Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Eskaini egin diote

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurten ere izeiaren oinean opari metari begira egon naiz, eta, Eguberriak dakarren kontsumismo sukarrarekin zerikusi handia badu ere, opari trukaketa milurtekoetan zehar jatorri sinbolikoa duen ohitura zaharra ere badela oroitzeak hobendunegi ez sentitzen lagundu nau.

Erromatarren garaian jadanik neguko solstizioaren egunean egin ohi ziren opariak: urtearen lehendabiziko egunean Erromatik hurbil zegoen Strenia jainkosaren baso sakratura joaten ziren berbena biltzera, hortik estreinak hitzaren jatorria. Bildutako berbena ez zen edonori eskaintzekoa, magistratuari baizik. Hautetsi horri ematen zioten herritarrek berbena, besakadaka, eta urte berri zoriontsua opa zioten horrela. Erromatarrak horretan zuhurrak izan ziren, bada, herriko boterea eskuartean duen hautetsia zaintzea beti probetxugarria baita. Gaur egun ematen den eskupekoa orduan agerikoa zen.

Halere, laster berbenarekin aski ez, eta eztia, datilak eta pikuak eskaintzen hasi ziren hautetsiak eztitzeko asmoz agian, eta ondoren gozotik aseko zirenean opariak bestelakoak izan ziren, hau da, dominak, txanponak, eta azkenik dirua eskaintzen zitzaion magistratuari.

Erromatarren aitzineko zibilizazioetan bazen berbena eskaintzearen antzeko usaia; zeltek mihura zuten eskaintzen. Druidek biltzen zuten eta Bretainian oraindik ere urteberritan «au gui l'an neuf!» (mihura bila urte berritan) entzun ohi da, urte berriari ongietorria emateko.

Kristauek, ondotik, 330ean, abenduaren 24an finkatu zuten Natibitatea, eta errege magoek haur sortu berriari eskainitako urrea, intsentsua eta mirra hartu zituzten erreferentziatzat opari egitea justifikatzeko. Sinbolismoz beteriko opariak ziren hauek ere: urreak zuhurtzia adierazten du; intsentsuak, jainkotasuna, eta mirrak, berriz, gorputzaren hildura.

Berantago, Erdi Aroko egutegia erlijioaren arabera finkatua izan zenez, Eguberri aitzineko garaia barau garaia izaten zen, eta Eguberri egunean oturuntz handia prestatu ohi zen zeinean fruitu, gozo eta bixkotx ugari baitzen. Ospakizun horietan usaiakoa izaten zen etxekoei opari xume batzuk egitea, jatekoa gehienetan.

Emeki-emeki haurrei oparitxoak egiteko ohitura arrunta bilakatu zen XVII. mendetik aurrera jendarte giristinoan, baina jaunttoen etxeetara mugaturik. XIX. mende bukaera arte itxaron behar izan zuten herritar xumeen haurrek, saltegi handien sortzearekin batera opariak ere demokratizatu baitziren.

Opariak emateko datak desberdinak dira herrialdeen araberan. Hala nola Europako iparraldean eta ekialdean abenduaren 6an izan ohi da, San Nikolas egunean; urtarrilaren 6an Espainian eta Italian, Epifania garaian. Euskal Herrian abenduaren 24an edota Errege egunean dira opariak banatzen.

Eta gurean 24an izaten da. Aurten erabaki berezia hartu nuen, izan ere: bigarren eskuko opariak eskainiko nituela, kontsumismoari nire maila txikian neurria ezartzeko birziklatzea aterabide onargarria iruditu baitzait. Eta, zorionez, hartzaileak oso gustura gelditu dira. Berbena ere modu batez ukan dute helduek, etxeko landarearekin egindako likorea atera baitut mahaira.

Ez dut haatik ordainez mesede berezirik espero, nahiz etxekoak diren hautetsi izan gabeko nire hautatuak. Eskerrak badagoen oraindik ere elkarrekin partekatzen den une xumea gozatzen dakienik. Eta zuri, irakurle, seguruenik dena eta gehiago daukazun horri, zer diezazuket eman, gaixo ni?

Hauxe badaukat: neguko eguzki zuriak etxeko pikondoaren adar biluzi beltzak dirdirarazten dituen une arrosa agian; bestela, Zokoko gotorlekua more uzten duen ilunabarra, azukre-bixarrezko hodeiak Arta gibelera urtzera doazela. Edo itsasbeherak duen usain lohitsua, batelikuen ipurdi koloretsuak bistan. Eta eskua bete are, hatzen artetik isurtzen deneko doinua entzun dezazun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.