi eta abisua pasatuta. Abuztuan izan zen, artean landareek kukuluak eman gabe, baina landare handiak zeuzkan. Eta beraz zuztar eta hostoek pisu handia hartzen dute, 10 kilo. Trafikorako erabiltzen dituen aztarnarik ez dago, zuztarrak eta hostoak saltzeko inork ez dituela ibiltzen jakitekoa da, baina halere fiskalari iruditu zaio kopurua oso handia dela, pertsona erretzaile batek urte osorako behar duena baino gehiagokoa, zuztar-hostoak erregarriak direla, eta hiru urteko kartzela-zigorra eskatzen du. Eta kristoren isuna. Dardara batean dago Joxe Mari, eta landarerik gabe.

Eta biak ere, erre nahi badute, trafikatu beharrean.

Trafikatzea baita, Espainian, delitua. Norbere kontsumorako hazi, landatu edo edukitzea ez da delitu. Isuna jar diezazukete txirri edo harri batekin harrapatuz gero, baina delitua izateko droga trafikorako duzula frogatu behar du fiskalak. Askotan ez du horren frogabiderik, ez delako hala, baina hala ere gogor egiten du, kopuru handia trafikoaren aztarna-tzat jotzen baitute auzitegiek. Kontsumitzaile arrunt batek behar duena baino puskaz gehiago baldin badaukazu trafikorako dela suposatzen dute. Urte bat edo bikoa bodegan gordeta edukitzea ardoarekin agian bai, baina ez da komeni drogekin.

Despenalizazioaren alde nago, eta kontsumitzaileen jazarpena salatzen dut. Baina ez erabilera terapeutikoa ematen diotenena bakarrik (Iñaki eta Joxe Mariren kasua hori dela esango nuke, dakarten historia pertsonalarekin behar dutela bizitzen jarraitzeko), baita pour le plaisir erretzen dutenentzat ere.Despenalizazio absolutuarekin alde, gainera:cannabisa, eta kokaina, heroina...

Baina despenalizazioarekin, beste penalizazio batzuen alde ere bai. GHO izeneko inbertsio funts batekin —zeinak egoitza Caiman irletan duen, noski—, Linneo Health SL enpresa sortu du Juan Abello enpresari aberats espainiarrak. Farmazia-industriako jefeetako bat duela 50 urtetik, gizon ospetsu, errekonozitu, saritu eta abarra da (hainbat mezenasgo, administrazio-kontseilu, museo, fundazio eta elkartetako kide ohoragarri). Izena ere mundiala duen enpresa hori cannabisa hazi, landatu eta ekoizteko sortu dute, banatu eta merkaturatzeko asmoz. Delituak hitzez hitz dioena egiten dute, baina baimendua: erabilera terapeutiko eta ikerketakoekin egiten baitute. Hala diote, eta hagintariek utzi. Gizon hau opiazeoen ekoizle nagusia izan da, asko aberastu da horrekin (ere), eta orain cannabisarekin berdin egin nahi du, datorkeen merkatua hartuz. Gobernuak 20.000 hektarea landatzeko baimena emana die berari eta beste gutxi batzuei —hori bai atseginen baratzea: 20.000 futbol-zelai maria!!—.

Joxe Mari kartzelara joan daiteke 14 landarerengatik. Iñaki larri ibili zen. Beste hainbat zigortu dituzte, beste batzuk libre utzi. Eta beste gizagaixo batzuk perdigoi tiroa hartzeko trantzean dira kukulu batzuk lapurtzeagatik.

Bien bitartean, Abello jauna galazko edozein afaritan izango da gaur. Koparen bat hartuko du. Inguruan izango da marra mugimendua, berak akaso ez. Txirririk ez, seguru.

Abello jauna Drogaren Aurkako Fundazioko kide da, esan gabe doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.