Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Bonba semiotikoak

2018ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Eskuin muturrak ba al du presentziarik Euskal Herrian? Zinegotzirik izango al dute hurrengo hauteskundeetan? Zertan oinarritzen da politikoki zuzenak ez diren mezuen arrakasta? Nola egin dakioke aurre? Hona arrapaladan metatutako gogoeta batzuk, esperientzia pertsonaletik abiatuta, betiere.

Joan den urrian ilea moztera joan nintzen. Betiko ile-apaindegia jendez gainezka zegoela, ondoan dagoen beste batera gerturatu nintzen. Bertoko ile-apaintzailea 50 urte inguruko gizon brasildarra da. Lehendabiziko aldia zenez, elkarrizketa nola edo nondik hasi ez nekiela, telebistan ematen ari ziren programa baten inguruan egin nuen nik lehen iruzkina. Pantailan La 2eko El escarabajo verde saioa zegoen, 20 urte baino gehiago dituen ingurumenari buruzko erreferentziazko programa. Iruzkin positiboa egin nuen. Nahi gabe, trumoi-kutxa askatu nuen. Gizona Brasil bizitzen ari den egoeraz hizketan hasi zitzaidan, borborka ia: «Han ez dago tipo horretako programarik. Han eskoletan pornografia erakusten zaie umeei. Maisu-maistrek sexu bereko pertsonen artean harremanak izatera bultzatzen dituzte. Horrore bat da». Skolae programaren inguruan antolatu den manipulazioa etorri zitzaidan gogora, baita Gasteizen porno eskola programaren inguruan sektore ultrek muntatu zuten kalapita ere. Ile-apaintzaileak bere lana amaitu arte ez nuen ahoa ireki; badaezpada ere. Lokala utzi eta gero, konturatu nintzen kanpoko erakusleihoan bi banderatxo zituela ikusgai, Brasilgoa eta ikurrina. Handik egun batzuetara, Jair Bolsonarok aise irabazi zituen Brasilgo hauteskundeak.

Hamar brasildarretatik seik whatsapp erabiltzen dute egunero (Rosa Miriam Elizalde, 2018). 147 milioi boto-emaileetatik 120k egunero kontsultatu dute sare sozial hori kanpainan. Frogatuta dago Bolsonaroren PSL alderdiak milioika dolar inbertitu zuela zibertropak kontratatzeko; zertarako? Bada milaka posta-kontu faltsu, robot eta troll-en bidez sare sozialetan mezu faltsuak masiboki zabaltzeko, era horretan jendartean eragina izateko. Teknologia berriak eta big dataren aukerak gutxienez duela hamar urte hasi ziren erabiltzen marketin politikoan; Barack Obamarekin 2008an, Brexit-aren erreferendumean (2016), eta Donald Trump (2016) eta Macronen hautaketetan (2017).

Daniel Innerarity filosofoak ongi asko kokatu zuen auzia 2012an idatzitako artikulu batean. Bere ustez, «inperialismo kulturala ez da edukien kontua, protokolo kontua baizik; izan ere, erabiltzaileengan antzematen den eraginak markoan du gakoa: hau da, informazioa bilatzeko edo erosketak egiteko diseinatzen diren egituretan».

Sao Pauloko San Carlos Unibertsitateko Piero Leinier irakasleak hogeita hamar urte baino gehiago daramatza instituzio militarrak aztertzen. Folha de Sao Paulo kazetan egindako adierazpenetan, Leinierrek garbi utzi du zergatik irabazi duen Bolsonarok: «Berea ez da propaganda izan. Berea bonba semiotikoa izan da. Mugimendu horiek disonantzia kognitiboa sortzen dute: pertsonak, instituzioak eta prentsa erabat nahasten dituzte. Egoera horretan, Bolsonaro agertu da, ordenaren berrezarle bezala, balio unibertsal etereoei dei eginez; besteak beste, indarra, erlijioa, familia eta hierarkia».

Ezaguna egiten zaizue? Abascal, Casado eta Rivera immigrazioaren fenomenoa lotsarik gabe erabiltzen ari dira era guztietako informazio faltsuak zabaltzeko eta salbatzaile bezala agertzeko. Beste horrenbeste egiten ari dira Kataluniarekin edota Euskal Herriarekin.

Nik ez dakit Vox, C's edota PP alderdiek zenbat eserleku lortuko dituzten hurrengo hauteskundeetan. Ikusten dudana da bonba semiotiko horiek gure artean ere eragina izan badutela. Norbait ari al da estrategia komunikatiboren bat edo prestatzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.