Inaki Galdos
ARKUPEAN

Sigi-sagaka

2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Gipuzkoako alkate ohi batek kontatu zidan aspaldi. Ba omen zihoazen zinegotzi bat eta biak emazteekin igande arratsalde batez paseatzen, eta ibilbidean zehar lauzpabost herritar hurbildu omen zitzaizkien herriko hainbat arazori buruz galdezka. Erantzunak, denak bertsuak: udaltzain buruaren txostenaren zain, arkitektoaren azterketa iristear, erabakia aholkulari juridikoaren esku… Hori ikusita, emazteek serio-serio bota omen zieten senarrei: «Herri honetan nork agintzen du, zuek ala zuen teknikari eta aholkulariek?».

Ez nuke horien guztien eginbeharra gutxietsi nahi, ezinbestekoak direlako gure erakundeetan gauzak zuzen joan daitezen, baina askoren ustea da, sarri, sarriegi erabiltzen ditugula ezkutu gisa konplikaziorik nahi ez dugulako edota ausardiarik ez dugulako hainbat erabaki hartzeko. Normalean, herritarrek badakite non ireki daitekeen taberna bat, non ezin daitekeen etxe bat eraiki edo nola eman behar diren diru-laguntzak, ez dago horretarako txosten askoren beharrik. Herritarrek agintariei eskatzen dietena da lege eta arauak betikotu beharrean, beharrezkoak diren eraldaketak bultzatzeko. Edo, hala behar duenean, beti hutsezinak, sortzez garbiak eta interesik gabekoak ez diren aholkularien iritziei ez itsu-itsuan men egiteko. Beste hitz batzuekin esanda, ez dezatela herritarrek aukeratutako agintarien lana ordezkatu.

Onartu beharrean nago ez dudala ulertzen Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren baitan sortutako adituen batzordearena. Ez dut ulertzen batzordearen sorrera bera, are gutxiago ustez duen zeregina, jakina baita oraindik zehazteko dagoela neurri batean. Irakurri ditudan bitxikerien artean, bereziki asaldatu nauen bat jarriko nuke adibide gisa: ez dakit dagoeneko guztiz baztertua dagoen, baina badirudi mahai gainean egon dela adituei boto ponderatua ematearena, proposatu dituzten taldeen neurriaren araberakoa. Adituak bai, baina gureak.

Hala behar zuen, eta aditu askok eman dute iritzia autogobernuaren lantaldean azken bi legealdietan. Besteak beste, hainbat politikari ohi ospetsu, legelari, soziologo, sindikatuetako buru, filosofo eta irakaslek. Adituen boskote berria osatuko dutenen artean, Alberto López Basaguren birritan egon da, eta Iñigo Urrutia, behin. Ergelkeriaren bat gorabehera, zinez ekarpen interesgarriak entzun eta irakurri ahal izan ditugu. Gure legebiltzarkideek, beraz, izan dute nondik ezagutzaz jantzi, zalantzak argitu, iritziak jaso. Nahi beste. Euren txanda zen orain eta hala ekin zioten… Gutxienez zortzi hilabetez eginbeharra azpikontratatzea erabaki zuten arte. Ez nuke hain urruti joan nahi, baina filibusterismo hutsa dela dioenik ere bada.

Pernandoren egia da, baina badaezpada legegintza-funtzioa duela argitzen digu Eusko Legebiltzarreko web orrialdeak. Horretarako prozedura ere azaltzen digu, gainera. 75 legebiltzarkidek osatzen dute hiru herrialdeetako parlamentua, eta kide gutxien dituzten taldeek bederatzi kide dituzte. Ezin guztiak ezagutu, baina jakin badakit talde guztietan daudela legebiltzarkide egokiak zeregin horretarako. Ber gauza esan dezakegu aholkulariei buruz, 48 talde guztietan banatuta. Eta horien artean ere pertsona trebatuak. Zer esanik ez Legebiltzarrak berezkoak dituen legelariak kontuan hartzen baditugu.

José Luis Cuerda zinemagile espainiarrak pelikula ederra sortu zuen 1988an, Amanece que no es poco (Argitzen du egunak, eta ez da gutxi), batzuek, ez guztiek, surrealistatzat hartua. Bertan, Ngé izeneko pertsonaia bat sigi-sagaka ibiltzen zen kalerik kale. Herriko mutiko batek behin galdetu zion zergatik egiten zuen hori. «Horrela denbora gehiago behar dut ibilbidea egiten, eta hobeto pentsatzen dut nora joan behar dudan» izan zen erantzuna. Aix, zenbat ari naizen gogoratzen Samuel Claxton kubatarraren pertsonaiarekin egun hauetan!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.