Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Historiako etenak

2020ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Etxekoei selektibitateko azterketak egitea egokitu zaie pandemia baten erdian. Batxilergoa amaitu dute, baina agur-erritualik ez da izango. Beren institutuko Historian zulo beltz bat izango direla esaten dute dramatismo apur batez, handik pasatu izan ez balira bezala geratuko direlako parentesien artean. Hutsune bat egongo da argazki albumetan; agur-festari agur. Tutore eta irakasleak posta elektronikoz agurtu dira, eta ez dakite noiz joango diren gela hutsetara martxoaren erdian han utzitako paper zaharrak (eta ogitarteko zatiren bat edo beste) biltzera. Alarma egoera indarrean sartu zen lehen egunetik, logelak ikasgela izan dira, eta sukaldeko arbela erabiltzen dugu matematikako ariketak egiteko. Ez da egoera samurra eta kexu daude, bakarka ari direlako mastekatzen taldeko sostenguarekin irensten askoz errazagoa dena.

Edonola ere, horri esker (eskerrak ematerik badago, behintzat) zuzenean ikusten ari naiz nola antolatzen diren ikasteko, zein ikasgai zaien astunen, edo zenbat ordu behar dituzten gai bakoitza prestatzeko. Oso aspaldi izan bazen ere, gogoratzen dut ataka horretan ni neu egon nintzenekoa, eta orobat gauzak ez direla gehiegi aldatu ematen du.

Historiako liburu eta apunteak begiratu dizkiet, eta harritu nau ikusteak neuk utzi nuen toki berean amaitzen dela oraindik Historia, eta orduan bezain logikoa iruditzen zaidala gertakarien segida hori. Ia hiru hamarkada igaro diren arren, gure garaian ikasitakoari ez zaio ia deus berririk gehitu, nahiz eta azken urte luze hauetan paradigma aldaketak iragartzen zaizkigun bi egunez behin.

Historiako atal guztiak ospe handiko gertakariekin abiatzen dira, gerra-deklarazio, iraultza edo katastrofeekin, eskuarki. Errealitatean, baina, jazoera nimiñoak izaten dira abiaburuan, suterik handienak ere maiz txinparta txiki batek eragiten ditu eta. Ez dakigu Historiako liburuetako zein orritan irakurriko dugun «ezin dut arnasa hartu» esaldia, George Floydek maiuskularik gabe idatzi zuena zortzi minutu eta berrogeita sei segundoz laguntza eske jardun zuenean lurrean botata, poliziaren belauna lepo gaineko zainak estutzen zizkion bitartean. Bideoz grabatutako basakeria horren aurrean, berealdiko protestak zabaldu dira lau haizeetara, eta oraingoan bai, oraingoan Historiak bere lana egingo duela pentsatzen dugu. Hala izatea nahi nuke, baina ez zait burutik joaten lehendik ere Historiako apunteetan makina bat zirrimarra egin izan ditugula. 1963. urtean Martin Luther Kingek egin zuen ametsa zapuztu zenean, adibidez, edo 1955. urteko abenduaren 1ean, Rosa Parks Montgomery hiriko autobus bateko eserlekuan jazarri zen hartan, adibidez, «nekatuta nago» esanez hizki txikiz erantzun zienean hura ez zegokiola esan ziotenei.

Nire alabek mahai gainean dituzten apunteetan jasotzen den Historia lerro artez bat dela ematen du, mendez mende gertakarien mapa zeharkatu egiten duena kartografia logiko eta aurresateko modukoa marraztuz. Garai bateko gehiegikeriak ondorengo gertakariekin zuzentzen direla, eta etapaz etapa aurrera egiten duen erreleboko lasterketa bat dela eman lezake: belaunaldi bakoitzak bere aurrekoen gabeziak, injustiziaketa mugak gainditu egiten ditu, eta horrekin zulo txiki edo handi berri batzuk agertzen dira, ondokoek ideia eta gertakari berriekin osatu egingo dituztenak hurrengo kapituluan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.