ARKUPEAN

Gaitasuna, aukera, desira

Xabier Paya Ruiz -

2019ko urtarrilak 29
Urtarrilaren 17an Baluarten izan nintzen, Euskaltzaindiak antolatutako Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi jardunaldian (bide batez, «gutxiagotu» eta «gutxitu» baliokidetzat jotzen ditu akademiak), eta Jeroen Darquennes hizkuntzalaria bigarrenez entzuteko aukera izan nuen. Arantzazun esan zituenak gogoan ditut oraindik, batik bat, euskararen aldikada honetan hizkuntzalariak bigarren lerrora eta kazetariak, irakasleak eta itzultzaileak lehenengora ekartzea funtsezkoa delako hura.

Harritu ninduen Euskaltzaindiak hizlari bera bigarren aldiz gonbidatzeak, munduan hizkuntzalaritzan aditu gehiago badela ezagun izanik. Zorionez, pelikularen bigarren partea lehenengoa bezain ona iruditu zitzaidan. Lehenengoan hizkuntzaren araugintzaz jardun bazuen, oraingoan hiztunen erabileran jarri zuen arreta, eta, Euskaraldia igaro berritan, gogoeta ezin egokiagoa iruditu zitzaidan gure abagunerako.

Darquennesek, ekarpen interesgarri askoren artean, François Vaillancourt eta beste zenbait irakaslek garatutako marko baten berri eman zuen: COD eredua. Laburtzapenak Capacity (Gaitasuna), Opportunity (Aukera) eta Desire (Desira) hitz-multzoa du jatorri. Ereduari jarraiki, hiztun komunitate baten hizkuntzaren biziberritzea neurtzeko hiru aldagai nagusi daude:

Lehenengoa gaitasuna da. Hiztunak gai izan behar du hizkuntza familian, etxean, auzoan, hezkuntzan eta oro har gizartean erabiltzeko. Beraz, gaitasunaren garapena bermatu behar du administrazioak. Gure esparrura ekarrita, geruza hau da «ezagutza» deitzen duguna.

Bigarrena aukera da. Hiztunak aukera izan behar du eskuratutako gaitasuna baliatzeko, eta, beraz, aukerak sortu behar zaizkio inguruan: eskubideak eta baliabideak izan behar ditu hizkuntza horretan ahoz zein idatziz aritzeko. Aukerak ematea administrazioaren eta gizartearen ardura dira.

Hirugarrena desira da. Gaitasuna eta aukerak izanik, hiztunak hizkuntza erabiltzeko nahia izan behar du, bestela, alferrik da. Desiraren aldagai nagusiak hizkuntzaren irudia edo ospea, eta hiztunen motibazioa dira. Desira, nagusiki, gizartearen erantzukizuna da.

Gurera itzulita, «erabilera» aukera eta desiraren batura da. Hiru elementuen ikuspegiak, aldiz, ezagutza eta erabilera binomioarena baino bista zorrotzagoa eskaintzen digu. Azken batean, iragana ulertzeko eta etorkizuna irudikatzeko betaurreko hobeak dira.

Iraganari begira, pentsa liteke aurreko milurtekoaren azken bi hamarkadetan, Euskal Herriko eremu euskaldunetan, hau da, gaitasuna eta aukerak zituztenetan, erabilera jaistearen motibo nagusia desira izango zela, euskararen «irudi ez modernoak» eta motibazioaren beherakadak, adibidez. Artean, erdalguneetan, hau da, gaitasunik eta aukerarik gabekoetan, hizkuntza sustatzearen aldeko desirak eskolaratuko zituen guraso erdaldunen seme-alaba ugari.

Etorkizunari begira, adostasun politikoek ekar lezaketen ametsen esperoan, hiztun euskaldunok bai ala bai exijitu dezakegun gutxieneko eszenatokia da euskal herritar guztiek izan ditzatela euskaraz bizitzeko gaitasuna eta aukerak, eta desira dutenak aritu gaitezela euskaraz, parekoak horretarako aukera emanik, euskara ez den hizkuntza batean erantzungo badigu ere. Soilik herritar guztiok gure inguruko bi hizkuntzen ezagutza pasiboa bermatuta lortuko dugu «nolabait» euskaraz bizitzea; elkarrizketa asimetrikoak izango dira, hiztun bat erdaraz eta bestea euskaraz arituko baitira, biek mintzaidearen hizkuntza ulertuta, baina bereari eutsita. Ez da askok amestutako paradisua, baina hizkuntz eskubideak betetzeko aukera emango duen gutxieneko destinua da, aurkari zitalenek, asmo zapaltzailerik azalarazi ezean, ezin uka lezaketena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna