Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Gerra hizkuntzaren zergatia

2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun

Hizkuntzaren erabilera ez da inoiz inuzentea. Pandemia honetarako Espainiako Gobernuak gerra hizkuntza bat aukeratu izana ere ez da kasualitatea; «birusa garaituko dugu», «gerra hau irabaziko dugu», «etsai komunari aurre eginen diogu». Horrelako adierazpenak gobernuko presidentearen ahotan, armadako ordezkarien agerraldiak barne, beren militar galarik onenekin apainduak, ez dira kasualitatea ere. Espainiaren batasunean sakontzeaz gain, neurri ultrazentralistak hartu dira, bai erabakiak hartzeari dagokionez, bai Espainiako Estatu osoari Madril bezalako hiri handi baten egoera eta berezitasuna inposatzeari dagokionez, uharteekin edo beste periferia batzuekin zerikusi gutxi izan dezakeena.

Guda hizkuntza honen barruan sakrifizio kolektiboaz hitz egiten zaigu behin eta berriro, askatasun indibidualak alde batera uzteko eskatuz. Helburua populazioa zenbait gidalerrotan doktrinatzea denean (batasuna, goragoko ente baten aldeko sakrifizioa, obedientzia eta diziplina), hizkuntza ez da inuzentea. Ez dira hain ohikoak komunitate edo berdinen arteko lankidetza bezalako adierak entzutea, aldiz, eta hori ere ez da kasualitatea. Egoera latz honek aukera emanen lieke agintariei beste balio batzuk mahaigaineratzeko: erantzukizun indibiduala eta kolektiboa inor atzean utzi gabe (egoera ekonomikoa, soziala eta generoa kontuan hartuz, adibidez), eskumen autonomikoen garapena eta Europa osoko ustezko estatu deszentralizatuenarekiko konfiantza (Alemanian egin duten bezala). Baina ez da horrela izan; nahiago izan dute eta nahiago dute neurri errepresiboak hartzea, polizia-egoera zabaltzea eta gerra-hizkera etengabea erabiltzea. Ez bakarrik hizkera, Iruñeko, Erronkariko edo Euskal Herriko beste kale batzuetatik paseatu diren kamioi militarrek ikusarazi nahi izan diguten bezala. Beste behin ere, Espainiako Erresumaren izaera demokratikorik ezaren isla izaten ari da.

Ez, beldurra izan da orain arte erabili izan den tresna, biztanleriarenganako konfiantza alde batera utzita. Hasieratik entzun izan nuen Europan hartzen ari diren neurriak —kirol indibiduala edo haurren paseoak— ezinezkoak zirela Espainian; bere herritarren izaera arduragabea eta tranpak egiteko joerarengatik. Datuen arabera, ez omen da egia; Europako beste estatuekin alderatuz, espainiarrak ez omen dira arduragabeagoak. Baina horrela balitz ere, berriro ere gizarte demokratikoago bat eraikitzeko aukera galtzen ari garela iruditzen zait; neurri punitiboak soilik martxan jarri beharrean norbanako eta kolektiboengan konfiantza areagotu, mugak zeintzuk diren argi eta garbi adieraziz eta gizarte helduago bati bidea emanez.

Horren guztiaren adibide argia izan da umeen konfinamenduaren inguruan gertatutakoa. Lehenik, beren egoera arinduko zela esan zen, eta, bigarrenik, baimena gurasoetako bati erosketak egitera, bankura edo farmaziara laguntzea baino ez zela iragarri zen. Alde batera utzita agintariek eta gizarteak, oro har, haurrak gurasoen eranskin huts gisa ikusten jarraitzen dutela, eta ez eskubide osoko subjektu gisa, susmoa dut neurri horrek ezkutatu egiten duela gurasoekiko mesfidantza, neurriak ez ditugula errespetatuko eta lehio txiki hau atea zabaltzeko baliatuko dugula.

Bere herritarrak adingabe gisa tratatzen dituen eta adingabeak ikusezin bihurtzen dituen estatu bat ez da bere gizartearen demokratizazioan sakondu nahi duen estatu bat. Ez maila instituzionalean, autonomiak ezgaitzeko erabakiak erakusten duen bezala, ez maila kolektibo edo indibidualean ere. Gerra-hizkuntza erabiltzen duen estatua bere iraganaren garai autoritarioenak gainditu ez dituen estatua baino ez da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.