Harritu, ikasi eta jokatu

Paulo Oliveira bigarren sasoia ari da osatzen Eibarren, eta pozik dago Portugalgo erdiko atzelaria. Klubaren inoizko fitxaketarik garestiena ondo moldatu da inoiz jokatu ez zuen estilo «erora».
Paulo Oliveira Eibarreko erdiko atzelaria, atzo, Atxabalpen, entrenamendua amaitutakoan.
Paulo Oliveira Eibarreko erdiko atzelaria, atzo, Atxabalpen, entrenamendua amaitutakoan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko urtarrilak 11
Eibarren, herenegungo entrenamenduan «eskuak berotu» zituzten jokalariek. Berezia izan zen Bartzelonaren aurka etzi jokatuko duten partida prestatzeko lehen lan saioa. Taldekideen eskuak Paulo Oliveira (Vila Nova de Famalicao, Portugal, 1992) «berotu» zuten, erdiko atzelariak kontatu duen bezala. «27 urte bete nituen asteartean, eta, egun horretan jai genuenez, hurrengo egunean bete zuten taldekideek urtebetetzeak ospatzeko erabiltzen dugun errituala». Elkarren ondoan jarri ziren denak, parez pareko bi ilaratan, eta erditik pasatu behar izan zuen portugaldarrak, zartakoak jasoz.

«Polita da halakoak egitea taldearen barruan. Gure arteko giro ona indartzeko balio dute», esan du Oliveirak. Datorren astean biribilduko dute ospakizuna: «Garai bertsuan urteak bete ditugun beste pare bat taldekidek eta nik hamaiketakoa ordainduko diegu beste guztiei». Horra Eibarren zintzo asko betetzen duten beste ohitura bat. «Portugalen ere antzera ospatzen genituen taldekoen urtebetetzeak. Uste dut leku guztietan antzekoa izango dela».

Ez da berdintasun bakarra Eibarko eta Portugalgo ohiturak eta bizitzeko modua elkarren pare jartzen hasita. Bigarren sasoia du taldean, eta 2017ko udan atera zen lehen aldiz sorterritik nazioartera: «Hizkuntza aldetik ez dut arazorik izan, esate baterako. Portugesa eta gaztelera antzekoak dira, eta horrek asko lagundu dit azkar egokitzen». Euskara zeharo ezberdina dela gaineratu du: «Badakizkit agurrak esateko hitzak: kaixo, egun on, agur, gabon...». Solasaldiaren amaieran, «eskerrik asko» ere esanez agurtu da, eta gaur berripaper honek beste erosle eta irakurle bat izango duela ere aipatu du: «Euskal Herri osoan saltzen da?», galdetu du. «Esango diot erosteko Iñakiri [Iñaki Duke, Eibarreko Komunikazio saileko langilea]». Esan eta egin. Argazkilariarekin argazki saioa amaitu eta Atxabalpeko aldagelatara sartu orduko jarri dio lana Komunikazioko langileari.

Portugaldik Euskal Herrira egokitzeko lanean, hizkuntzak baino gehiago lagunduko zion tratuan jatorra eta irekia izateak. Ziurrenik, haren izaeraren ezaugarri on hori ere kontuan hartuko zuten Fran Garagarza kirol zuzendariak eta haren lankideek hura fitxatzeko erabakia hartu zutenean. Futboleko dohain eta ezaugarriez gain, jakina. Eibarrera etorri baino denboraldi bat lehenago izan omen zen lehen ahalegina: «Hemendik joan ziren nire bila, baina Sporting Lisboak ez zuen nahi ni saltzea. 2017ko udan, bai, orduan saldu egin ninduen klubak, eta, beste aukera batzuk ere banituen arren, Eibarrenari heldu nion». Espainiako Ligak erakarrita, neurri handi batean: «Ligarik lehiakorrena da; lehiaketarik onena, nire ustez». Eibarrek ia lau milioi euro ordaindu zituen hura fitxatzeko. Inoiz ez du klubak halakorik ordaindu jokalari batengatik.

Heldu zen hona, eta aurreneko ezustea jaso zuen: «Ikusi nuenean entrenatzaileari nola jokatzea gustatzen zaion, zoratuta zegoela uste izan nuen». Atzeko lerroa hain aurreratuta jartzeari buruz ari da: «Inoiz ez nuen horrela jokatu». Baina onartu egin behar, eta moldatu, ezinbestean: «Hasieran kosta egin zitzaidan. Egin ezazu kontu, batzuetan aurkariaren jokalari kopurua gu atzelariona baino handiagoa izaten da. Baina moldatu naiz, eta, azkenean, zenbat eta jokatzeko modu gehiago menderatu, orduan eta jokalari osoagoa eta hobea egingo naiz».

«Bide onean doa taldea»

Moldatu dela ezin uka, Eibarren ari den denboraldi eta erdi honetan askotan aukeratu duelako Jose Luis Mendilibarrek hasierako hamaikakoan ateratzeko. Etzi ere hala izatea nahiko luke: «Azken bi partidetan aulkian hasi ditut partidak, baina prest nago jokatzeko. Entrenatzaileak erabaki beharko du». Ez da edozein partida etzikoa, Messiren Bartzelonaren aurkakoa: «Badakigu zaila izango dela, baina eman genuen ezustea Real Madrili irabaziz, eta zergatik ez beste balentria bat egin?». Taldearen jokoak, behintzat, konfiantza ematen dio: «Azken bost partidetan berdindu egin dugun arren, hutsa falta izan zaigu garaipenak pilatzeko, eta bide onean goaz. Sailkapenean, ondo gaude, nahiz eta atzealdean ez den ari inor atzean geratzen».

Ez zaio arrotza egingo zelai handi batean jokatzea, Eibarrekin ez ezik, aurretik ere aritua baita halakoetan: «Sportingekin Txapeldunen Ligan aritua naiz Chelsearen eta Borussia Dortmunden zelaietan, adibidez. Ederra da». Ederra izan zen bezala, Portugal duela bi urteko Eurokopa irabazten ikustea: «Nirekin gazte mailako selekzioetan jokatutako asko izan ziren txapeldun, eta asko poztu nintzen». Partida bakarra jokatu du selekzioarekin: «Hemen, Eibarren, lan ona egin behar dut selekzioan gehiago aritzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna